FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek iraunkortasuna aldarrikatzen duen estrategia orokorraren alde egin du CONAMA10 biltzarrean


FEMPeko Biodibertsitatearen Aldeko Tokiko Gobernuen Sareko presidentea den María Antonia Pérez andreak proposamen bat luzatu dio Gobernuari: elkarrekin estrategia orokor bat definitzea, estrategia horren bidez baliabide naturalak zaintzeko ekimenak martxan jartzeko, ondare naturala areagotzeko, ura zentzuz erabiltzeko, habitatak babesteko eta, era berean, klima aldaketaren aurkako udal politikak garatzea ahalbidetzeko


María Antonia Pérez andreak Iraunkortasunaren Aldeko Herrien eta Hirien Tokiko 4. Topaketaren inaugurazioan hartu du parte, eta ekitaldi horretan bertan izan dira Íñigo de la Serna jauna (Santanderreko alkatea eta Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sareko presidenteordea) eta Beatriz Corredor andrea (Sustapen Ministerioko Etxebizitza eta Hiri Ekimenen Estatuko idazkaria).  
 
Guadalajarako Diputazioko presidenteak adierazi du FEMPek Gobernuarekin duen elkarlan esparru egonkorrari esker bultza daitekeela estrategia hori, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren bitartez.  Haren esanetan, Ministerio horren babesa ezinbestekoa izan da Biodibertsitatearen Aldeko Tokiko Gobernuen Sarea eta Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sarea sortzeko; eta, gainera, sare biak erreferente bihurtu dira bai Espainian, bai nazioartean, klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta biodibertsitatea aberasteko.
 
Gaur egun, tokiko 297 erakunde daude Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sarean, 28 milioi herritar inguru biltzen dituztela, eta 228 udal Biodibertsitatearen Aldeko Tokiko Gobernuen Sarean, 23 milioi herritar ordezkatuz.
 
María Antonia Pérezen ustez, ingurumen arazoak konpontzeko ezinbestekoa da alor guztiak jorratuko dituzten politikak egitea; hau da, udal kudeaketaren arlo guztietan hartu behar dira kontuan iraunkortasuna, arrazionalitatea eta balio naturalen babesa. Era berean, hiru ardatz horiek kontuan izan behar dira erabakiak hartzeko garaian.  Sarean lan egitearen garrantzia ere nabarmendu zuen, politika komunak eta koordinatuak izanda. Era berean, tokian tokiko gobernuek udalerri iraunkorrak lortzeko bidean egiten duten ekarpena ere beharrezkoa dela gaineratu zuen.
 
Hiri iraunkorrak
 
Iraunkortasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sareko presidenteak hiriari eta iraunkortasunari buruzko mahai-inguru batean hartu zuen gero parte, Espainiako beste zenbait udalerritako ordezkariekin batera.  Foro horretan, tokiko gobernuek, udalerrien tamaina eta kokapena edozein direla ere, hiri espazioak hobetzeko, baliabideak babesteko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko egiten ari diren lana goraipatu zuen.
 
Zehazki, hiri mugikortasunaren inguruko tokiko politikak izan zituen hizketagai: nola txertatu duten iraunkortasunaren irizpidea, nola egin duten energia berriztagarrien aldeko apustua, nola aurrezten duten energia eta nola erabiltzen duten eraginkortasunez...  Horrez gain, udalerrietan baliabide hidrikoen erabilera optimizatzeko egiten ari diren lana goraipatu zuen, baita hondakinak berotegi efektuko gas isuriak ahalik eta gehien gutxitzeko moduan kudeatzeko sistema iraunkorren garapena ere.

25/11/2010

> Ir a la videoteca_x