FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Barne Ministerioak 30 km/h-ko abiadura-muga proposatu du hiri barruko errepideetarako


Hiriguneetako errepideetan baimendutako abiadura maximoa 30 km/h-ra mugatuko dute. Hala jakinarazi du Zirkulazioko zuzendari nagusi Pere Navarrok Kordoban, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eta FEMPek antolatutako Errepide Segurtasunerako Hiri Topaketaren lehen jardunaldian.


 
Neurria FEMPekin adostu dute, eta errei bakarreko edo noranzko bakoitzean errei bakarra duten errepideetan aplikatuko dute. Zirkulazioko Erregelamendu Nagusia aldatzen denean jarriko dute indarrean.Ekimen honen bitartez, hiri barruetan autoekin harrapatzen diren oinezkoen kopurua erdira murriztu nahi dute. Pere Navarroren hitzetan, 2009an 268 pertsona hil ziren autoek harrapatuta, hiri-eremuetako istripuetako hildakoen % 46. Horrez gainera, adierazi du hirietako zirkulazioa «lasaitu eta baretu» egin nahi dutela. Batetik, oinezkoei begira eta, bestetik, kutsadura atmosferikoari begira.
 
Kordobako foroan udal-ordezkariak, adituak eta zirkulazioaren eta errepideetako segurtasunaren alorreko agintariak izan dira eztabaidan, orotara 500 lagun baino gehiago. Helburua hirietako bide-segurtasunean jardunbide onak ezagutaraztea, sustatzea eta bultzatzea da, tokian-tokian inplikatutako sektoreen esperientziak trukatuta.
 
Inaugurazioan parte hartu dute, besteak beste, Barne Ministerioko idazkariorde Justo Zambranak, Kordobako alkate Andrés Ocañak (FEMPeko presidentearen ordezkari gisa) eta Trafikoko ZuzendaritzaNagusiko zuzendari Pere Navarrok.Lan-mahaietako batean Joaquín Hermosok ere parte hartuko du. FEMPeko Garraio eta Azpiegituretarako Batzordearen presidentea eta Puertollanoko alkatea da Joaquin Hermoso.
 
Lan-saioetan, udalek hiri-errepideetako segurtasuna hobetzeko zer egiten duten jakinaraziko dute, horretarako darabiltzaten jarduera onak, alegia.Guztira hogei udalen baino gehiagoren esperientziak kontatuko dituzte; esate baterako, Madril, Bartzelona, Kordoba, Donostia, Malaga, Gasteiz, Valladolid, Avila edota Pontevedra.
 
Era berean, errepide-segurtasuneko hiri-jardunbide onenaren saria ematea ere aurreikusi dute, eta topaketaren amaieran, Kordobako Gutuna irakurriko dute, lan-mahaien ondorioak eta hirietan mugikortasun segurua lortzeko helburuak jasotzen dituen dokumentua, alegia.