Udalerrien Federazioko Extremadurako presidente Ramón Díaz jaunak adierazi zuen badela garaia “beti eskean ibiltzearen aipu beltza gainetik astintzeko; eskumenak definitu eta finantzazio nahikoa emango digun esparru nazional berria exijitu behar dugu”.
Badajozeko Villanueva del Fresno herriko alkateak tokiko araubidearen arloan Extremadurak aurrera nola egin duen nabarmendu zuen, eta, ildo horretan, estatutu bat garatzeko asmoz alderdi politiko guztiek sinatutako hitzarmena ere aipatu zuen. Ramón Díaz jaunak esan zuen Extremadurako estatutua dagoenik munizipalistenetakoa dela, izan ere, besteak beste, oinarrizko erakunde izaera aitortzen dio udalerriari eta udaletxeen partehartzearen mekanismoa ere kontuan hartzen du autonomia-erkidegoen diru-sarreren artean. Gainera, azaldu zuen estatutuak kontuan hartzen dituela bai lurraldearen orekari eutsi beharra eta bai eskualdeko biztanle guztiei zerbitzuak jasotzeko aukera ziurtatu beharra.
Extremadurako testuak (Gorte Nagusian eztabaidatzen ari dira orain) adierazten du FEMP elkarteari, eta ez besteri, aitortzen diola tokiko gobernuekin solasean aritzeko ahalmena, eta eskatzen du estatuaren barruan betetzen duen paper instituzionala errekonozitu diezaiotela. Horrez gain, probintzietako diputazioei aitortzen die “udalerri guztietan zerbitzuak emango direla ziurta dezakeen erakunde bakarra” direla.
Bestalde, Udalerrien Federazioko Valentziako presidente Elena Bastida andreak ere hartu zuen hitza eta, hasteko eta behin, adierazi zuen udalerriek gehiegizko gastuei aurre egin behar izaten dietela maiz; ondoren, autonomia-erkidego horretan onartu berri den tokiko araudi berriaren gako nagusiak jorratu zituen.
Valentziako Tokiko Araubidearen Legea, berak esan zuenez, bide-urratzailea da alderdi juridiko nahiz administratibotik begiratuz gero, beste inon baino lehen, tokiko elkarlan-funtsaren figura osatu duelako; horrez gain, lehenengoz baita ere, mankomunitateen eta kontsortzioen funtzionamendua arautzen du, bai eta, orokorrean, udal-asoziazionismoaren figurak ere, nahikoa baliabide emanez.
Gaineratu zuen legeak zehatz-mehatz arautzen duela herriak nola sortu eta nola banatu, ez, ordea, nola desegin; eta kontu publikoetan herritarren parte-hartzea indartzeari eta kontrol politikoa handitzeari asko erreparatzen diola.
Ikuspegi nazionala hartuta, Alzirako alkateak aipatu zuen “gainditu gabeko ikasgaia” dela tokiko araubidearen premiazko aldaketaren kontua eta tokiko finantzazio-sistema berriarena. Bere iritziz, une honetan ez aurrera ez atzera gaude horretan eta duela urte askotik “leku berdinean gaude”. Helburuak izan behar luke, Tokiko Gobernuaren estatutu berriari eta finantzazio berriari esker, tokiko administrazioak estatuko gastu publiko totalaren % 20 edo % 22 osatzea, Europako herrialde gehienetan bezala.
Tokiko Elkarlanerako Zuzendari Nagusiak, María de los Llanos Castellanos andreak, Tokiko Gobernuaren lege-proiektuak jorratuko dituen zenbait kontu zehaztu zituen. Lege-proiektua irailean aurkeztuko da Parlamentuan; halaxe adierazi zuen, foro horretan bertan, Estatuko Idazkari Gaspar Zarrías jaunak. Lege horri buruz, zuzendari nagusiak adierazi zuen “lanean hasteko testu nahikoa“ izango dela, eta azken emaitza talde politiko guztien “eskuzabaltasunaren eta estatu-ikuspegiaren" araberakoa izango dela; izan ere, luzerako iraungo duen legea izatea da asmoa.
Rafael Jiménez Asencio jaunak, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak, esan zuen benetan premia eta presa dagoela tokiko gobernuari buruzko legedia aldatzeko, nahiz gaurko egoera ez den ez egonkorra ez eta aldekoa ere. Bere iritziz, erreforma honi aurrera bultza egingo dion lidergoa behar da tokiko esparruan, erreforma agenda politikoan sartuko bada.
Irakasleak, autonomia-erkidegoetan gertatzen ari diren estatutu-prozesuak direla-eta, uste du aurrera egin dugun arren, ez dela oso operatiboa aldaketa hori autonomietatik bultzatzea, lurralde bakoitzak bere eredua daukalako eta ezin direlako hedatu, kasu guztietan ez behintzat, esparru nazionalera; alderantziz, oinarrizko legegile baten eskutik etorri behar luke aldaketak.