FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Rosa Aguilarrek eta Pedro Castrok hirietako airearen kalitatea hobetzeko protokoloa sinatu dute FEMPen


FEMPek eta Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruetako Ministerioak hiri iraunkorragoak eta osasungarriagoak lortzeko batera lan egingo dute. Horretarako, hiriguneetako airearen kalitatea hobetzeko jarduteko protokoloa sinatu dute. Herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko jarduerak egingo dituzte, eta informazioa trukatuko dute.


  

Hitzarmena Rosa Aguilar Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruetako ministroak eta Pedro Castro FEMPeko presidenteak sinatu dute, federazioaren Zuzendaritza Batzordearen bilera amaitu ostean. Bileran izan da ingurumen-ministroa. 

 

Protokoloa bi erakundeek otsailean egindako bileran hitzartu zuten ekintzetako bat da. Bertan, atmosferaren kutsadurari aurre egiteko Gobernuaren neurriak adostu zituzten, eta baita tokian tokiko gobernuek eta autonomia-erkidegoek izango duten partaidetza ere FEMPen bitartez airearen kalitate-planak egiteko.

 

Informazioa trukatzeaz eta herritarrak sentsibilizatzeko jarduerez gain, protokoloak aurreikusten du toki-ordezkariek modu aktiboan parte hartuko dutela lantaldeetan, bileretan eta Airearen Kalitaterako Espainiako Plana eztabaidatzeko foroetan.

 

Ministerioak airearen kalitateari buruzko ebaluazioen emaitzak udalerriei helaraziko dizkie, baita kontrol-estazioetan neurtzen diren kutsadura-iturrien diagnostikoak ere. Halaber, udal-teknikariek Ingurumen Hezkuntzarako Espainiako Zentroak antolatzen dituen truke-sareetan parte hartzea sustatuko du; esate baterako, «Klima aldaketari hezkuntzaren eta komunikazioaren bidez erantzuten» sarean, edota Etxe Berdeak sustatzaileen sarean.

 

Bilera prestatzeko lanak

 

Gaur goizeko bileran, FEMPeko Zuzendaritza Batzordeak hamargarren batzarrean eztabaidatuko dituzten ebazpenak irakurri ditu lehendabizikoz. Batzarra azaroan egitea aurreikusi dute, eta, bertan, federazioko zuzendaritza-karguak berrituko dituzte, maiatzeko hauteskundeetan sortzen diren toki-korporazio berriak osatu ostean.

 

Zehazki, eztabaida-mahaiak onartu dituzte eta bileran parte hartzeko errolda ixteko eguna zehaztu dute. Udalen, diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen atxikitze-hitzarmenek hamargarren batzarrerako balio izan dezaten, 2011ko uztailaren 31 baino lehen onartu beharko dira. Hitzarmen horien jakinarazpena FEMPen erregistroan jaso beharko da irailaren 1a baino lehen.

 

Ibilgailuen zerga

 

Era berean, Toki Ogasunen Batzordeak helarazitako proposamena baztertu du Batzorde Exekutiboak; hain zuzen, trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga ibilgailuaren balioaren eta CO2 isurien arabera aldatzeari eta ibilgailuak homologatzeko Europako araudiari buruzkoa. Alderdi Sozialistako ordezkariek kontrako botoa eman zuten, CiU eta PAR abstenitu egin ziren, eta Alderdi Popularrak, berriz, aldeko botoa eman zuen.

 

Tarifa finkoa 010 zenbakietarako

 

FEMPek indarrean dagoen araudia aldatzea eskatuko du, 010 informazio-zerbitzura egiten diren dei guztiak dohainik izan daitezen. Hala, Espainia barruko telefono finkoetara debalde deitzeko tarifa finkoa kontratatuta daukaten telefono finko eta mugikorrek ez lukete 010 telefono-zenbakira deitzeko ordaindu beharrik izango. Ekimen hau Zuzendaritza Batzordeak adostu du, Ogasun eta Toki Finantzaketa Batzordeak hala eskatuta.

