Bilera ostegun arratsaldean egin zuten, eta Pedro Castrok azaldu zion Valeriano Gómezi inplikatutako alderdi guztiek –administrazioek, enpresariek, sindikatuek eta gainerako eragile sozial eta ekonomikoek– mahai berean eseri beharko luketela eta proposamenak mahai gainean ipini beharko lituzketela, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko politikak taxutze aldera.
FEMPeko presidentearen aburuz, merezi du administrazioek eta eragile sozial eta ekonomikoek hitzarmenak lortzea, baita lurraldeetako inbertsioa sustatzea ere. Eta, bere esanetan, tokirik onena udalerriak dira horretarako. Getafeko alkateak nabarmendu zuen enplegu-politika aktiboek beharrizanetara eta enpresen eskaera profesionaletara egokitutako trebakuntza-plan zehatzak behar dituztela, eta, horretarako, ezinbesteko direla udalen konkurtsoa eta ekarpenak.
Lan eta Immigrazioko ministroarekin batera izan zen Enplegurako estatu-idazkari María Luz Rodríguez ere, eta adierazi zion FEMPeko presidenteari Gobernuak enplegu-politika aktiboen eskema aldatzeko asmoa zuela. Erreforma horren bidez, autonomia erkidegoek eta toki-gobernuek izango dute politika horien ardura, eta, ondorioz, administrazioak askatasun eta malgutasun handiagoa izango du politika horiek definitzeko eta diseinatzeko garaian. «Enplegu-politika aktiboak udalek eta autonomia-erkidegoek adostuko dituzte», adierazi zuten.