Europako Gizarte Funtsaren 2011ko laguntza-deialdia ireki dute
Europako Gizarte Funtsaren aurtengo laguntza-deialdia argitaratu dute otsailaren 23ko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Guztira 81,58 milioi euro bideratuko dituzte «enplegurako eta gizarteratzerako tokiko ekimenak bultzatzeko hitzarmenak, sareak eta elkarteak sustatzeko».
Laguntza horrek estatuaren eta tokiko erakundeen arteko lankidetza ekonomikoa indartuko du, enplegua sortzeko tokian tokiko beharrei erantzuteko ekimenak eta ekintzak sustatzeko; bereziki, ezinduentzako edo gizarte-bazterkeria arriskuan daudenentzako arreta-zerbitzuen sektorean, gizarteratzea eta ez-diskriminazioa sustatzeko. Halaber, Estatuaren eta toki-erakundeen arteko lankidetza ere indartuko du, enplegurako tokiko hitzarmenak izenpetzeko hitzarmen- eta adostasu-prozesuak sustatzeari dagokionez. Horrez gain, prospekzio-ikerketak egitea ere bultzatu dute laguntzok, guztia ere «tokian tokiko barne-estrategia integratzaileak» erraztuko dituen enplegurako prestakuntzaren beharrak ezagutzeko helburuz.
Deialdian jasotakoaren arabera, lan-munduratzearekin eta gizarteratzearekin lotutako ekintzak dira finantzatzen lagunduko direnak. Ekintza horien helburua, alde batetik, enplegu-eskatzaileei lanbide praktikarako aukera eskaintzea izango da, aipatutako arreta-zerbitzuen arloko prestakuntza espezifiko egokiarekin; bestetik, antzeko aukera eskainiko die lan-merkatuan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten eskatzaileei, hau da, 30 urte baino gazteagoei, 45 urtetik gorakoei eta iraupen luzeko langabeei.
Funts honen bidez enplegua sustatzeko tokiko hitzarmenak ere kofinantzatuko dituzte. Hitzarmen horiek, nahitaez, toki-erakunde bat edo gehiago barne hartu beharko dituzte, bai eta lurraldean esanguratsuak diren eragile ekonomiko eta sozialak ere, toki-erakunde batek koordinatuta.