Zamorako Probintziako Diputazioan egindako ekitaldi publiko batean aurkeztu zen dokumentua, eta FEMPen barruan urte betez egindako lanaren emaitza da, hiri horretan izandako kongresu nazionalaren ondorioz etorri dena. Aurreneko aldia da Espainiako administrazio publikoan denen artean eztabaidan aritzeko modua dagoela antolaketako kudeaketaren errealitateaz eta inguruabar sozial berri honetan tokiko gizarte-zerbitzuek izan beharreko konfigurazio berriaz.
Zamorako Diputazioko eta FEMPko Gizarte Ongizateko Batzordeko presidente Fernando Martínez Maillo eta Batzardo horretako lehendakariorde eta Avileseko alkate Pilar Varela izan ziren aurkezpenean, bai eta FEMPko idazkari nagusi Isaura Leal ere.
Dokumentuaren helburua da udaleko gizarte-zerbitzuen diseinu eguneratuaren oinarriak ematea tokiko erakundeei, bildutako esperientzien eta detektatutako oztopoen analisien araberakoa, eta etorkizunerako eredua diseinatzea, gizartean gertatzen diren aldaketa-prozesuak kontuan hartu eta orain agertzen hasi diren premiei zerbitzu proaktibo eta koherentea emateko balioko duena. Proposamen irekia da, hobekuntzak edo formulazio berriak onartzen ditu oraindik, zerbitzu horiek ematen dituzten kudeatzaile edo eragileek ezer aldatu nahi balute ere.
FEMPren proposamena gizarte-zerbitzuek eskumen-egitura bereizia daukaten ustetik abiatzen da; egitura horretan tokiko erakundeek aparteko protagonismoa daukate zerbitzu horiek antolatzen eta ematen, eta, horregatik, zubi izan nahi luke autonomia-erkidego bakoitzak ezarri dituen gizarte-zerbitzuetarako aplikatzen diren ikuspegi, zuzentarau edo planifikazio “hain ezberdin” horien artean.
Gizarte-zerbitzuak eskuratzeko eskubidea unibertsal egiteaz gain eta zerbitzu publiko izaera areagotzeaz gain, lana prestatu dutenek beharrezko ikusten dute, halaber, gobernuz kanpoko erakundeek ekartzen dituzten berrikuntzak kontuan hartzea, bai eta zerbitzu-ematearen merkatuak daukan papera ere.
FEMPeko Ongizate Batzordeko lehendakariak, Fernando Martínez Maillok, azaldu du gizarte-zerbitzu primarioen konfigurazio berriari buruzko ikerlana egitea ezinbestekoa zela, batez ere, Mendekotasuna daukatenen Autonomia eta Arretarako Legea onetsi delako, baina, baita ere, udaletxeek eta diputazioek arlo honetan jokatzen duten papera gero eta garrantzitsuagoa delako.
Maillok aipatu zuen, baita ere, autonomia-erkidegoen eta tokiko korporazioen esku dauden gizarte-zerbitzuek denbora gutxi izan dutela herritarrentzako egokiena izango den prestazioa diseinatzeko lanari aurre egiteko, eta, horregatik, oso garrantzitsua dela prestazioak eskuratzeko eta kudeatzeko sistema finkatzeko ardura daukaten bi administrazioek gai horri buruz eztabaida egin eta proposamenak ematea. “FEMParen ekimena bereziki egokia da orain, Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioa eta autonomia-erkidegoak legea nola garatu eta aplikatu eztabaidatzen ari diren garai honetan”, esan zuen.
Eredua taxutzeko proposamenak
FEMPek Zamoran aurkeztu zuen agiriak plan estrategikoa prestatzeko proposamena egiten du, besteak beste, honako ardatz nagusi hauek ezartzeko: zerbitzuaren eta kudeaketaren kalitatea hobetzea, interesa daukaten denen artean koordinatzeko eta elkarlana egiteko bide egonkorrak irekitzea, berrikuntza eta proaktibotasuna bultzatzea, ekipo-zuzkidurak eta ekipamenduak hobetzea eta teknologia berriak eta administrazio elektronikoa erabiltzen aurrera egitea.
Proposamenak zerbitzuen prozesu eta prozeduretan kalitate-planak finkatzea gomendatzen du, eta aurkezpen-sistemei eta halako kontu zehatzei adi erreparatzea, kexa eta iradokizunei erantzuteko adi ibiltzea, eta itxoiteko aldiei edo instalazio eta ekipamenduen baldintzei kontu egitea.
Halaber, ezinbesteko jotzen du teknologia berriek eta administrazio elektronikoak ematen dituzten aukerak baliatzea, baldin udaleko gizarte-zerbitzuen “eredu eguneratua” eduki nahi bada.
Eredu berriak berritzeko eta proaktibo jokatzeko gaitasuna berreskuratzea lekarke, egitura eta organigrama sinplifikatuz, gizarte-zerbitzuen multzo osoa integratuko dela ziurtatuz eta planifikazio estrategikoa eta operatiboa koherentea izango dela bermatuz.Zehazki esateko, egitura sinple eta malgua proposatu du, autonomiaz lan egiten duten ekipoak jarria eta prebentzio eta sareko lana sendotzera bideratua.
Puntu horri buruz, gomendatzen du gizarte-langile bat edukitzea 3.000-5.000 biztanleko; hainbat arlotako profesionalez osatutako ekipoa edukitzea lau gizarte-langileko, eta esku-hartzeko eredu adostua eta orokorra, ekipo espezializatu eta guzti.
Bestalde, hurbileko zerbitzu zehatzei dagokienez, eguneko zentroen eta eguneko zaintzako zentroen sarea sortzeko aukera aipatzen du, bai eta: lana eta familia uztartzeko prebentzio- eta laguntza-zerbitzuak jartzea, egoteko leku alternatiboen sarea osatzea (mini egoitzak, lagundutako etxebizitzak, harrera egiteko zentroak eta aterpetxeak), eta laguntza juridikoa, psikologikoa eta soziala emateko sare orokorra jartzea genero-indarkeria edo etxeko indarkeria edo bazterkeria arrazista edo xenofoboa gertatzen denerako eta abar.