 

Udalek erabiltzen dute 010 telefono zenbakia, herritarrei informazioa eta telefono bidezko arreta eskaintzeko. Dei horiek udalek ordaintzen dituzte erabat kasu batzuetan, eta, besteetan, zerbitzura deitzen duten erabiltzaileek parte hartzen dute (zenbatekoaren gainerakoa, kasu horietan, udalak hartzen du bere gain).

 

FEMPek proposatzen duen neurria herritarrek telefono zenbaki horietara deitzeagatik telekomunikazio-konpainiari ordaintzen dioten zenbatekotik udalerriek ezer jasotzen ez duten kasuetan bakarrik aplikatuko litzateke.

 

Segurtasunerako toki-batzarrak

 

FEMPen Zuzendaritza Batzordeari segurtasunerako toki-batzarren funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren berri eman diote. Batzar horiek arautzen dituen erregelamendua onartzen duen irailaren 3ko 1087/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa beteko du esandako batzarrak udal-esparruan. 

 

Erregelamendu-ereduak, beste hainbaten artean, segurtasunerako toki-batzarraren eskumenak ezartzen ditu, eta baita osaketa eta funtzionamendu-erregimena ere. Erregelamendu-eredua den aldetik, udalerri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko helburuarekin dago idatzita.

 

Ur-hornidura

 

FEMPek ur-hornidurari buruzko txosten tekniko bat aztertu du, udalerri txikiei eta ertainei zuzendutakoa. Helburua auzi honen inguruko esparru juridiko eta tekniko bateratua edukitzea da, eguneratua.

 

Lana FEMPeko eta Ura eta Saneamendua Hornitzeko Espainiako Elkarteko teknikariek egin dute, edozein udalerritako giza kontsumorako ur-zerbitzuaren hornidura erregulatzeko helburuarekin, eta baita zerbitzu-emailearen eta abonatuen harremanak zehazteko eta alde bakoitzaren oinarrizko eskubide zein obligazioak finkatzeko ere. Era berean, zerbitzu publiko honek bere-bereak dituen hainbat alderdi ere definitu dituzte, esaterako, teknikoak, ingurumenarekin loturikoak, sanitarioak, eta kontratuari dagozkionak.

 

Hitzarmenak

 

Zuzendaritza Batzordea, halaber, beste hainbat lankidetza hitzarmen izenpetzearen alde agertu da; esate baterako, Espainiako Turismo Erakundearekin (TURESPAÑA) sinatzea aurreikusita dagoena, Spain Convention Bureauren bidez negozio-turismoaren sektorean baterako ekintzak sustatzeko.

 

Era berean, Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruetako Ministerioarekin ere sinatuko du FEMPek beste hitzarmen bat, landaguneetan garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak finantzatzeko, 250.000 eurokoa. Espainiako udalerri txikietan enplegu berdea sustatzeko gida bat prestatzea ere aurreikusita dago, baita udalerrien datuak jasotzea eta aztertzea ere. Hala, aztertuko dute Erkidegoaren finantzaketa-erremintek enplegua sortzeko zer-nolako eragina duten, herrietako biztanleei herrietan eusteko.

 

Horrez gain, Kultura Ministerioarekin eta Coca-Cola Fundazioarekin ere hitzarmenak sinatzea aurreikusita dago, urteetan egin den lankidetzari jarraipena emateko. Hala, irakurketa sustatzeko María Moliner kanpaina egiten jarraituko dute 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan.

 

 

 

Batzordeak beste hainbat hitzarmeni ere eman dio oniritzia; esate baterako, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen Fundazio Nagusiarekin sinatuko dena osasunaren eta irrati-frekuentzien inguruko aholkularitza zientifikoa emateko, edota La Casa que Ahorra fundaziorekin sinatuko dena, Espainiako hainbat udalerritako etxebizitzetan diagnostiko energetikoak egiteko.

29/03/2011

> Ir a la videoteca_x

29/03/2011

> Ir a la videoteca_x