Eskola-kontseiluetako udal-ordezkariei zuzendutako eskuliburu bat aurkeztu du FEMP federazioak
FEMP federazioak udal-ordezkariak sustatu nahi ditu eskola-kontseiluetan, udalerriko hezkuntza-jardueretan parte hartzeko erreferente egonkor eta hurbilak bilaka daitezen.Horregatik, ordezkari horiek dituzten eginkizunei eta lanei buruzko kontsulta‑eskuliburua argitaratu du.
Eskuliburua, FEMP federazioak eta Hezkuntza Ministerioak batera argitaratua, baliagarria da udalek ikastetxeetako eskola-kontseiluan dituzten ordezkariek eskola‑ingurunea hobeto ezagutzeko behar duten informazioa lor dezaten, eta, horrela, euren erantzukizunak bere gain hartuta, bete-betean parte hartu dezaten ikastetxeen sarea taxutu eta premia garrantzitsuenak programatzerako orduan.
Espainiako toki-gobernuek partaidetza handiagoa izan nahi dute, bai udal-eremuan egiten diren hezkuntza-politikak taxutzen, baita hiriak hezkuntza-gaietan dituen premiak ebaluatzen ere: horixe dago, ez besterik, aipatutako eskuliburuaren azpian.
“Eskola-kontseiluetan udalak duen ordezkariaren figura klabea da toki-korporazioek hezkuntza-arloan bere gain hartu eta baliatzen dituzten eskumenen berri izateko. Eskumen eta eginkizun horiek, ordea, ez dira amaitzen ikastetxe publikoen oinarrizko azpiegiturei eusteko egiten dituzten jardueretan; izan ere, udalek bestelako programa gehigarri eta osagarriak ere egiten dituzte, esate baterako: udal-eskolak edo helduentzako prestakuntza-eskolak martxan jartzea, baita eskolaz kanpoko jarduerak ere.Eskuliburua, horrenbestez, lanerako tresna bikaina da, udal-arduradunek are hobeto jardun dezaten eskola-kontseiluetan, hiriaren eta eskolaren arteko harremana bultzatuz eta herritarren partaidetza eta lankidetza-sinergiak sustatuz, gure hezkuntza‑sistema hobetzen jarraitu ahal izateko”, esan du Palentziako alkateak aurkezpen-saioan.
FEMP federazioaren ustez, udalek beren eskumenak eraginkortasunez baliatzeaz gain, aurrera egin behar dute gurasoen, irakasleen eta ikasleen taldeekiko harremanetan; azpiegiturak eta ekipamenduak programatzean, oro har, gehiago parte hartu behar dute, eta udalaren eskaintza osatzen duten hezkuntza-programak abian jartzen eta kudeatzen ere bai. Haur-eskolak, umeen etxeak, hezkuntza-konpentsazioa, helduentzako irakaskuntza edo eskolaz kanpoko jarduerak dira, besteak beste, programa horietariko batzuk.“Ikastetxeetan udalek dituzten ordezkarientzat oso lagungarria izango da eskuliburua, harreman handiagoa izan dadin bultzatzeko, eta are parte-hartzaileagoa eta eraginkorragoa”, nabarmendu du Vicente Orden Vígara FEMPeko Hezkuntza Batzordeko presidenteak. Halaber, bereziki azpimarratu du “krisialdian ez dela hezkuntza-kontuetan aurrezten ibili behar, inbertitzen baizik”.
Udal-ordezkariek jakin beharrekoa:
Eskuliburuak informazio zabala eskaintzen du, 6 ataletan eta zenbait eranskinetan banatuta.Lehenengo kapituluak gai hauek lantzen ditu: udalaren ordezkaritza gero eta handiagoa hezkuntza-eremuan, oinarrizko hezkuntza-eskumenak –sistema arautua eta ez-arautuan– eta udalen beraien eskumenak; hori guztia kontsulta-arauekin batera osatuta.
Bigarren kapituluan, berriz, eskola-partaidetza, Udaleko Eskola Kontseilua eta udaleko ordezkariaren figura jasotzen dira, eta horren segituan ordezkariok izendatzeko gakoak eta izendatzeko ereduei buruzko azalpenak ematen dira, baita euren lana egiteko ezagutu beharreko oinarrizko kontuak ere, adibidez, legeria eta erreferentzia-agiriak edo ikastetxeen antolamendua. Horren ondoren, udaleko ordezkariaren eginkizunak eta lanak eta horiek guztiak betetzeko bete beharreko baldintzak zehazten dira; eta, azkenik, ikastetxeko eskola-kontseiluetako ordezkariak koordinatzeko sistema eta metodoak azaltzen dira.
Gai gehiago ere lantzen ditu eskuliburuak.Hala, eranskinetan, Espainiako hezkuntza‑sistemari buruzko informazio gehiago eta udalek ordezkariak izendatzeko darabiltzaten zenbait eredu ematen ditu. Azkenik, “gida lasterra” balitz bezala edo, 30 galdera eta dagozkien erantzunak jasotzen ditu, eskola-kontseiluei buruzko erkidegoetako arauak eta zenbait jarraibide, udalek euren ordezkariei udalerri bakoitzaren datu osagarriak eta espezifikoak eman diezazkieten.
Helduei prestakuntza emateari buruzko jardunaldiak
FEMP federazioaren eskuliburu honen aurkezpena “Los Ayuntamientos y el aprendizaje a lo largo de la vida.La formación de las personas adultas en el siglo XXI” jardunaldien barruan egin da, bai nazioartean bai estatuan, ikaskuntza arautzeko proposamenetan planteatzen diren jarduera-ildo estrategikoak ezagutzeko asmoz.
Horrez gain, jardunaldien xedea da helduen prestakuntzari buruzko gogoeta egitea, betiere lurralde-ikuspuntu batetik eta gizarte demokratiko baten esparruaren baitan.
Jardunaldi horietan, udaletako hezkuntza-zerbitzuetako arduradun politikoak eta teknikariak biltzen dira, Palentzian, helduentzako prestakuntza-eskaintzari eta aplikatzen diren sistemen osagarritasunari buruz hitz egiteko, sareen eta formatuen erabilpenen esperientziak aztertzeko eta prestakuntzari dagokionez jardunbide egokien berri izateko.
Hezkuntza Ministerioko ordezkariek, FEMP federaziokoek, Gaztela eta Leongo Juntakoek eta Espainiako zenbait udaletako eta unibertsitateko ordezkariek parte hartzen dute saiootan.