FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Udalerriek aurrekontuen % 25,8 nahitaezkoak ez diren gastuetara bideratzen dute


Espainiako udalerriek aurrekontuen % 25,8 bideratu zuten nahitaezkoak ez diren gastuetarako 2004-2007 aldian. Batez beste 259,67 euro biztanleko; gehienak segurtasunera, kulturara eta gizarte-zerbitzuetara bideratzen dituzte. «Nahitaezkoa ez den gastua Espainiako udalerrietan 2004-2007» azterlanetik atera dituzte datuok. Lana Bartzelonako Diputazioak eta Bartzelonako Ekonomia Erakundeak egin dute elkarrekin.


 
 
Txostenaren emaitzak Pedro Castro FEMPeko presidenteak eta Bartzelonako Diputazioko presidente Antoni Foguék aurkeztu dituzte, Madrilen. Hala, erakusten dute udalek, diputazioek, kabildoek eta uharteetako kontseiluek baliatutako aurrekontuaren laurdena beren eskumenekoak ez diren zerbitzuetara eta jardueretara bideratzen dituztela, edota beste administrazio batzuei laguntzeko egiten dutela. Gastu horrengatik ez dute inolako finantzaketarik jasotzen.
 
Nahitaezkoa ez den gastuaren bidez, udalek herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea, ekitatea eta eraginkortasuna bermatzen dute, eta antzeko zerbitzuetarako eskubidea ziurtatzen dute, edozein lurraldetan bizi izanda ere. Gastua nahitaezkoa ez izateak ez du esan nahi herritarrentzat ezinbestekoa ez denik. Izen hori hartzen dute hainbat zerbitzutan egiten diren inbertsioek, populazio-tarteen arabera.
Azterketak dioenez, nahitaezkoa ez den gastuak oinarrizko zerbitzuak finantzatzen ditu, baita interes publiko eta sozial handia duten politika eta funtzio publikoak ere. Udalek nahitaezkoak ez diren gastuetarako bideratzen duten zenbatekoa bertsua izan da denboraren joanean, eta antzekoa da udalerri handietan eta txikietan. Gehien-gehiena segurtasunean eta babes zibilean inbertitzen da, baita kulturan, gizarte sustapenean eta beste zerbitzu komunitario eta sozial batzuetan ere.
Gastuaren xede nagusia, txostengileen arabera, lau sailetan banatzen da: segurtasuna eta babes zibila, nahitaezkoa ez den babesaren % 29,6; kultura, % 25,7; gizarte sustapena, % 11,9; eta beste hainbat zerbitzu komunitario eta sozial, % 8.
 
Pedro Castro FEMPeko presidentearen aburuz, azterketa honetako emaitzek erakusten dute zer-nolako arazo estrukturala duten Espainiako udalek. «Autonomia-erkidegoetatik euro bat bera ere ez dugu jasotzen baldintzarik gabe, eta, horrez gain, beren gabeziak estali behar izaten ditugu», salatu zuen.
 
Pedro Castrok adierazi zuen, era berean, horrela ezin dela jarraitu eta premiazkoa dela finantzaketa-sistema erreformatzea eta toki-gobernuen eskumen-esparrua argi eta garbi definitzea. Horretarako, bere esanetan, ezinbesteko baldintza saihestezin bat dago: «Autonomia-erkidegoek baldintza gabeko finantzaketari lagundu behar diote, Konstituzioak agintzen duen moduan, eta, horretarako, autonomia-erkidegoen diru-sarreren partaidetza erregulatu behar da». Bestela, bere esanetan, Espainiako erakunde-eredua hankamotz geratuko litzateke eta aldeetako batentzat bidegabea izango litzateke.
 
Azterketarako, Bartzelonako Ekonomia Erakundeak gastuen aurrekontuaren sailkapen funtzional eta ekonomikoari buruzko datu-basea hartu du, eta Espainia osoko 6.664 udalerritako lagina erabili du (udalerrien % 82 alegia), Ekonomia eta Ogasun Ministerioak emana, 2004, 2005, 2006 eta 2007 ekitaldietako datuekin.
 
Unibertsitate horrek berak lehen ere tankerako beste txosten bat prestatu zuen 2003ko ekitaldiko datuekin. Hala, egileek urte horretatik 2007ra bitarteko batez bestekoekin egin dute lan.
 
Txosten berriaren ondorioek adierazten dutenez, Espainiako udalerrietako nahitaezkoa ez den gastua batez ere ohiko gastuek eragiten dute (% 79,6), eta, horren barruan, langileei ordaintzeko bideratutakoek (% 41,0).  Nolanahi ere, nahitaezkoa ez den gastuaren % 18,3 benetako inbertsioetarako bideratu zuten.
 

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)

28/03/2011

> Ir a la videoteca_x