Ministro Kontseiluaren arabera, erreforma honek kutxen eginkizun soziala eta interes orokorrak zaintzen ditu, bai eta haien interes orokorrak eta sorrerako xedea ere, eta bi lege hauek aldatuz gauzatzen da: Inbertsio-koefizienteen, berezko baliabideen eta finantza-bitartekarien informazio-betebeharren Legea, 1985eko maiatzaren 25ekoa, eta aurrezki-kutxen artezkaritza-organoen oinarrizko arauen Legea, 1985eko abuztuaren 2koa.
Gobernuko presidenteak iragan abenduaren 2an Ekonomia Iraunkorraren Estrategiaren barruan aurkeztutako aurrezki-kutxen esparru juridikoaren aldaketa, gobernuko presidenteak eta alderdi popularreko presidenteak Espainiako finantza-sektorea indartzeko eta kreditua ekonomia produktibora bideratzen laguntzeko lortutako konpromisoaren itzalean erdietsi zen. Hona nola lortu nahi den hori:
Kutxen kapitalizazioa, kategoria goreneko baliabideak eskuratzeko modua izan dezaten beste kreditu-erakunde batzuek bezalako baldintzen arabera.
Aurrezki Kutxen gobernu-organoen eta kudeaketaren profesionalizazioa.
Parte hartzeko kuoten araubidea.
Aurrezki Kutxen araubide juridikoaren aldaketaren xede nagusia, partaidetza-kuotei dagokienez, honako hau da: tresna eraginkorrak izan behar dute kutxen kapitalizaziorako, eta, horretarako, kapital pribatua eskuratzeko modua izan behar dute, inbertsiogileentzat erakargarri izatea lortuz eta goreneko arau-kalitateko kapitaltzat jotzeko baldintzak betetzen dituztela bermatuz. Honako hauek dira berrikuntza nagusiak:
Kutxaren gobernuan kuota-partaidetzen jabe direnek eskubide politikoak izango dituzte, ondarean duten partaidetzaren araberako proportzioan (sozietate anonimoetako akzioek ematen dituztenen antzekoak).
Kutxen araubidea liberalizatu egingo da, eta ezabatu egingo dira kuota-partaidetzen jabe bakarrari eta haren ordainsariari buruz egun indarrean diren mugak. Kuotak jaulkitzeari dagokionez, ehuneko berrogeita hamarreko mugari eutsiko zaio, eta bi printzipio, jaulkitzeko askatasunarena eta kuoten ordainsariena, ezarri dira.
Kutxen korporazio-gobernua
Kutxen gobernu-organoak dira batzar nagusia, administrazio-kontseilua eta kontrol-batzordea. Horrez gain, bi figura berri sortzen dira: Gizarte Ekintzaren Batzordea eta Izendapenen eta Ordainsarien Batzordea.
Arlo honetako aldaketarik nabarmenena herri-administrazioek eta zuzenbide publikoko korporazioek eta entitateek kutxen gobernu-organo horietan behar duten ordezkaritzari dagokio. Ezingo dute hemendik aurrera, orotara, boto-eskubideen guztirakoari dagokion ehuneko berrogeia gainditu, orain arteko ehuneko berrogeita hamarraren aldean. Gobernu-organoei eragiten dieten beste aldaketa batzuk laburbiltzen ditugu ondoren:
Hautetsiek eta goi-kargudunek ezingo dute izan gobernu-organoetako kide.
Gobernu-organoetako kide izateko profesionaltasun- eta esperientzia-baldintzak indartzea, administrazio-kontseiluko kideen erdiak gutxienez kualifikazio berezia beharko baitu.
Aurrezki-kutxa guztien gobernu-organoek egin beharko dute urteroko txostena.
Kutxak hartu beharreko funtsezko erabakietarako, gobernu-organoen gehiengo indartuak ezartzen dira: bi heren beharko dira entitatearen izaera juridikoan aldaketak onartzeko.
Errege Lege Dekretuak entitateen jarduerarako eredu berriak ezartzen ditu. Edozein entitatek aukera egin dezake:
a) Partaidetza-kuoten araubide berriaren pean aurrezki-kutxa izaten jarrai dezake, orain arte bezala, estatutuak gobernu-organoan izandako aldaketen arabera egokituz.
b) Babes Sistema Instituzional batean sartzea (BSI).
c) Finantza-negozio osoa banku bati lagatzea erabaki dezake, kutxa izaten jarraituz. Gizarte-ekintzak eta industria-kartera kutxarenak dira.
d) Fundazio bihurtzea, kreditu-entitate gisa dagokion negozio guztia berak parte hartzen duen banku bati lagaz.
Babes Sistema Instituzional batean integratzeko araubidea hobetzea (BSI).
Alde batetik, aurrezki-kutxek eratutako BSIari arauketa espezifiko bat ematen zaio. Entitate zentrala sozietate anonimoa izango da, eta osatzen duten kutxek partaidetza izango dute bertan, gutxienez 100eko 50.
Ez bada muga hori betetzen, BSIa osatzen duten kutxak fundazio bihurtu beharko dira, eta BSIaren unitate zentralari laga beharko diote finantza-jarduera. Kasu honetan, BSIa osatzen duten partaideak adina fundazio izango dira, eta banku bakar bat.
Beste alde batetik, entitateek sisteman behar duten egonkortasuna eta iraupena indartu egiten da, Espainiako Bankuak operazioaren bideragarritasuna ebaluatzeko gaitasuna izango baitu, entitate batek sistema abandonatu aurretik.
Kaudimena indartzea
Bi helburu izango ditu:
a) Basilea III-ko etorkizuneko eskakizunen arabera kaudimen-, likidotasun- eta palankatze-irizpideei egokitzeko aukera ematea
b) Espainiako Bankuak eskakizun berri horiek aplikatuko ditu entitate bakoitzak, bere negozio-ereduaren arabera, “core capital” delakora sartzeko zer aukera dituen egokitasunez neurtuz.