FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Injuvek eta FEMPek 300.000 euro bideratuko dituzte tokiko gazte-politiketarako


Osasungintza, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioko Gazteen Erakundeko (Injuve) zuzendari nagusiak, Gabriel Alconchelek, eta FEMPeko idazkari nagusiak, Isaura Lealek, lankidetza-hitzarmena sinatu dute tokian-tokian gazteei bideratutako ekintzetarako.


 
Hitzarmen honetarako 300.000 euro bideratuko dituzte, eta Injuvek eta FEMPek deialdia egingo dute udaletan, gazte-politikak finantzatzeko hiru gairen inguruan:
 
-          Genero indarkeria saihesteko programak, gazteen artean maskulinotasun eredu berriak sustatzeko.
 
-          Osasungintza programak, nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko nerabe eta gazteen artean.
 
-          Gazteen emantzipazio-programak, gazteak lan-merkatuan txertatzera bideratuak.
 
Lehenagotik Injuveren edota FEMPen diru-laguntzarik jaso ez duten udalek lehentasuna izango dute.
 
Injuveko zuzendari nagusi Gabriel Alconchelek adierazi duenez, proiektu hauek finantzatuta Espainiako Gobernuak apustu garbia egiten du toki-administrazioen alde, gazteengandik gertuen dagoen erakunde gisa. Era berean, udalei laguntza ematen diela adierazi du, gazteen bizimodua hobetzeko helburuarekin, herritar hobeak izan daitezen, balio zibiko positiboak eduki ditzaten eta etorkizunari eta lanari itxaropen handiagoz begiratzeko.
 
Gabriel Alconchelek gogorarazi du 2010ean deialdi honetarako 474 udal aurkeztu zirela, eta, azkenean, 166 programa aukeratu zituztela. «Gure kalkuluen arabera, programa hauetan 200.000 gaztek baino gehiagok hartu du parte, eta sekula gure laguntzarik jaso ez duten udaletako proiektu berritzaileak finantzatu ditugu.»
 
Isaura Leal FEMPeko idazkari nagusiak gogorarazi du federazio honek Gobernuarekin etengabeko lankidetza izan duela gazteen alorrean, eta, zehazki, iaz Injuverekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora. Genero-indarkeria saihesteko, osasungintza sustatzeko eta gazteen emantzipazioa babesteko sinatu zuten hitzarmen hori, eta gaurko hitzarmenerako erreferentzia gisa erabili dute.
 
Isaura Lealek nabarmendu du, era berean, udalerriek zeresan handia dutela gazteen alorreko politika integralak garatzeko eta aplikatzeko, gazteen emantzipazioa lortzeko, gizarteratzeko eta bizitza publikoan parte hartzeko.