FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Toledoko adierazpena: lurralde-kohesioaren eta garapen iraunkorraren alde


Espainiako udal txikiek nahi dute baserri- eta landa-inguruari garapen-tratamendu berezia ematea, hiriko tratamenduetatik bereizita. Horrez gain, eskatzen dute, ikuspegi territoriala eta integrala erabilita, Administrazio guztiek lurralde horiei laguntzeko ahalegin berezia egin dezaten. Eskaera hori horrela jaso da Toledoko adierazpenean, eta hori irakurrita itxi da udalerri txikien I. kongresua; FEMP erakundeak antolatu du kongresua, eta biztanle gutxi duten udalerrietako alkate eta zinegotzi asko izan dira han parte hartzen, guztira, bostehun inguru.


 
 Adierazpena Toledoko Diputazioko buruak, José Manuel Tofiño jaunak, irakurri zuen, eta bertan argi azaldu zuen udalerri txikiek oso balio positiboak dakartzatela, ingurumena ondo zaintzen dutelako eta, kulturari eta historiari dagokienez, oso altxor baliotsua gordetzen dutelako landa-inguruan.
 
Testu horretan adierazten denez, FEMP erakundeak garapena sustatzen lagunduko du landa-inguruan, eta, batez ere, atzerapen erlatibo handiagoa duten lekuetan; beraz, lurraldearen garapen endogenoa indartu nahi dute, era horretara, inguru horietako biztanleen bizimodua eta egoera hobetzeko; argi dago, horretarako, neurri berean hobetu eta egokitu behar direla egiturak, ekoizpen-moduak, zerbitzuak, azpiegiturak eta ingurumen-balioak.
 
Helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkoa da tokian tokiko Gobernuek eta gainerako administrazioek batera jardutea, eta, era berean, ezinbestekoa da lurraldeari buruzko ikuspegi berria bultzatzea eta kooperazio- nahiz planifikazio-modu berriak indartzea; hiri handiek, gune metropolitanoek eta inguruko udalerriek lurralde osoa elkarrekin koordinatuta planifikatu behar dute, era horretara, hazkundea bateragarri izan dadin garapen iraunkorrarekin eta bizikidetzarekin.
 
Proposamenak
Udalerri txikien ordezkariek proposatutakoaren arabera, besteak beste, zerbitzu publikoak zabaldu, egituratu eta hobetu behar dira landa-inguruetan, halaxe agintzen baitu landa-ingurunera Garapen Iraunkorra ekartzeko Legeak. Era berean, biztanle-kopuruari eusten jarraitzea nahiko lukete, eta, horretarako, beharrezkoa litzateke azpiegiturak, enplegu-politikak eta zerbitzu publikoak ahalik eta gehien sustatzea, nahikoak, neurrizkoak eta kalitatezkoak izan daitezen.
 
Horrez gain, eskatu dute landa-inguruan egiten ari diren inbertsio-ahalegin horri eustea, hirietako biztanleek eta landa-inguruetakoek duten bizi-maila antzekoagoa izan dadin. Horri lotuta, komunikazio-teknologiak eta azpiegiturak landa-inguruetan zabaltzea ere eskatu dute, jarduera ekonomikoa, profesionala, kulturala eta soziala bultzatzeko ezinbestekoa da-eta.
 
Udalerri txikiak kudeaketa iraunkorraren aldeko direla ez dago dudarik; baina nahi dute gizarteak jarrera hori aitortzea eta saritzea nolabait, azken batean, herrialde osoko ondare natural eta kulturalaren zati handi bat eurek kudeatzen eta zaintzen dutelako; ordainetan, nahi lukete landa-turismoa sustatzea, hori izan liteke-eta ardatz dinamizatzaile, enplegu-sortzaile eta ongizate-iturri.
 
Udalerri txikietako alkateek adierazi dutenez, mankomunitateek ere lan handia egiten dute, eta, beraz, mankomunitateak eta Diputazioak indartzea eskatu dute.Horri lotuta, eskatu dute, oinarrizko lege berriak udalerriei esleitutako eskumenetako batzuk ezin direnean udalerri txikietan baliatu (kudeaketa- edo administrazio-ahalmenik ez dutelako), orduan Diputazioek lagundu behar luketela zeregin horietan. Horrenbestez, esan dutenez, Diputazioak udalerriekin lankidetzan aritzeko erakundea izan behar du, oso espezializatua, eta bere lan guztia udalerrien beharrizanei zuzenduta egin behar du.

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)