Ministro Kontseiluak etorkinak hartzeko eta gizarteratzeko laguntza-funtsaren helburuak onartu ditu, eta 66,6 milioi euroko aurrekontu-kreditua banatuko du xede horretarako. Gobernuak nabarmendu du hezkuntzaren errefortzua eta udalerrien rola ezinbestekoa dela funts hau aplikatzeko.
Aurrekontu partida honekin, autonomia erkidegoek etorkinak gizarteratzeko egingo dituzten politikak finantzatuko dituzte; besteak beste, enplegu, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, osasungintza, haurtzaroa eta gaztaroa ardatzetan txertatzea, tratu-berdintasuna, emakumeak, partaidetza, sentsibilizazioa eta garapena, eta hezkuntza-errefortzua.
Estatuak ez ezik, autonomia erkidegoek eta toki-erakundeek ere eskumenak dituzte gizarteratzearekin lotutako funtsezko hainbat alderditan; hala nola, enpleguan, hezkuntzan, osasungintzan, gizarte-zerbitzuetan edota herritarren partaidetzan. Hori dela-eta, funts honen % 40 autonomia erkidegoetara bideratuko da, tokian tokiko gizarteratzeko politiketarako.
Banaketa-irizpideak
Banaketa-irizpideei dagokienez, autonomia erkidegoan banatzen den kopuru osoa hiru partidatan zatituko da:
· 39.637.824 euro etorkinak hartzeko eta gizarteratzeko.
· 26.425.216 euro hezkuntza-errefortzurako.
· 536.960 euro bidaiderik gabe etorritako adingabe atzerritarrentzat (Kanarietatik etorriak).
Etorkinak hartzeko eta gizarteratzeko partidan autonomia erkidego bakoitzerako oinarrizko esleipena ezartzen da (% 10), lurralde arteko elkartasun-irizpideak aplikatuta eta etorkin gutxiago duten autonomia erkidegoek esleipen egonkorra jaso dezaten.
Horrez gain, % 25 egoera berezietarako bideratzen da. Kokaleku geografikoa dela-eta, migrazio-presio handiagoa jasotzen duten autonomia erkidegoek baliatuko dute; hala nola, Andaluziak, Balearrek, Kanariek, Kataluniak, Valentziako Erkidegoak, Madrilek eta Murtziak, baita Ceuta eta Melilla hiri autonomoek ere. Gainerako zenbatekoa banatzeko, beste hainbat irizpide hartzen dira kontuan: erroldatutako etorkin kopurua, Gizarte Segurantzan izena emandako etorkin kopurua eta Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenena.
Hezkuntza errefortzuaren partida, berriz, honako irizpide hauen arabera ematen da: autonomia erkidego bakoitzean unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan jardundako ikasle etorkinen kopurua eta autonomia erkidego bakoitzean gaztelania hitz egiten ez duten herrialdeetatik etorritako zenbat etorkin dauden unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan eskolatuta.