FEMP eta gobernua elkarrekin lanean, gazteen artean gizentasuna eta alkohol-kontsumoa saihesteko.
FEMP eta gobernua elkarrekin lankidetzan jardungo dute, 18 urte baino gazteagoen artean gizentasuna eta alkohol-kontsumoa saihesteko. Halaxe erabaki dute, bilera batean, Pedro Castro FEMPeko lehendakariak eta Trinidad Jimenez Osasun eta Gizarte Politikako ministroak. Bilera horretan, Espainiako Hiri Osasungarrien Sareko lehendakaria ere egon da, Sant Andreu de la Barcako alkatea alegia, Enric Llorca jauna
FEMPren baitako sare horren bidez, lankidetza hori taxutzeko hitzarmen bat sinatuko dute. Hitzarmen horretan, gainera, udalek adierazita utziko dute hemendik aurrera are eta indar handiagoz bultzatuko dituztela orain arte osasunaren, hezkuntzaren, kirolaren eta elikaduraren inguruan gauzatu izan dituzten politikak.
Ministroarekiko bilera horretan, gobernua prestatzen ari den Osasun Publikoko Lege berriaren ildo nagusiak ere aztertu dira, lege horretan zehaztuko baita gizarte honetako zein faktorek daukaten eragin handiagoa pertsonen osasunean. Alde horretatik FEMPeko lehendakariak herritarren osasuna hobetzeko balio duten politika aktiboak eta zeharkakoak aipatu zituen, esate baterako, enpleguarekin, krisi-garaietako gizarte-babesarekin, hezkuntzarekin edo aldaketa klimatikoarekin zerikusia dutenak, eta esan zuen politika horiek gauzatzeko orduan derrigorra dela udalak ere kontuan hartzea.
Bilera horretan adierazi zen, era berean, beste esparru jakineko-jakineko batzuetan ere udalek badutela zer egina, hala nola, droga-mendekotasunaren, nahigabeko haurdunaldien eta sexu-gaixotasunen aurkako lanean.
Bileran, Pedro Castrok eta Enric Llorcak ministroari, besteak beste, Espainiako Hiri Osasuntsuen Sareak zer egiten duen azaldu zioten (sare hori FEMPren baitan dago). Azaldu zioten estatu-mailako tresna dela, eta denen artean protagonista, gainera, Osasun Ministerioa atontzen ari den osasun publikorako proiektu berria garatzeko. Nazioartean duen baliokidearen eta Osasunaren Mundu Erakundearen ildo beretik egiten du lan, eta bere baitan 146 toki-erakunde ditu, hau da, guztira, 21 milioi biztanle baino gehiago.
Alde horretatik, adierazi zioten osasun publikoa orain beste era batera ulertzen dela eta toki-gobernuen zeregina, gai horietan, ez dela jada orain arteko betikoa, gizarte-arloko faktore batzuek, berdintasun-ezak dakartzan faktoreek alegia, osasunean ere bai baitute eragiten. Horregatik, azpimarratu zuten osasun publikoa ulertzeko eredu berri horrek bi zutabe izan behar dituela: alde batetik, ekitatea bultzatu beharra dago, eta, bestalde, berdintasun-eza eta bazterkeria borrokatu. Eta bi zutabe horiek behar bezala jasotzeko orduan, udalek berebiziko zeregina dute, hain zuzen ere, FEMParen baitako saretik abiaturik, hor biltzen eta bideratzen baitira udal-politikak.