Onartutako Errege Dekretuak, besteak beste, honakoak aurreikusten ditu: kontzeju ireki gabeko udalerrietako zinegotziak aukeratzeko prozesuaren deialdia, kontzeju irekiko erregimena tradizioz edota araudi autonomikoz onartua duten udalerrietako alkateak, udalaz azpiko lurralde-esparruko auzo-alkateak edota pertsona bakarreko organoak, Kanarietako uharte-kabildoetako aholkulariak, eta Ceuta eta Melillako hirietako batzarrak.
Gainerako hauteskunde-prozesuen deialdia, Errege Dekretuak dioenez, arau autonomikoaren bidez egingo dute: hauteskunde autonomikoak, Balearretako uharte-kontseiluak, Euskal Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak eta Aran Haraneko Kontseilu Nagusia.
Bestalde, erregimen komuneko diputazio probintzialetako diputatuak hauteskundeen ostean aukeratuko dituzte, Hauteskunde Legeetan ezarritako prozedurarekin bat.
Testuak, era berean, hauteskunde-kanpainaren iraunaldia ere ezartzen du. Maiatzaren 6ko gauerdian hasiko da (ostirala) eta maiatzaren 20ko gauerdian amaituko da (ostirala).Horrez gain, hauteskunde-legediak aurreikusitako epeekin bat, Errege Dekretu hau dagokion urteko maiatzeko laugarren igandea baino 55 egun lehenago igorri behar da (kasu honetan, martxoaren 28an, astelehena), eta hurrengo egunean argitaratu (hil bereko 29an). Argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Errege Dekretua ostiralean onartu zuen Ministro Kontseiluak, eta bertan onartu zuten, halaber, bizitza politikoan eta gainerako hauteskunde-prozesuetan ezgaitasunak dituzten pertsonek parte hartzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen Erregelamendua ere, ezgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunerako, diskriminaziorik ezerako, eta eskuragarritasun unibertsalerako Legean aurreikusitako agindua betetze aldera.