Lau udal saritu dituzte Partaidetzarako Politiken Estatuko I. Foroan
Lehenengo Foroa Injuvek, FEMPek eta Espainiako Gazte Aholkularitzak antolatu dute, eta orotara toki-erakundeetako, gazte aholkularitzetako, gazte elkarteetako eta gazteen esparruarekin lotutako erakundeetako 200 ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte.
Foroan guztira 80 proiektu aurkeztu zituzten gazteen partaidetza soziala sustatzeko helburuarekin, erreminta nagusi gisa IKTak erabilita. Proiektu guztiak maila handikoak izan ziren, eta nabarmentzekoa da udalek egindako ahalegina gazte-politikak gazteen benetako beharretara egokitzeko.
Sariei dagokienez, lehendabizikoa, 15.000 eurokoa, Burgosko Udalak eskuratu zuen, «Musikaren aldeko apustu sendoa, hirian partaidetza sustatzeko» proiektuarekin. Musika-sormena sustatzeko ekimen honetan, hiriko gazteen partaidetza aktiboa saritu dute, jarduera horiek posible egiteko espazioak sortu baitituzte.
Murtziako San Pedro del Pinatarreko Udalak 10.000 euroko bigarren saria eskuratu zuen «Oin-urratsak utziz» proiektuarekin. Bertan, hiriko hiru gazte-elkartek parte hartu dute, eta toki-administrazioaren, elkarteen eta gazteen arteko partaidetza eta harreman sarea sortu dute. Hirugarren saria, 10.000 eurokoa hura ere, Albaceteko Udalak lortu zuen «Informazio-pilulak» proiektuarekin. Informazio-bideoak emango dituzte gazteentzat lehentasunezkoak diren gaien inguruan; esate baterako, enplegua, bekak, diru-laguntzak, aisia eta denbora librea.
Ceutíko Udalak (Murtzia) 5.000 euroko saria irabazi zuen «Multimedia ataria» proiektuarekin. Espazio birtual horretan, gazteek beraiek editatutako eta ekoitzitako multimedia edukiak partekatuko eta ezagutaraziko dituzte.
Bosgarren eta seigarren sariek ere 5.000 euro irabazi zituzten, eta ASDE eta Casals de Joven elkarteetako ordezkariek eraman zituzten, hurrenez hurren. ASDE elkarteari «217Mediaticomanía» proiektua errekonozitu diote; bertan, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak behar bezala eta arduraz erabiltzen irakasteko hezkuntza-jarduerak egin dituzte. Casals de Joven elkarteari dagokionez, berriz, saria «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiako espazio komunitarioak» izeneko proiektuak irabazi du. Proiektuaren helburua IKTak hezkuntza-erreminta gisa erabiltzea da, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden gazteen artean.
Epaimahaiburu INJUVEko zuzendari nagusi Gabriel Alconchel izan zen, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariz osatuta egon zen. Foroan parte hartu zuten, gainera, FEMPeko Gazte Batzordeko presidente eta Torrellaseko (Zaragoza) alkate Mª Pilar Pérez Lapuentek eta Ricardo Ibarra CJEko presidenteak.