FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

2011-2013 aldirako aurrekontu-egonkortasunaren helburua onetsita


Ministroen Kontseiluak 2011-2013 aldirako aurrekontu-egonkortasunaren helburua eta Estatuaren 2011ko aurrekontuetarako gastu ez-finantzarioaren muga onetsi ditu. Helburu horietan gauzatu da Gobernuak eta administrazio publiko guztiek hartutako konpromisoa, hots, Europako Batzordeak ezarritako helburuak betetzea 2013an, %3ko defizit publikoa edo txikiagoa aurkeztuz.


Jarraibide horretan ezarritakoaren arabera, defizit publikoa 2009an BPGaren %11,2 izatetik 2010ean %9,3 izatera igaroko da; 2011n behera egingo du %6raino; 2012an %4,4raino; eta azkenik %3ra jaitsiko da 2013an.
Administrazio Zentralari dagokionez, 2010. urterako %5,9ko defizita aurreikusten da, baina %2,3ra murriztuko da 2011n; %3,2ra igoko da 2012an; eta behera egingo du, azkenik, %2,1era jaitsiz 2013an. Autonomia erkidegoetarako estimazioek %3,1eko saldo negatiboa ematen dute 2010erako, %3,3koa 2011rako, %1,3koa 2012rako eta %1,1ekoa 2013rako.
Toki erakundeei dagokienez, %0,6ko defizita kalkulatu da 2010erako, %0,8koa 2011rako, %0,3koa 2012rako eta %0,2koa 2013rako. Gizarte Segurantzari BPGaren %0,2ko saldo positiboa kalkulatzen zaio 2010erako eta %0,4koa gainerako hiru urteetarako.
Horiek horrela, argitu beharra dago 2010eko eta 2011ko defizitaren zenbakiak, batez ere Estatuarenak eta autonomia erkidegoenak, baldintzatuta daudela lurralde administrazioek 2008ko eta 2009ko ekitaldietan dituzten likidazio negatiboen ondorioz. Itzulketa horiek, 2008ko ekitaldiari dagokionez, zazpi milia milioi eurotik gorakoak izango dira, eta 2009ko ekitaldikoak, berriz, hogeita bost mila milioi euro inguruan ibiliko dira.
Estatuaren gastu ez-finantzarioaren muga
 
2011-2013 aldirako aurrekontu-egonkortasunaren helburuaz gainera, erabaki da Parlamentura igortzea Estatuaren 2011. urterako gastu ez-finantzarioaren muga. Kontuan izanik datorren urterako kalkulatutako diru sarrerak, Kontabilitate Nazionalean, 104.539 milioi eurokoak direla, Estatuak BPGaren %2,3ko defizita lortu nahi duela eta Kontabilitate Nazionalean 21.186 milioi euroko doikuntzak badirela, gastuaren muga, Kontabilitate Nazionalean, 150.056 milioi euro izanen da.
Diru kopuru hori, ordea, ezin da 2010ekoarekin alderatu, autonomia erkidegoak finantzatzeko sistema berriaren ondorioz gastuen aurrekontua txikiagoa izango baita, Nahikotasun Funtsa murriztearekin batera. Horregatik, eta konparazio homogeneoa egin ahal izateko, autonomia erkidegoen eta toki erakundeen finantzatzeko sistemen ondoriozko gastua ezabatu behar da.
Doikuntzak egin ostean, 2011rako gastu ez-finantzarioaren muga 122.256 milioi eurokoa izango da; hau da, 2010eko aurrekontuaren aldean % 7,7 jaitsiko da modu homogeneoan