Deszentralizazioaren eta toki-demokraziaren inguruko bigarren munduko txostenaren aurkezpena
Deszentralizazioaren eta toki-demokraziaren inguruko bigarren txostena, GOLD II, Hiri eta Toki-gobernu Batuak erakundeak (CGLU) egin du, eta herritarrengandik gertuen dauden gobernuek gaur egun zer egoera bizi duten aztertzen du luze-zabal. Aurtengo lanaren ardatza finantzaketa izan da, eta arreta berezia ipintzen die udalerrien eta hirien erronkei egun bizi dugun krisialdi ekonomiko garai honetan.
Tokiko gobernuek krisiari konponbideak topatzeko duten garrantzia defendatzen dute gero eta gehiagok. Hala, txosten honetan ideia hori defendatzen dutenek bizi duten tentsioa salatzen da, baita bitarteko eta eskumenak Estatuari itzultzeko joera ere. Hiri eta Toki-gobernu Batuen arabera, berriro zentralismora itzultzeko arriskua benetakoa da herrialde askotan, nahiz eta toki-gobernuek lan handia egiten duten.
Herrialde batzuetako gobernuek hartutako neurriek, txostenaren egileek esaten dutenaren arabera, deszentralizazioaren joera hautsiko lukete, eta zuzenean eragiten diete iraunkortasunari eta toki-gobernuen lanari; gobernu horien lana garaiotan sekula baino garrantzitsuagoa da gainera, lurralde-garapenerako prozesuak gauzatzeko eta gizarte-kohesioko politikak sortzeko, ezinbestekoak baitira egungo krisiaren eraginak arintzeko.
GOLD II txostenaren emaitzak Bartzelonako Diputazioko presidente Antoni Foguék aurkeztu ditu, eta bertan izan dira, besteak beste, Manuel Chaves Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoko ministroa, FEMPeko presidente Pedro Castro, eta UN-Habitat-eko zuzendari exekutibo Joan Clos.
Txosten honetan gobernuaren hainbat maila daude inplikatuta; hala nola, Giza Kokaguneetarako Nazio Batuen Erakundea (UN-Habitat), deszentralizaziorako elkarrizketa nazionalen proiektu bat koordinatu duena. Proiektu honek Lurralde Politika eta Herri Administrazio Ministerioaren, FEMPen eta Deszentralizazio eta Toki Autonomia Batzordearen (Bartzelonako Diputazioak gidatuta) babesa dauka.
FEMPeko presidente Pedro Castrok azaldu zuen finantzaketa dela gehien arduratzen duen gaietako bat, toki-autonomia ez baitaiteke izan erabat eraginkor finantzaketa-buruaskitasunik gabe. Era berean, baieztatu zuen toki-erakundeen erantzukizuna dela herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna edukitzea, herritarrek haiengan ilusioa ipintzen duten aldetik.
Pedro Castrok gaineratu zuen munduko ia alkate guztiek antzeko arazoak dituztela. Hori dela-eta, deszentralizazioa ezinbestekotzat jo zuen, lurraldearen benetako erronkei aurre egiteko eta osasun demokratikoa bermatzeko; izan ere, gizarte zibilaren partaidetzari mesede egiten dio, baita gobernuz kanpoko erakundeei ere politika publikoak definitzeko. Hala, Castro jaunaren hitzetan, ez dago udalerria baino toki hoberik partaidetza-demokrazia mamitzeko.
Manuel Chavesek, berriz, baieztatu zuen udalerrien aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela demokraziarako, eta, alde horretatik, Gobernuak udalei 2009ko eta 2010eko inbertsio-funtsekin eman dien protagonismoa nabarmendu zuen. Funts horiei esker, Espainiako 8.000 udalerritan baino gehiagotan herritarren bizi-maila hobetu da.
Ministroak, era berean, toki-gobernuek krisiari buelta emateko duten garrantzia aipatu zuen, finantzaketa arazoak arazo. Era berean, defizit publikoa murrizteko egindako laguntza ere nabarmendu zuen.
Txostenaren ondorioak
Txostenak nabarmentzen du badagoela nolabaiteko nahasmen «interesatu» bat deszentralizazioaren auziari heltzean. Deszentralizazioa eta deskontzentrazioa bereizi egin behar dira, azken hori toki-autonomiaren antitesia da. Halaber, munduko toki-gobernuen arteko heterogeneotasuna oso handia dela nabarmentzen du. Europako biztanleek batez beste 3.250 euro gastatzen dute; afrikarrek, berriz, 24.
Ildo horretatik, GOLD txostenak Estatuaren eskumenak poliki-poliki toki-gobernuetara transferitzearen aldeko apustua egiten du, baita zerga-formulak sustatzearen aldekoa ere zerga-gaitasun handiagoa izan dezaten. Ondorioz, diru-sarreretan autonomia handiagoa izango dute. Horren inguruan, adibide bat ipintzen du: Tokioko metropoli-guneko finantzaketaren % 70 bertako zergek ematen dute.
Hiri edota metropoli-gune handietako gobernuak konplexuak izan ohi dira, baina gero eta ohikoagoak ere bai, pentsa daitekeenez. Txostenak dioenez, toki-gobernuaren pareko egitura bati eusteko borondatea nagusitu ohi da, asko aldatzen diren eta muga zabalak dituzten hiri-aglomerazioak kudeatzeko gobernu-formula bereziak behar izaten diren aldetik. Kasu horietan, bereziki garrantzitsua izan ohi da tarteko gobernuek egin ohi duten lana, aglomerazioa osatzen duten toki-gobernuetako bakoitzak baino ikuspegi zabalagoa edukitzen baitute.
Plano orokorragoari helduz, txostenak azaltzen du toki-gobernuen erronka nagusiak direla esleipen garbiak ez izatea eta baliabide gutxi edukitzea. Era berean, hainbat arazo globali ere egin behar izaten diote aurre, hala nola, finantza-krisiari, natur eta ingurumen-bitartekoen krisiari eta krisi demografikoei. Azkenik, azpiegituren alorreko atzerapena ere aipatzen du. Munduko Bankuaren arabera, atzerapen hori konpontzeko 200.000 milioi beharko lirateke urtean hurrengo 25 urteetan.