Pedro Castrok eskerrak eman dizkie alkateei 2010ean oinarrizko gizarte zerbitzuei eusteko egindako ahaleginagatik
Bestalde, jakinarazi du bere nahia dela Gobernuak laster helaraztea Tokiko Gobernuaren Lege berriaren edukia Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioari, dokumentua aztertu nahi baitute Ministroen Kontseiluak onartu baino lehen. Horretarako, Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politikako ministro Manuel Chaves Federazioaren egoitzara gonbidatu nahi duela erantsi du, aurreproiektuaren xehetasunak azal ditzan.
Urteko azken bileran, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioaren Batzorde Exekutiboak zenbait lankidetza hitzarmenen (batik bat garapenerako lankidetzari buruzkoak) edukia eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna (abenduaren 18a) dela-eta egindako adierazpena onartu ditu.
Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak eta Emakumearen Institutuak berdintasunaren alorreko egitasmoak eta jarduerak egiteko lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Hainbat ekintzaren artean, emakumeentzako enplegu politika aktiboak garatzeko esperientzien laborategia sortzea aurreikusi dute.
Hitzarmen horrez gain, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak beste lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Nazioarteko Lankidetzaren Estatuko Idazkaritzarekin, bi erakundeek batera egiten dituzten jarduerei jarraipena emateko, eta, bereziki, 2011-2012 aldirako Bi Urteko Plan Operatiboaren –bertan dago sartuta MUNICIPA Programa– gauzatzea erregulatzeko.
Bestalde, lankidetzaren alorrean ere FEMPek Latinoamerikako Hirien, Udalerrien eta Tokiko Gobernuen Elkarteen Federazioarekin (FLACMA) lan egingo du Haitiren garapenean laguntzeko, herrialde horretako udal egitura indartuz. Horretarako, kargu hautetsiak eta teknikoak trebatuko ditu.
Era berean, Boliviako Udal Elkarteen Federazioarekin (FAM-Bolivia) eta Udalerrien Arteko Lankidetzako Paraguayko Erakundearekin (OPACI) sinatutako hitzarmenek herrialde horietan jarduerak egitea erraztuko dute, MUNICIPIA Programaren esparruan.
Tokiko gobernuak integrazioaren alde
Datorren abenduaren 18an ospatuko den Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela-eta adierazpen bat onartu du FEMPek. Adierazpen horretan udalei, diputazioei, kabildoei eta uharteetako kontseiluei integrazioaren eta gizarte kohesioaren alde garatzen ari diren ekintza guztiak indartzea eskatu die.
Era guztietako bazterkeriaren aurka lan egiten jarraitzeko konpromisoarekin, sentsibilizazio lana areagotu dezatela eskatu die Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak udalerriei, batez ere generoari, gazteriari, bizilagunen arteko bizikidetzari eta espazio publikoen erabilerari dagokienez. Halaber, agerian jarri du guztion erantzukizuna aniztasunaren benetako integraziora eramango gaituzten formulak bilatzeko lanean jarraitzeko, bizikidetza osoa eta gizarte hartzailearen erabateko kohesioa guztiz bermatzeko.
Txartel gorria tratu txarrak ematen dituenari
Bilera amaitu ondoren, FEMPeko Batzorde Exekutiboko kideek posatu egin dute tratu txarrak ematen dituztenei txartel gorria ateratzeko. Horrela, Gobernuak bultzatu duen genero indarkeriaren kontrako kanpainarekin bat egin dute.