FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Biodibertsitatea zaintzeko boluntario taldeen lehenengo lehiaketako sarien banaketa


Málagako Udalak, Azuqueca de Henaresko Udalak (Guadalajara), Bullasko Udalak (Murtzia), Villacañasko Udalak (Toledo) eta Palentziako Diputazioak jaso dituzte FEMPeko Biodibertsitatearen Aldeko Tokiko Gobernuen Sareak boluntario taldeentzat antolatutako lehenengo edizioko bost sariak


Biodibertsitatearen Aldeko Tokiko Gobernuen Sareak sareko kide diren tokiko erakundeek abian jarritako jardunbide egokiak zabaltzeko asmoz jarri du abian ekimen hau; zehazki, talde lana sustatzen dutenak eta ingurumena zein biodibertsitatea zaintzeko politikak garatzen dituztenak, herritarren parte-hartze zuzenaren bidez.  
 
Guztira hamabi proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara. Udalen eta diputazioen arteko elkarlanaren ondorio dira guztiak, ingurumen arloko boluntarioek eginikoak, egitasmo berritzaileen bidez tokiko biodibertsitatea babesteko eta zaintzeko.  Eskolako haurrek, gazteek eta adineko pertsonek hartu dute parte ekimen honetan.
 
FEMPen egoitzan izan da sariak banatzeko ekitaldia, eta bertan izan dira Moisés Muñoz Pascual jauna (Jaéngo Diputazioko presidentea), María Luisa Graña andrea (TRAGSAko presidentea) eta Ignacio Torres jauna (Biodiversidad Fundazioko ordezkaria).
 
Saritutako proiektuak
 
Azuqueca de Henaresko Udalak «Salidas de Campo» izeneko proiektua aurkeztu zuen, ingurumenaz arduratuta daudenen artean elkarbizitza eta hartu-emana sustatzera bideratuta.  Boluntario horiek, modu altruistan, kaltetutako espazioak hobetzeko, biziberritzeko eta giza jardueraren eragina gutxitzeko ekintzak egiten dituzte euren inguru hurbilean.
 
Bullasko Udalak «Cada bullense un árbol» proiektua aurkeztu zuen. Egitasmo horren bitartez, udalerriko zenbait inguru kaltetu biziberritzea lortu dute, bertako espezieetako 6.000 zuhaitz inguru landatuz. Horrela, gainera, klima aldaketaren ondorioak arintzea eta erosioa txikitzea lortu dute.  Egitasmoaren bigarren fasean 12.500 zuhaitz landatzea aurreikusi dute; hots, herritar bakoitzeko bana.
 
Málagako Udalak hainbat boluntario taldek eginiko lana aurkeztu du (ikasleek, ikastetxeek, ingurumenean aditu direnek eta abar). Adin tarte ezberdineko jendea biltzen da talde horietan, eta arlo ugari jorratzen dituzte.  Guztiek ere lurraldea babestea helburu dute, bakoitzak bere modura; adibidez, basoak zaintzen, hainbat espezietako zuhaitzak landatzen, hegaztien habitata hobetzen eta itsas dibertsitatea babesten.
 
Villacañasko Udalak oso arlo ezberdinetako pertsonek egindako ekintzak biltzen dituen proiektua aurkeztu zuen; izan ere, etxekoandreak, ikasleak, desgaitasun intelektuala duten pertsonak eta abar aritzen baitira Global Nature Fundazioko ingurumen arloko boluntarioekin batera.  Programa horren bidez, 5.000 kimu baino gehiago egiteko haziak bildu dituzte, eta herritar askok eta askok hartu dute ekimenean parte.
 
Palentziako Diputazioak «Asociación de Guías Micológicos corro de brujas» izeneko ekimena aurkeztu zuen, perretxikozale batzuek egindakoa. Proiektu horretan jende ugarik hartzen du parte; besteak beste, nekazariek, etxekoandreek, ikasleek eta enpresaburuek.  Urtean 52 irteera egiten dituzte, baliabide mikologikoak zaintzeko, haien habitata babesteko eta probintzian diren espeziei buruzko informazioa zabaltzeko.