FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek ekonomia eta enplegua suspertzeko Estatuko akordio handi bat egiteko eskaera egin du


FEMPeko Batzorde Exekutiboak ebazpen bat onartu du gaur bertan, aho batez, ekonomia eta enplegua suspertzeko Estatuko akordio nazionala egin dadin eskatzeko. Ebazpen horren arabera, akordio horretan administrazio publiko guztiek, alderdi politikoek, gizarteko eragileek (enpresaburuek zein sindikatuak) eta finantza erakundeek hartu beharko lukete parte


FEMPek, gainera, Estatuko Gobernuak eta autonomia erkidegoek enplegu politika aktiboak erreformatzeko egingo dituzten elkarrizketa zein negoziazioetan tokiko gobernuak ere egotea nahi du.
Horrez gain, Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa onartu du FEMPek, lurralde horretan, besteak beste, giza eskubideak kontrolatzeko mekanismoak martxan jar daitezela eskatzeko.
Ebazpen horren bidez, tokiko gobernuekin batera Estatuko akordio zabal bat egiteko konpromisoa eta erantzukizuna hartzeko eskaera egin die FEMPek Gobernuari, autonomia erkidegoei, alderdi politikoei, enpresaburuen elkarteei eta sindikatuei, ekonomia zein enplegua suspertzearren eta finantza arriskuak ekiditearren beharrezko neurriak hartzeko. Elkarlanean aritzeko deia egin dute, beraz, herritarren artean beharrezkoa den konfiantza zabaltzeko eta merkatuak egonkortzen saiatzeko.  
Era berean, Gobernuaren eta autonomia erkidegoen arteko elkarrizketa eta negoziazioetan parte hartzeko eskatu die tokiko gobernuei, enplegu politika aktiboak lehenbailehen erreformatzeko.
 
FEMPeko presidente Pedro Castrok Batzorde Exekutiboaren bilera bukatutakoan adierazi zuenez, ebazpen horren bidez zera adierazi nahi die federazioak inplikatutako alderdi guztiei: «Eskuzabaltasun politikoz jokatzeko garaia dela, ika-mikak alde batera utzi eta guztiok norabide berean aritzekoa, elkartasunez, Espainiako ekonomiaren abagune zail hau gainditzeko».  Ildo beretik, tokiko gobernuek «orain arte beti egin duten bezala, leialtasunez eta erantzukizunez, udalerri, probintzia eta irletan neurri eta akordioak aplikatzen laguntzeko» konpromiso irmoa dutela berretsi zuen.  
 
Ebazpenaren testuak dioenez, hain da gogorra krisi ekonomiko hau, erantzun bateratua eskatzen duela, oinarrizko zerbitzu publikoen kalitatea eta herritarren eskubideak kaltetu gabe. Gainera, finantza egoerak eta merkatuen presioak ezegonkortasuna sor dezaketela ohartarazten du, eta horrek kolokan jar dezakeela krisiak eragindako arazo ekonomikoei eta finantza arazoei aurre egiteko gaitasunaren inguruko konfiantza.
 
Era berean, gogorarazi du Espainiako Gobernuak eta inguruko herrialdeetakoek neurriak hartu dituztela arriskuei aurre egiteko, eta neurri horiek erakundeen eta alderdi politiko esanguratsuenen babesa jaso dutela askotan. Horren erakusle dira Parlamentuak harturiko akordioak eta alderdi politikoen adierazpenak.  
 
FEMPek adierazi du tokiko gobernuek babesa emango dietela Espainiako Gobernuak defizit publikoa murrizteko abian jarri dituen neurriei, «soiltasunez eta aurrekontua zorroztasunez betez, baina betiere oinarrizko zerbitzu publikoen kalitateari eutsita». Ekoizpen eredu berriak berrikuntza, ekonomiaren zein ingurumenaren iraunkortasuna eta gizarte kohesioa ditu oinarri, eta federazioak azaldu du erabateko babesa emango diela ekoizpen eredu horren alde egindako berrikuntzei.
 
