Gidan, turismoaren kalitatearekin konprometituta dauden udalerriek, probintziek eta enpresek sustapenean eta posizionamenduan egindako ahalegina bildu dute. Ekimen hau FEMPek eta Turespañak 2011n SICTED kudeatzeko sinatu zuten elkarlan hitzarmenaren ondorioz sortu da.
Euskarri digitalean aurkeztu dute, urtero azkar, modu iraunkorrean eta gastu handirik gabe eguneratu ahal izateko (helmuga atxiki berriak eta enpresa ospetsuak sartzeko). Gidak gaur egun SICTEDera atxikita dauden 106 helmuga hartzen ditu barnean, eta horietako bakoitzari buruzko deskribapen txiki batez gain, haien erakarpen turistikoen irudiak eta enpresa ospetsuenen zerrenda agertzen da. Zerrenda horretan harremanetarako datu nagusiak ere badaude, haiek sustatzen laguntzeko.
Dokumentuaren euskarriak helmugak autonomia erkidegoen, probintzien edo udalerrien arabera aukeratzea ahalbidetzen du eta, horri esker, erakunde bakoitzak sustapen tresna propioak egiteko aukera izango du.
Turespañako zuzendari nagusi Antonio Bernabék adierazi duenez, turismoak hazten jarraitzen du, krisi garaian egon arren. Gainera, industria horrek berriz ere etorkizun handia daukala eta kalitatea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela esan du. Antonio Bernabéren arabera, 2010ean sektoreak berriz ere lana sortu du eta merkatu nagusiak berreskuratzen hasi da, adibidez: Britainia Handikoa eta Alemaniakoa. «Aurreikuspenak positiboak dira –esan du– eta horiei etekina ateratzea geureganatutako esperientziaren eta eskain dezakegun kalitatearen araberakoa da».
Hain zuzen ere, SICTEDen gidak kalitatearen erronka horretan kokatu du udalerri askoren eta zerbitzu «bikaina» ematen saiatzen diren enpresen ahalegina. Bernabék esan duenez, helmuga bakoitzari balioa ematen dion jarduera bat egiteaz gain, aberastasuna eta lana sortzen dute.
Bestetik, Lurdes Costak enpresa sektoreak eta erakunde zein administrazioek elkarlanean jarraitzearen alde egin du, «SICTEDen irribarrea gehiago ezagutarazteko». Horrela, sistema horretara atxikitako helmuga kopurua handitu eta horietara doazen bisitariak leial bihurtu ahal izango dira.
SICTED sariak
Gida aurkeztu ondoren, bi kategoriatan banatutako SICTED sariak eman zituzten: bata, kudeatzaileei zuzendua eta, bestea, helmugei. Lehenengoan, Kordoba helmugako kudeatzaile Olga Pérez Picchik irabazi zuen, eta Iruñeko zein Gijóngo kudeatzaileak finalista izan ziren.
Helmugen kategorian, lehenengo saria Donostia hiriari eman zioten, eta Gijón hiria zein Bartzelonako kostaldea (Maresme) finalista izan ziren.
Atxikitako helmuga berriak
Turespañarekin elkarlan hitzarmena sinatu ondoren, FEMPen beste helburu nagusietako bat helmuga gehiagoren atxikimendua sustatzea da, ahalik eta lurralde ordezkaritza zabalena edukitzeko. Une honetan, proiektuan autonomia erkidego guztietako hainbat tokiko erakunde daude eta haien turismo motak askotarikoak dira. SICTEDek lurralde osoan ezarpen maila handia daukala erakusten du horrek.
2011n ondoko helmugak atxiki dira: Kanaria Handia uhartea, Artá herria (Mallorca), Alquevako Laku Handiko Lurrak erkidegoa (Badajoz probintziako zenbait udalerrik osatzen dute), eta Patrimonia sarea (Andaluziako 23 udalerri biltzen ditu).