FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Palmako alkate Aína Calvok, EUEKi Europako hirien eta eskualdeen ordezkari gisa, lidergo handiagoa ematearen alde egin du


Palmako alkate Aína Calvok, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluari (EUEK) tokiko gobernu eta eskualdeen ordezkari gisa, Europan lidergo handiagoa ematearen alde egin du, erakunde honen 60. urteurrena dela-eta gaur Genevan egin duen mintzaldian. EUEKeko lehendakari-kidea den Calvok kohesio politika EBren helburu iraunkor bihurtzea ere proposatu du eta Kontseiluaren hurrengo bilera Palman izango dela gogorarazi du. Bilera horretan, Europa osoko hainbat udalerritako arduradunek parte hartuko dute.


 
1951ko urtarrilaren 28an, Frantzia, Suitza, Benelux eta Italiako 60 alkatek, «Denak zatitzen ditu estatuak eta denak batzen ditu udalerriak» goiburuari jarraituz, udalerri-sare bat sortzeko lehenengo pausoa eman zuten. Etorkizunean gatazkak saihesteko eta udal-autonomian oinarritutako Europa ideala sustatzeko helburuak batu zituen. Bilera hura Genevako udaletxean egin zuten eta Europako Udalerrien Kontseiluaren (EUK) sorrera ekarri zuen. Urte batzuk geroago, kontseiluari Europako eskualdeak batu zitzaizkion eta EUEK izena hartu zuen.

Gaur, 2011ko urtarrilaren 28an, hirurogei urte geroago, Suitzako hiri berean, are udal-arduradun gehiago bildu dira  -EUEK kontinente osora zabaldu da, eta erakundeko ordezkari gehiago ditu orain (39 estatutako 53 elkartetakoak, tartean FEMPekoak). Europako udalerri eta eskualdeetako mugimenduari etorkizunerako ekarpenak egin dizkiote denen artean, «Nahi dugun Europa, behar dugun Europa» topaketaren barruan.

Aína Calvok, oraintsu erakunde honetako lehendakari-kide eta FEMPeko zuzendaritzako kide hautatua izan denak, EUEKek Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren (FEMP) sorreran (1981) izandako garrantzia gogorarazi du. Hasieratik, FEMP EUEKen Espainiako atala izan da eta, horri esker, Espainiako udalak estatua bera baino lehenago sartu ziren Europan. Alkateak EUEKek Europan udal-autonomia defendatu eta ezartzeko egindako lana aitortu du. Gainera, udalerrien arteko senidetzean eta Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Europako Kartaren ezarpenean bete duen funtzioa nabarmendu du. Azken horren harira, Vicenta Bosch zenari omenaldi hunkigarria egin dio. Bosch Bonrepós i Mirambelleko alkate izan zen eta EUEKen barruan aipatutako karta egitea sustatu zuen.
 
Aína Calvok Europako eraikuntzaren etorkizunari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du, eta EUEKen geroa honako lau zutabeetan oinarritzea proposatu du: kontseiluak Europako erakundeen artean lidergoa izatea, udaletako eta eskualdeetako ordezkari gisa; kohesio politika Europako Batasunaren helburu iraunkor bilakatzea, eta 2020rako estrategiara ez mugatzea; hazkunde eta etorkizun iraunkorrak bultzatzea; eta, azkenik, EUEK udalen eta eskualdeen arteko ezagutza eta truke zentro bihurtzea: «Gure kide guztientzat esperientzien eta jardunbide egokien elkartrukeari dagokionez udal-jakintzaren erreferentzia puntu bilakatzeko asmoa dugu. Horretarako, sarean lan egitea eta teknologia berrien erabilpena ezinbestekoak dira».
 
Aína Calvo partaide izan den mahai-inguruan, «60 urtez Europaren eraikitzaileak… eta aurrera begira» izenekoan, Eskualdeen Batzordeko lehendakari Mercedes Bressok eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko lehendakariorde eta gaur egun eurodiputatu den Jan Olbrycht ere izan dira. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko presidente eta Stuttgarteko alkate Wolfgang Schusterrek eman dio amaiera topaketari, gaur arratsaldean bertan.