Honako hauei helarazi die FEMPek dokumentua: Gobernuko presidenteari, Kongresuko eta Senatuko presidenteei, autonomia erkidegoetako presidenteei, alderdi politikoetako idazkari nagusiei, sindikatuetakoei, enpresaburuen CEOE elkarteari eta banketxeetako zein aurrezki kutxetako presidenteei.
 
Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa
 
FEMPek Mendebaldeko Sahararen egoera larriaren inguruko kezka azaldu du eta irmoki gaitzetsi ditu Aaiun hiriko Agdaym Izik kanpalekua eraisten ari zirela gertatutako istiluak.
Federazioak aho batez onartu duen mozioan, Espainiako tokiko gobernuetako ordezkariek deitoratu egin dituzte erailketak eta elkartasuna adierazi diete biktimen, zaurituen eta desagertuen familiei.
 
Bestalde, Nazio Batuetako organoei Mendebaldeko Saharan giza eskubideak kontrolatzeko mekanismoak ezartzea eskatu behar zaiela esan du FEMPek, eta behar beste informazioz hornitzea, Nazio Batuen gidaritzapean ikerketa independentea egiteko.
 
Mozioak, gainera, NBEk Mendebaldeko Saharan duen egitekoa (MINURSO, alegia) luzatzeko erregutu du, eta zera galdatu die borrokan dauden aldeei, gatazkari irtenbidea emateko eta Magreb zabal eta demokratikoa eraikitzeko: «baretu daitezela eta ez dezatela inolako indarkeria ekintzarik egin».
 
Beste alde batetik, gaitzetsi egin ditu kazetari europar ugarik prentsa eta informazio askatasunaren aurka pairatu dituzten erasoak, eta kazetariei, ikuskatzaile independenteei eta erakunde humanitarioei askatasunez sartzeko baimena emateko eskatu dio Marokori.
 
FEMPek Kanpo Arazoetako Ministeriora eta Espainiak Marokon duen enbaxadara helaraziko du mozio hori.
 
Boluntarioen Eguna
 
Nazio Batuetako Biltzarraren erabakiz, abenduaren 5ean Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harian, tokiko gobernuek boluntarioen lanari elkartasuna eta babesa publikoki adierazteko eskaera egin die FEMPek Espainiako udal guztiei.  
 
FEMPek udal guztietara helaraziko du Zuzendaritzak onartutako mozioa, herritarrak egun horretarako antolatutako ekimenetan parte hartzera anima ditzaten, bai eta, oro har, 2011n, Boluntarioen Europako Urtean, izango diren guztietan ere.
 
Hilerriak eta errausketa zerbitzua
 
Bi erregelamendu eredu onartu ditu FEMPek, udalek udal hilerri eta errausketa zerbitzuak arautzeko irizpideak eskura izan ditzaten.  
 
Proposamen bietan, besteak beste, honakoak xedatzen dira: zerbitzuaren, zuzendaritzaren eta kudeaketaren oinarriak; erabiltzaileen eskubideak; erreklamazioak; lan osasuna eta langileen prestakuntza; zerbitzuak nola eskatu; higiene baldintzak eta tarifak.  Errausketa zerbitzuen kasuan, gainera, alderdi zehatzak jasotzen ditu erregelamendu ereduak; hala nola, instalazioak non kokatu behar diren, erritu sozial eta erlijiosoak nola egin behar diren eta errautsak non gorde behar diren.
 
Hitzarmenak
 
Zuzendaritzak oniritzia eman dio hainbat lankidetza hitzarmenen edukiari. Horien artean, bi dira nabarmentzekoak: Lurralde Politikarako eta Administrazio Publikoko Ministerioarekin toki erakundeetan karga administratiboak murrizteko sinatuko duen hitzarmena, eta Espainiako udalerrietan ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzeko IDAErekin sinatuko duena.

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)