Gobernuak eta FEMPek jarduera bateratuak adostu dituzte landa-garapenaren alorrean
Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak eta FEMPek lehentasunezkotzat jotzen dute toki-erakundeen parte-hartzea landa-garapenerako jardueretan. Jarduera horiek jasangarritasun-printzipioei jarraitu behar diete, eta lurraldearen kohesioa bermatu behar dute. Horretarako, bada, lankidetza-hitzarmena sinatu dute; besteak beste, landa-ingurunearen eta hirien arteko harremanen egoera eta joerak aztertuko dituen diagnostikoa egitea aurreikusita dago.
Diagnostiko horretan, besteak beste, demografiari, inmigrazioari, lurzoruaren erabilerari, hirigune- eta landagune- motei eta natura-, kultura- eta paisaia-ondarea babesteko araudiei lotutako alderdiak jorratuko dira.
Halaber, sinatutako hitzarmenean, jaso da udalerri txikien kongresua egingo dela, FEMPek antolatuta. Irailean, Toledon, izango dela aurreikusita dago. Ildo berean, Hiri Txikien Europako Sarean eta sare horri lotutako kongresuan parte hartuko dugu. Kongresu hori Errumanian izango da, 2010. urtearen 2. seihilekoan.
Ministerioaren eta FEMPren arteko lankidetza Landa Sare Nazionalaren eta Landagunearen Garapen Jasangarriari buruzko Legearen jarduera-eremuaren barruan gauzatuko da. Helburua landaguneak ekonomiaren eta gizartearen aldetik duen balioari bultzada ematea da, eta, horretarako, arreta berezia jarriko da 2.000 biztanletik beherako udalerrietan.