Ondorengo beste udalerri hauek accesita jaso dute euren proiektuengatik: Alberuela de Tubo-Sodeto (Huesca), La Pola de Gordón (León), Trabanca (Salamanca), Medina del Campo (Valladolid), Elgoibar (Gipuzkoa) eta Órgiva (Granada).
Umbríaseko Udalaren proiektuaren bidez («Minifundioak modu kontzentratu eta iraunkorrean nola kudeatu»), 4.000 lursail txikiren 500 jabe baino gehiago lursail guztiak batera kudeatzeko ados jartzea lortu dute. Ekimen horren bidez, bi helburu bete nahi dituzte: batetik, erabiltzen ez diren lursailek su hartzeko arriskua gutxitzea eta, bestetik, biodibertsitatea, flora eta fauna hobetzea. Lurraldea modu horretan antolatuta, gainera, jabeek euren lursailak erabili ahal izateaz gain, baliabideak hobeto erabiltzen dira, ohiko laborantzak berreskuratzen eta beste batzuk ezartzen.
Tineoko Udalak, bestalde, El Arenero izeneko urmaela berreskuratzeko proiektua aurkeztu zuen. Hektarea inguruko azalera du urmaelak eta 70eko hamarkadan hondar harrobi gisa erabili zuten. Erabilera hori emateari uztean, pixkanaka zabortegi bihurtzen joan zen ingurua, eta legez kanpoko isurketen ondorioz suak hartzen zuen maiz. 2003an, Tineoko Udalak eta Eskualdeko Gobernuak biziberritze lanak hasi zituzten, erabilera publikoko arrantza esparru trinko bihurtzeko asmoz. Udalak hitzarmen bat sinatu zuen bertako arrantzaleen elkartearekin, eta 2006az geroztik elkarte hori arduratzen da ingurua kudeatzeaz. Ekimena berritzailea da, Asturiasko Printzerrian gisa horretako erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen bakarra delako. Urtean 15.000 lagun inguruk bisitatzen dute ingurua eta 6.000 bat baimen ematen dituzte denboraldiko. Kudeaketa ekonomikoa autoaskia da eta lan jardun osoko lanpostu bi sortu dira bertan.