Sabadelleko alkatea eta Kataluniako Udalerrien Federazioko presidentea den Manuel Bustosek adierazi zuenez, konfiantza da modu egokian gobernatzeko gakoa. Edozein administrazio publikoren gaineko ardura duenarentzat lehentasunezkoa omen da, une zail hauetan, konfiantza berreskuratzea edota mantentzea. Bere esanetan, herritarren konfiantza irabazteko, haien esanak entzutea bezalakorik ez dago, batez ere euren iritzia emateko biderik ez dutenena; alegia, «atez ate» jo eta herritarrekin harremanetan zuzenean jarriz.
Bustosen ustez, funtsezkoa da alkateak sare sozialetan egotea, «nahiz eta horretarako lanean ordu gehiago eman behar izan», eta konfiantza sortzeko edo, behintzat, mantentzeko zenbait adibide eman zituen. Bere udalerriko Gobernu Batzordean, esate baterako, oposizioko bozeramaile politikoek parte hartzen dute, eta Kontratazio Batzordean, gainera, botoa emateko eskubidea ere badute.
Ildo beretik jo du Iruñeko alkateak ere. Yolanda Barcinaren aburuz, herritarrekin aurrez aurre aritzeak areagotu egiten du haien konfiantza. Bestalde, ez omen dira ahaztu behar teknologia berriak, sare sozialak eta, beste plano batean, «aurrekontu parte-hartzaileak».
Barcina bere udalerriko auzo guztietan izan da eta dauden 700etik gora elkarteetako kideekin egin ditu bilerak. Nolanahi ere, onartu du hala jardutea errazagoa dela herri txikietako alkateentzat.
Bestalde, herritarren konfiantza eskuratzeari begira, aipatu zuen oso garrantzitsua dela udal agintarien soldatak ezartzeko irizpideak bateratzea eta, inoiz edo behin, tokiko hauteskundeetan zerrenda irekien sistema ezartzea.
«Kalitate demokratikoa eta gobernu ona» izeneko jardunaldian, FEMPen egoitzan, tokiko administrazioko ordezkariek, administrazio zentraleko ordezkariek, adituek, unibertsitateko irakasle entzutetsuek eta katedradunek hartu dute parte, gobernatzeko orduan kalitatez, gardentasunez, modernitatez eta kudeaketa kontrolatuz nola aritu behar den aztertzeko xedearekin.
Parte-hartzaileen artean izan dira, besteak beste, Amelia Valcárcel, UNEko katedraduna eta Estatuko Kontseiluko kidea; Eloísa del Pino, Ebaluazioaren eta Kalitatearen Estatuko Agentziako Kalitatearen Behatokiko zuzendaria; Boris Tonhauser, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) kidea; Joan Subirats, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoetako katedraduna; eta José Antonio Marina, filosofo eta saiogilea.Jardunaldia amaitzeko ekitaldian, María Luisa Carcedo izan zen, Ebaluazioaren eta Kalitatearen Estatuko Agentziako (AEVAL) presidentea.