Europar Batasuneko, Latinoamerikako eta Karibeko tokiko arduradunek Estatuburuen V. Goi Bileran parte hartzeko aukera eskatu dute
Adierazpena irakurrita, beraz, II. Foroa amaitutzat eman zen. Bi lan-egun izan ditu, eta Ozeano Atlantikoko bi aldeetako 30 bat herrialdeetako 50 hiritako ordezkariek parte hartu dute. FEMPek eta Gasteizko Udalak antolatu dute II. Foroa, Espainiak Europar Batasuneko lehendakaritza duen seihilekoaren barruan. Foroak, bada, berrikuntzaren tokiko ikuspegiari eta horrek garapen jasangarrian eta gizarte-kohesioan duen garrantziari buruz eztabaidatzeko aukera eman die parte-hartzaileei.
Gasteizko alkate Patxi Lazcozek irakurri zuen azken testua eta honako hau azpimarratu zuen: “Foro honen sustatzaile izan garen elkarteek eta toki-gobernuen sareek adierazi nahi dugu erabateko borondatea eta interesa dugula maiatzean, Madrilen egitekoa den Europar Batasunaren, Latinoamerikaren eta Karibearen V. Goi Bileran parte hartzeko, han biltzekoak diren estatu eta gobernuburuei adierazpen hau eta Foroaren ondorioak helarazi nahi dizkiegulako”.
Tokiko gobernuek eurek eta euren lurraldeek garapen-prozesuetan eta gizarte-kohesioan duten protagonismoa aldarrikatu dute eta, era berean, “gizarte-berrikuntza terminoaren osoko dimentsioa” bultzatzearen aldeko apustua egin dute.Izan ere, Foroaren esparruan, “gizarte-bizitzaren hainbat arlotan onak ez diren egoerei guztien artean erantzuteko gaitasun” gisa definitu da gizarte-berrikuntza. Kontzeptu horrek, beraz, ekiteko gaitasuna eta luzaroan iraungo duen aldaketa eskatzen ditu.
Aldi berean, tokiko ordezkariek tokiko politika publikoetan gizarte-berrikuntza txertatzeko eta kontzeptu hori gauzatzeko beste gobernu-maila batzuekin lankidetzan jarduteko duten konpromisoa jaso da adierazpenean.Halaber, toki-arduradunek tokiko gobernagarritasuna, bi ertzetako tokiko gobernuen arteko lankidetza eta garapen jasangarria bermatzeko ardura hartu dute bere gain.
Horretarako, beraz, gizarte-berrikuntzaren kontzeptua politika publikoei aplikatzea proposatu dute, eta, horren harira, adierazi dute gizarte-berrikuntzak politika egiteko modu baten ardatza izan behar duela.Bestalde, esan dute Foroak etengabeko elkarrizketarako eta hitzarmen politikoetarako gune izan beharko lukeela tokiko gobernuentzat aipatutako eskualde horietan.
Foroaren amaiera-ekitaldian Gasteizko alkate Patxi Lazcozek, Europar Batasunerako zuzendari eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako koordinatzaile Irune Aguirrezabalek eta Villafranca de los Barros alkate eta FEMPren Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko lehendakariorde Ramon Roperok parte hartu dute.