Alderdi politikoak adostasunaren alde agertu dira toki-araubideari eta finantziazioari buruzko erreformari heltzeko
Eztabaidaren gai nagusia FEMPen Tokiko Gobernu Egokiaren Kodea izan da, eta partaide izan ditu Pedro Sánchez, PSOEren aldetik, Juan Manuel Moreno Bonilla, PPkoa, Joan Ramón Casals, CiUkoa eta Encarna Páez, IUkoa.
Denek adierazi dute Tokiko Gobernu Egokiaren Kodea, FEMPek duela gutxi onartua, abiapuntu ona dela gardentasunean, kudeaketa egokian eta partaidetzan sakontzeko, gerora legeetan jaso daitezkeen beste alderdi batzuekin batera.
Villanueva de Tapiaseko alkate Encarna Páezek adierazi zuen udalen arazorik handiena finantziazioa dela, ezin direlako eskumenak ezarri finantziazio nahikorik gabe; gainera, Konstituzioak jasotzen duen tokiko autonomiaren printzipioa ere aipatu zuen, eta adierazi zuen bere iritziz Gobernuaren Errege Dekretuak, zeinak udalei debekatu egiten baitie 2011n epe luzerako kredituak eskatzea, urratu egin duela printzipio hori.
IUko ordezkariak hizpide izan zuen, halaber, politikoen ospe-galtzea, bereziki tokikoena, eta horri aurre egiteko, ordainsariak Estatu osorako lege baten bidez arautzea proposatu zuen, eta konfiantzako kargudunen kopurua arautzearen alde ere agertu zen.
Alkateak demokrazia parte-hartzailea defendatu zuen udalerrientzat, eta kudeaketa gardenaren alde agertu zen, “udaletan ezin delako opakutasunik egon”. Azkenik, tokiko politikaren feminizazioaren aldeko alegatua egin zuen.
Molins del Reiko alkateorde eta CiUko udal politikarako idazkari Joan Ramón Casalsek oinarrizkotzat jo zuen modu eraginkorrean kudeatzea eta udalerrien eguneroko jardunean etika sartzea. Erantsi zuen udalerri guztiek ez dutela gaitasun berbera modu eraginkorrean kudeatzeko eta, ondorioz, FEMPek, arauen garapenean, laguntza eman behar duela txikienek nahikoa baliabide izan dezaten.
Casalsek beste gai batzuk ere aipatu zituen sakontzeko, adibidez, “hurbiltasuna”, tokiko politika jendeari hurbiltzeko, zerrenda bozkatuenak lehenestea edo zerrenda irekiak aurkezteko aukera aztertzea udalerri batzuetan biztanle-kopuruaren arabera.
Tokiko hautetsien soldatei buruz, legez arautzea proposatu zuen, FEMPeko Kodeak ezarritako irizpideen arabera; tokiko esparruan konfiantzako kargudunen kopurua arrazionalizatzea ere planteatu zuen.
Tokiko Gobernuari buruzko Lege berriari dagokionez, adierazi zuen “oinarrien legea” izan behar duela eta autonomia-erkidegoek garatu behar dutela zeinek bere lurralde-esparruan, autonomia-erkidegoek berek erabaki behar baitute nolako toki-administrazioa nahi duten.
Partido Popularreko toki-politikarako koordinatzaile Juan Manuel Moreno Bonilla jaunak, bere hitzaldiaren hasieran, adierazi zuen ezin direla alkateak eta zinegotziak kriminalizatu, “Espainiako klase politikoaren onena ordezkatzen” dutelako. “Ordainsari ekonomikorik ez duten arduradun politikoak dira gehienak, eta beren herrikideak zerbitzatze hutsagatik egiten dute beren lana” esan zuen.
Bonillak “funtsezkotzat” jo zuen FEMPen Gobernu Egokiaren Kodea, eta “beste administrazio batzuentzako eredu izan beharko lukeela” gaineratu zuen; toki-administrazioaren arauen eta prozeduren tramitazioa erraztearen alde ere agertu zen. “Kontratazioa Ikuskatzeko Batzordeak nahitaezkoa izan behar luke, eta oposizioko zinegotziren batek izan beharko luke buru”.
PPko ordezkariak erantsi zuen beharrezkoa dela Toki Araubidearen Oinarrien Legea eguneratzea, baina finantziazio berria ere ezartzekotan, bestela “porrotera bidean” geundekeelako.
Azkenik, dei bat egin zien alderdi politikoei “esfortzu” bat egin dezaten autonomia-erkidegoak deszentralizatzeko udalerrien mesedetan. Horretarako, prozesu hori bultzatuko duen Estatuko hitzarmen bat planteatu zuen, “hori bere kabuz egingo duen autonomia-erkidegorik ezagutzen ez dudalako".
Pedro Sánchezek, Diputatuen Kongresuko Lurralde Batzordeko PSOEren bozeramaile-ondokoak, adierazi zuen eskumenak argitzea garrantzitsua dela, baina baita administrazioen arteko lankidetzarako kultura ere, eta horren adierazgarri direla Gobernuak ezarritako funtsak.
Sánchezek udalen diziplina fiskala goraipatu zuen ─”nahiko lukete autonomia-erkidego batzuek berentzat”─, baina erantsi zuen garrantzitsuena zor publikoak eragindako krisiari aurre egitea dela.
Gaur egungo finantziazio-ereduari dagokionez, aitortu zuen “ez dela guk nahi duguna”, nahiz eta “gobernu honi esker, udalei bideratutako diru-kopuruak inoiz ez bezala handitu diren”.
Udalek autonomia-erkidegoen diru-sarreretan duten partaidetzaz (PICAS), esan zuen horixe dela “alderdiek aurrean daukagun erronka nagusietako bat”.
Azkenik, demokrazia esku-hartzaile eta ordezkatzailean sakontzeko beharra azpimarratu zuen, horrela baitago jasota FEMPen kodean, eta oposizioaren fiskalizazio-lana hobetzeko beharra ere aipatu zuen.