FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Hiriek Planetaren Orduarekin bat egin dute


Datorren larunbatean, 20:30etatik 21:30etara ordubete argirik gabe emango dute Espainiako hiriek planetaren alde, FEMPek egindako deiari erantzunez. Ekimena mundu osoan sustatu dute erakunde ekologistek. Hirurogei minutuko itzalaldia hiriguneetan eta hirietako eraikin zein toki enblematikoetan egingo dute. Ekimen honen bitartez, Espainiako hiriek erakutsiko dute klima aldaketaren borrokan zer konpromiso duten.


 

Espainia osoko udaletxeak eta plaza nagusiak, katedralak, museoak eta eraikin historikoak ilunpetan geratuko dira datorren larunbatean, 20:30etatik 21:30etara bitartean. Orotara mila gune baino gehiago utziko dituzte argirik gabe Espainiako ia 200 udalerritan. Hiri horiek www.horadelplaneta.es webgunean adierazi eta sinatu dute ekimenean parte hartuko dutela.  Probintzietako hiriburuak eta neurri guztietako udalerriek erantzun diote deialdiari, eta, hala, eraikin enblematiko batzuetako argiak itzaliko dituzte. Ekintza sinboliko honen eta beste hainbaten bidez, klima aldaketaren kontrako tokiko konpromisoa berretsiko dute: haurrentzako jokoak, lasterketak, manifestu-irakurketak, musika-kontzertuak, kirol-ekitaldiak, hitzaldiak, konferentziak eta beste hainbat jarduera itzalaldiaren indargune gisa daude aurreikusita.

 

Mundu osoan 130 herrialdetako 4.000 hirik baino gehiagok emango diote babesa Planetaren Orduari, eta hainbat eraikin ilunpetan utziko dituzte historiarako; esate baterako, Dubaiko Burj Khalifa, New Yorkeko Times Square, Parisko Eiffel dorrea edota Sidneyko opera, baita Las Vegaseko kasino esanguratsuenak ere.

 

Planetaren Orduak 2008tik klima aldaketaren kontrako konpromiso globala erakustea du helburu, eta mundu osoko pertsonei eta erakundeei egin diete deia planeta ordubetez ilunpetan uzteko. Ekimena Sydneyn abiarazi zuten 2007an. Urte hartan, 2,2 milioi pertsonak klima aldaketaren kontrako aldarrikapen-ekintza batean argiak itzali zituzten.