FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Gobernuak eta FEMPek hitzarmena sinatu dute tokiko karga administratiboak murrizteko


Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoko ministro Manuel Chavesek eta FEMPeko Federazioaren presidente Pedro Castrok lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur toki-erakundeen esparruko administrazio-zamak murrizteko. Helburua administrazio publiko guztietako alferrikako izapideak deuseztatzea da, harik eta 2012an % 30 murriztea lortu arte.


 
  
Hitzarmenak 2009an sinatutakoari jarraipena emango dio, eta arreta berezia eskaintzen dio prozedurak sinplifikatzeari, honako arlo hauetan: enpresen industria-kokapenean, merkataritza-jardueretarako lizentzia eta baimen prozesuetan eta toki-administrazioan inpaktu handiena duten sei prozeduretan (eraginpeko herritar kopuruagatik edota izapide-bolumen handiagatik).
 
Neurri hauei esker, herritarrek administrazioarekin duten eguneroko harremana erraztuko da. Horrez gain, ekonomia dinamizatzen, enpresa-sektorearen lehiakortasuna hobetzen eta enplegua sortzen ere lagunduko dute neurriok.
 
Hartara, beste bultzada bat emango zaio 2008an Gobernuak onartutako Administrazio Kargak Murrizteko Planari. Plan horri esker, orain artean beharrezkoak ez diren administrazio-izapideak gutxitzeko 247 neurri hartu dituzte, eta enpresek zein herritarrek orotara 4.300 milioi euro aurreztu dituztela aurreikusten da.
 
Espainiako Bankuaren, EBren eta ELGEren estimazioen arabera, administrazio-kargek Espainiako barne produktu gordinaren % 4,6 inguru eragiten dute. Horrenbestez, administrazio-kargak % 30 murrizteak 15.000 milioi euro aurreztea eragingo luke; horietatik 10.000 Estatuaren Administrazio Nagusiarenak izango lirateke, eta 5.000 milioi autonomia-erkidegoenak eta toki-erakundeenak.
 
Informazio-trukea
 
Hitzarmen berri honen arabera, Lurralde Politikarako eta Administrazio Publikorako Ministerioak eta FEMPek informazioa aztertzeko eta trukatzeko esparrua sortuko dute, administrazio-kargak murriztearen inguruan. Gobernuak, era berean, informazio-trukerako foroetan federazioko ordezkariek parte hartzeko erraztasunak emango ditu, eta autonomia erkidegoek ere ateak irekita izango dituzte.
 
Ministerioak FEMPen eskura ipiniko du administrazio-zamak sinplifikatzeko metodoa aplikatzeko erreminta informatiko bat, eta federazioarekin batera lan egingo du toki-administrazioek alor honetan egindako jardunbide egokiak eta proiektu pilotuak hedatzeko.
 
FEMPek toki-administrazioa modernizatzeko proiektuak baloratzeko lehentasunak zabalduko ditu kideen artean –batez ere administrazio-zama % 30 murrizteko helburuari dagokionez–. Horrez gain, 2009ko otsailaren 17ko lankidetza-hitzarmena betearazteko toki-erakundeen jardunbide egokiak eta proiektu pilotuak ere zabalduko dituzte. Federazioak, gainera, udalek kargak neurtzeko sistema orokorrerako zer neurri hartu dituzten jakinarazteko konpromisoa hartu du, bere eskumenen eta lurraldearen barruan kargak murrizteari dagokionez, batez ere ekintza horien eragin ekonomikoari lotuta.
 
Proiektu pilotuak
 
2009an sinatutako hitzarmenari esker, Espainiako hamar udalerritan proiektu pilotuak abiarazi dituzte: Elx, Castelló, Logroño, Palentzia, Villalbilla (Burgos), Aledo (Murtzia), Miguelturra (Ciudad Real) Villanueva de la Cañada (Madril), Esplugues de Llobregat (Bartzelona) eta Catarroja (Valentzia). Hitzarmen horren emaitza da, halaber, administrazio-zamak neurtzeko eta murrizteko metodo sinplifikatua ezartzen duen eskuliburua, eta, horrez gain, udal horiek abian ipinitako esperientziak biltzen ditu. Dokumentu horretan hiru lurralde-administrazioetako aditu-taldeek hartu dute parte.