FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek malgutasuna gomendatzen du bide publikoan terrazak instalatzeko bete beharreko betekizunetan


FEMPek ordenantzak berrikustea gomendatuko die udalei, bide publikoan taberna eta jatetxeetako terrazen jarduera gehiago bultzatzeko. Hain zuzen ere, terrazak ipintzeko baldintzak malgutzea da gomendioa, denbora-tarte, espazio, bide publikoa okupatzeko modalitate eta altzari nahiz gainerako elementuei buruzko arauei dagokienez. FEMPen Batzorde Exekutiboak, halaber, Atzerritarren Legearen Erregelamenduaren Aurreproiektuaren zuzenketak ere onartu ditu, Gasteizen egindako bileran.


  

 

Terrazen eta mahaien inguruko ebazpena indar politiko guztien babesarekin onartu dute, eta, horren arabera, administrazio-izapideak ere sinpletu egin beharko lirateke, zerbitzu-jarduerei eta haietan libre jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako kontrol-mekanismo berriak txertatzeko aukera aintzat hartuta.

 

Proposamenaren testuan, FEMPek argudiatzen du krisi ekonomikoak eta, batez ere, Tabakoaren aurkako Legeak terrazetara begira jarri gaituztela, ikusirik hori izan daitekeela ostalaritzaren egoera ekonomikoa arintzeko alternatibetako bat. Hala, proposamenean adierazten dute zenbait udal neurriak hartzen hasi direla errealitate horri aurre egiteko, eta, horretarako, administrazio-izapideak erraztu dituztela, udalerrietako jarduera ekonomikoa bultzatu nahian.

 

Era berean, FEMPen proposamenaren arabera, udal-ordenantzek aldi berean uztartu behar dituzte, batetik, herritarrek bide publikoaz gozatzeko eta bertatik igarotzeko duten eskubidea, eta, bestetik, jarduera ekonomikoak. Horrez gain, herritarren aisialdirako eskubidea eta inguruko bizilagunek atseden hartzeko daukaten eskubidea ere uztartu behar dituzte ordenantzek, baita ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea ere.

 

Hipotekei buruzko araudia

 

FEMPek Gobernuari eta talde parlamentarioei eskatuko die egoki jotzen dituzten lege-aldaketak aztertzeko, hipoteken exekuzioetako lege-prozedurak higiezinak emanda ebatzi ahal izateko eta, hala, zor guztia kitatzeko.

 

Aho batez onartutako ebazpenaren bidez, Batzorde Exekutiboak erakutsi du Espainiako toki-erakundeak krisiak astinduta dauden pertsonen eta familien alde daudela; hipoteka exekutatzeko prozesua dela-eta etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsonen eta familien alde, hain justu.

 

FEMPek ustean, toki-erakundeak inplikatu egin behar dira egoera horri irtenbideak bilatzeko, jendearen eguneroko arazoetatik gertuen dagoen administrazio diren aldetik, eta arazoak dituzten herritarrek haietara jotzen baitute lehendabizi.  Hori dela eta, gaur egungo legeria aldatzea eskatzen du. Hala, adibide gisa Nafarroako Probintzia Auzitegiaren abenduaren 17ko epaia aipatzen du; hain zuzen, zorra kitatzeko pisuaren giltzak entregatzea onartu zuena.

 

Atzerritarren erregelamendua

 

Batzorde Exekutiboak, era berean, oniritzia eman die Atzerritarren Legearen Erregelamenduaren Aurreproiektuaren zuzenketei. Aurreproiektuaren edukia Immigrazio eta Emigrazioko estatu-idazkari Anna Terrónek helarazi zion FEMPen presidenteari, oraintsu egindako bilera batean. Aurreproiektuaren testua jendaurreko informazio-aldian dago, eta ekarpen zein alegazioak gaur aztertuko dituzte, otsailak 22, Lan Ministerioan egingo duten Arloko Batzarrean.  

 

Tokiko gastuak enplegu-politiketan

 

Toki-gobernuek 572,5 milioi euro bideratu zituzten enplegu-politika aktiboetara 2009an (aurrekontuen % 0,8), nahiz eta urte horretako udalen gastua, guztira, 2008an baino puntu bat apalagoa izan. Era berean, kontuan izan behar da enplegu-eskuduntzak ez direla toki-administrazioaren eskumen.

 

Enplegu-politika aktiboak nabarmen zabaldu eta sendotu dira 500 biztanle baino gehiagoko toki-gobernuetan. Halaxe dio FEMPek Lan eta Inmigrazio Ministerioarekin elkarlanean egindako txosten batek; bertan, lan-merkatuaren funtzionamendua hobetzeko neurrietan toki-erakundeek egindako ekarpena aztertzen da.

 

FEMPeko Batzorde Exekutiboak jakin duen txosten horren arabera, 500 biztanle baino gehiagoko udalerrien % 83k enplegu-zerbitzu egonkorrak ditu, eta % 90ek politika horietara bideratutako gasturen bat egin zuen.  

 

Ikerketaren arabera, kopuruok «oso ahalegin nabarmena adierazten dute, kontuan hartuta eskumen hori beste administrazio batzuena dela; hau da, ez dela toki-erakundeek beren gain hartu beharreko gastua».  Era berean, txostenak nabarmentzen duenez, ahalegin hori are garrantzitsuagoa da 2008tik aurrera, eraikuntzaren krisialdiak gero eta inpaktu handiagoa baitu udalen diru-sarreretan.

 

Hala, toki-erakundeek 1.900 milioi euro inguru kudeatu zituzten 2009an, beste administrazio batzuek xede horretarako egindako ekarpenak kontuan harturik; horietatik, udalek % 84 administratu zuten, diputazioek % 15 eta uharteetako kabildoek % 2 inguru.

 

Hitzarmena Zerga Agentziarekin

 

FEMPek eta Zerga Agentziak lankidetza hitzarmena izenpetuko dute hemendik gutxira, tokiko zergak biltzeko.  Hitzarmen horri esker, besteak beste, Zerga Agentziak 60 euro baino txikiagoak ez diren zuzenbide publikoko zerga-baliabideen bilketa kudeatuko du, baita 1.500 euro baino gehiagoko zuzenbide publikoko zergak ez direnenak ere.  

 

Hitzarmen hori izenpetu ostean, udalek, lehen ez bezala, premiamendu-bideko zorrak bidali ahal izango dizkiote Zerga Agentziari, baldin eta kobratzeko ahaleginak egin badituzte.  Toki-erakundeek diru-bilketa zerbitzuak baliatzen jarraitu ahal izango dute. Nolanahi ere, baliabideak agorturik dituztenean edota udalerritik kanpoko jardueretarako, zorren zerrenda bidali ahal izango diote Zerga Agentziari, kobratzeko.  Hitzarmenak badu beste berritasun bat ere: aurrerantzean, Zerga Agentziak bere gain hartuko ditu zuzenbide publikoko zergak ez diren zorrak.

 

Beste zenbait hitzarmen

 

Batzorde Exekutiboak hainbat erakunderekin sinatutako hitzarmenei ere oniritzia eman zien; esate baterako, IDAErekin izenpetutakoari, Espainiako udaletan ibilgailu elektrikoa bultzatzeko; Auzo Elkarteen Estatuko Konfederazioarekin egindakoari (CEAV); Gazteriaren Institutuarekin egindakoari, tokiko eremuan jarduerak garatzeko; Kirol Kontseilu Gorenarekin sinatutakoari edota Babes Zibileko Boluntarioen Espainiako Elkartearekin izenpetutakoari (ANAV).

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)