FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek Senatuan ozen asko esan du: toki-finantzaketarako beste eredu bat behar dugu, berehalakoan


Ramón Ropero Villafranca de los Barroseko alkatea Senatuko Entitateen Batzordera agertu da, FEMPeko ordezkari gisa. Esan du premiazkoa dela toki-finantzaketarako eredua berritzen hastea, eta premiazkoa dela, era berean, Toki Gobernurako Lege berria ere, 2001en bi legeak jar daitezen indarrean.


Gobernuarekin toki-finantzaketaren erreforma negoziatzen ari den bitariko batzordean, Ramón Ropero da FEMPeko ordezkaria, eta horregatik agertu da Senatuko Toki Entitateen Batzordera.
 
Beste behin ere, finantzaketa-sistema berriaren negoziaketan udalerriek duten erreibindikazio nagusietako bat jarri du mahai gainean, eta esan du zerga-sarreretan autonomia-erkidegoen parte-hartzea bermatzea ezinbesteko baldintza izango dela, sistema berria zuzena, bidezkoa eta eraginkorra izango bada. Horregatik, edozein akordio itxi baino lehenago, derrigorra omen da gai hori arautzea.
 
Parte-hartze horiek (gaztelaniazko PICAk alegia) Konstituzioan omen daude arauturik, eta, FEMPeren ordezkariaren arabera, ez baldin baditugu garatzen baliteke konstituzioa urratzea, larriki urratzea ere. Adierazi du, era berean, parte-hartze horretarako funtsek ezin dutela erantsita inolako baldintzarik ekarri.
 
Gogora ekarri du udalerriek autonomia-erkidegoen eskumenpeko zerbitzu asko eskaintzen dituztela, eta arlokako politikak exekutatzeko programa eta proiektu asko ere, batez ere autonomia-erkidegoek sustatu arren, udalen laguntzaz exekutatzen direla, eta, gero, herritarrengan premia sortu ondoren, “politiken jarraipena geure kontura ordaindu behar izaten dugula”.
 
"Makina bat aldiz gertatzen da autonomia-erkidegoek proiektu bat proposatzea, baina gero bertan behera uztea”; halaxe esan zuen Extremadurako alkateak. Eta, jakina, horrela, “gastu-autonomia eta erabakiak hartzeko autonomia galdu besterik ez dugu egiten”.
 
FEMPek Gobernuarekiko negoziaketan darabiltzan puntu nagusiak azaldu zizkien Ramón Roperok senatariei, hau da, PICA horien gaia azaltzeaz gainera, adierazi zuen estatuaren sarrera orokorretan daukaten parte hartzea ez dela nahikoa, nolabait zuzendu beharra dagoela hori, nahikotasun-, eragimen- eta ekitate-printzipioak beteko baditugu.  Hori dela-eta, esan zuen estatuak udaletarako beste hainbat baliabide osagarri jarri behar duela mahai gainean, "autonomia-erkidegoetarako jarri dituen bezalaxe".
 
FEMPek zerga-sistema propioa ere eskatzen du. Sistema horretan, besteak beste, zerga-baliabideak errebisatzeko aukera ere jaso behar da, hartara, zergen kudeaketa eta zerga-bilketaren kudeaketa hobetzeko, baina herritarrei zerga gehiago eskatu gabe. Gaur egun, toki-erakundeen sarreren % 51 baino gehiago zergetatik dator. “Uste dugu badela nahikoa, eta, beraz, gure ustez, zergapean dauden gauzen zerrenda zertan aldaturik ez dago”.
 
Sistemari sabaia eta lurra jartzeko ere eskatu zuen, hau da, gora eta behera gehiegi mugitzen ez uztea, gaur egungo sistemari hori gertatzen baitzaio.
 
Tokiko gobernuek badute beste erreibindikazio nagusi bat ere, eta Ramón Ropero ez zegoen aipatu gabe uzteko: FEMPren bidez Zerga eta Finantza Politikarako Kontseiluan parte hartzea, hizpide eta botoarekin. Esan duenez, halako gauza garrantzitsuak erabakitzen dira foro horretan, eta estatuaren hiru zatietako bat kanpoan geratzen da beti. Horrek ez omen luke horrela izan behar. “Jaun-andreok: aldatu ezazue aldatu beharrekoa, baina ezin dugu horrela jarraitu”.
 
Azkenik, esan zuen aurrerantzean ere udalak, aldundiak, kabildoak eta uharte-batzarrak hortxe egongo direla, krisiaren aurka borrokan -“halaxe egin dugu beti, eta halaxe egingo dugu orain ere, finantza publikoen iraungarritasunerako 2010-2012rako akordio nagusiaren bidez”. Baina borondate hutsa ez omen da nahikoa, “toki-finantzaketarako eredu berriari buruzko akordio bat lortu beharra dago, lehenbailehen”, toki-finantzaketa bidezkoa eta nahikoa edukitzea “ona baita estaturako, eta ona baita herritarrentzat”.

Hainbat lurralde-federaziotako lehendakariak Senatuaren batzordean.
 
Senatuko Toki Entitaten Batzordearen saio horretan bertan, beste arduradun hauek ere agertu dira: Miguel Ángel García Nieto Gaztela eta Leongo Udalerrien eta Probintzien Federazioko lehendakaria eta Avilako alkatea; Francisco Rivas Cid Gaztela-Mantxako Udalerrien eta Probintzien Federazioko lehendakaria eta Talaverako alkatea; eta Bartolomé González Jiménez Madrilgo Udalerrien Federazioko lehendakaria eta Alcalá de Henaresko alkatea.