Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorrak ezarri du txosten hau kontuan hartu behar dela herri administrazioek hurrengo hiru ekitaldietan izango dituzten egonkortasunerako helburuak ezarri ahal izateko.
Posizio ziklikoari buruzko txostena
Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren zenbatespenek honako datuak hartu dituzte oinarri moduan: BPG % 0,3 jaitsiko da 2010ean eta 2011n % 1,3ko hazkunde-tasa izango da, 2012an % 2,5ekoa eta 2013an % 2,7koa. Urtarrilean aurkeztu zen Egonkortasunerako Programako koadro makroekonomikoa eguneratuta ematen dute zenbatespen horiek.
Hurrengo hiru urteetarako aurreikuspen berri horiek Gobernuak ekitaldi hasieran zenbatetsitakoak baino txikiagoak dira; 2011n bost hamarren txikiagoak izango dira eta 2012 eta 2013 urteetan lau hamarren txikiagoak. Aurreikuspen horiek berrikustean 2010eko kontsumo pribatuan, ekipamenduko inbertsioan eta esportazio eta inportazioetan hobekuntzak izango direla azaldu da; horrez gain, eraikuntzak eta enpleguak behera egingo dutela aurreikusi da.Gobernuak duela gutxi onartu duen gastu publikoaren murrizketa planaren ondorioz, kontsumo eta inbertsio publikoak eta transferentzia arruntak beherantz berrikusiko dira 2010. urtean, eta batez ere 2011. urtean.
Dena den, finantza-merkatuetan dauden nahaste handiek eta bizi den ziurgabetasun egoerak erakusten dute zerga politikak egungo ekonomiari eman diezaiokeen laguntzarik onena aurrekontua finkatzeko prozesua azkartzea dela, eta horretarako, finantza publikoen iraunkortasuna bermatuko duten epe luzerainoko neurriak abian jarri behar direla.
Hazkundearen osagaiei dagokienez, eskari nazionalaren kontribuzioa pixkanaka hobetzen joango da: 2010ean portzentajezko -1,4 puntukoa izanik (2009an baino ia bost puntu altuagoa) 2013an 2,4 puntukoa izango da. Kanpoko eskariaren kontribuzio positiboa, aldiz, pixkanaka murrizten joango da: portzentajezko 1,1 puntutik 0,3 puntura 2013an.
Portaera hori ez dator bat krisia hasi baino lehen zegoen kontribuzio negatiboarekin, Espainiako ekonomiaren hazkunde-patroia berrorekatu egin delako eraikuntzaren sektoretik inportatu diren bitarteko kontsumoetan hain intentsiboak ez diren edo esportatzeko joera handiagoa duten beste jarduera batzuetara. Berroreka hori izugarri garrantzitsua da, eta benetan zuzena dela erakusten du Espainiak kanpoko finantzaketaren beharra murrizteak. Izan ere, behar hori murrizten jarraituko da 2013. urtean BPGren % 2,5era heltzeraino.
Bereziki deigarria da ondasun eta zerbitzuen esportazioek izan duten indarra; 2009. urte erditik aurrera portaera positiboa izan dute, munduko merkataritzak bizi zuen suspertze handia aprobetxatu dute, baita azken hiruhilekoetan Espainiaren aldekoa zen inflazio positiboaren diferentzialari lotutako lehiakortasunaren mozkinak eta euroaren balio-galera ere.
Zehazki, 2010eko lehenengo hiruhilekoan, ondasunen esportazioen bolumenak % 13 egin zuen gora kontabilitate nazionalaren arabera; eta apirilean esportazioen eskariek berriz izan zuten aurrerapen garrantzitsua, azken hiru hileetako joerari eutsiz. Horrela, 2010. urte osoan esportazioek % 7 inguruko hazkundea izan dezatela espero da.Lehiakortasuna hobetzeak eragin positiboa izango du zenbatetsitako aldi osoan zehar esportazioek duten hazkundean.
Aurrekontua egonkortzeko helburua
Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun ministroak beste txosten bat ere aurkeztu du Ministroen Kontseiluan, 2011-2013 hirurtekorako aurrekontua egonkortzeko helburuari buruzkoa.Proposamen hori Zerga eta Finantza Politika Kontseiluan aurkeztuko zaie autonomia erkidegoei, eta toki erakundeei Tokiko Administrazioen Batzorde Nazionalean.
2008 eta 2009 urteetan zehar zerga politikak funtsezko zeregina izan du atzerapen ekonomikoaren eragina arintzen eta agenteen konfiantzari eusten. Egonkortzaile automatikoek funtzionamendu osoa izan dezaten ahalbidetu du eta Europako Batzordearen eta nazioarteko beste erakunde batzuen gomendioekin bat datozen aukerazko neurriak hartu ditu. Horrek kontu publikoen desoreka handiagoa ekarri du, herri administrazioen baterako finantzaketa beharra 2009ko BPGren % 11,2raino igo delako, nahiz eta urte bi lehenago aurrekontuak ondoz ondoko hirugarren superabita izan zuen.
Bigarren lehendakariordearen txostenean proposatzen da herri administrazioen defizita hurrengo hiru urteetan pixkanaka jaitsi behar dela, 2013. urtean Europako Batzordean, Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren esparruan, hartutako konpromisoak bete arte behintzat: defizit publikoa gehienez % 3 izatea. Zenbatespenen arabera, 2010. urtean herri administrazioen defizita % 9,3 izango da; 2011. urtean % 6raino jaitsiko da; 2012an % 4,4raino eta 2013an % 3raino.
Administrazio zentralari dagokionez, 2010. urtean % 5,9ko defizita aurreikusi da, baina 2011n % 2,3ra jaitsiko da, 2012an % 3,2ra gehituko da eta 2013an % 2,1era murriztuko da. Autonomia erkidegoentzako aurreikuspenen arabera, 2010ean % 3,1eko defizita izango da, 2011n % 3,3koa, 2012an % 1,3koa eta 2013an % 1,1ekoa. Toki erakundeentzako zenbatespenen arabera, 2010ean % 0,6ko defizita izango da, 2011n % 0,8koa, 2012an % 0,3koa eta 2013an % 0,2koa. Gizarte Segurantzak 2010ean saldo positiboa izango du, BPGren % 0,2koa, eta aurreikuspenetarako kontuan hartu diren beste hiru urteetan % 0,4koa.2010 eta 2011 urteetako defizitek lurralde administrazioek 2008 eta 2009an izan zituzten likidazio negatiboen zenbatekoak erakusten dituzte.
Estatuaren gastu ez-finantzarioaren muga
Gastu ez-finantzarioaren muga hori ezin da zuzenean konparatu 2010ean ezarritakoarekin, autonomia erkidegoen finantzaketa sistema berriak gastuen aurrekontua murriztea dakarrelako, Nahikotasun Funtsak kopuru txikiagoa izatearen ondorioz. Horregatik, eta konparazio homogeneoa egin ahal izateko, autonomia erkidegoen eta toki erakundeen finantzatzeko sistemen ondoriozko gastua ezabatu behar da. Doikuntzak egin ostean, 2011rako gastu ez-finantzarioaren muga 122.256 milioi eurokoa izango da; hau da, 2010eko aurrekontuaren aldean % 7,7 jaitsiko da modu homogeneoan