FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPk tokiko finantzazioari eta gobernuari buruzko Kongresuaren mozioa babestu du


FEMPren Batzorde Eragileak, gaur Madrilen bilduta, babestu egin du Diputatuen Kongresuak joan den apirilaren 14an onartutako mozioa, non Gobernuari eskatzen baitzaio oraingo bilkura-aldia amaitu baino lehen, Parlamentura igor dezala Tokiko Gobernuaren eta Administrazioaren Oinarrizko Legea, Tokiko Finantziazioaren Lege berriarekin batera.


Federazioaren zuzendaritza-organo goreneko kide diren alkateek nahi dute lege bi horiek 2011ko urtarriletik aurrera aplikatzen has daitezen, eta, horregatik, erakutsi diote babesa Beheko Ganberaren mozioari, mozio hori bat baitator FEMPk aldez aurretik adierazia zuenarekin.
 
Gogoratuko duzuenez, Kongresuak onartutako mozioak talde parlamentario gehientsuenen babesa eduki zuen, eta guztiak, beren hitzaldietan, bat etorri ziren lege bion premiazko erreformaren beharrizana aipatzean, tokiko gobernuei ziurtatzeko herritarrentzako zerbitzuak egokiro eskaintzeko ahalmena; talde parlamentarioek, era berean, FEMPren papera babestu zuten, erakunde hori bi ekimen parlamentario horiek adosteko eta bultzatzeko orduan solaskide izan dadin.

FEMPko lehendakariak, Pedro Castrok, prentsaurreko batean adierazi zuen akordio hori bera buru duen Batzorde Eragileko kide diren talde politiko guztiek hartu dutela, eta Federazioaren posizioa indartzen duela, Gobernuarekiko negoziazioari begira, eta Espainiako tokiko gobernuen helburuak lortzea ahalbidetzen duela. “Gaur Batzorde Eragilearen bileran gertatu dena bermerik onena da, eta frogatzen du FEMPk beti adostasunetik lan egiten duela”, adierazi zuen.
 
Etxebizitzak birgaitzeko plataforma
FEMPren Batzorde Eragileak, era berean, Gobernua etxebizitzak birgaitzeko sustatzen ari den plataforma berrian sartzeko erabakia hartu du. Jarduera nagusitzat honako hau izango du: herritarrei laguntzeko bulego teknikoen sare bat sortzea. Ekimen hori azkeneko Ministro Kontseiluan onartu zen, eta Etxebizitza Ministerioak bultzatuko du.
FEMPk plataforma horretan parte hartzeko asmoa helaraziko dio Gobernuari, eta, aldi berean, etxebizitzak birgaitzeko planera bideratzen dituen funtsak zuzenean udaletara joatea eskatuko du.
 
Erabaki horien aplikazioari buruzko xehetasunak aztertzeko eta analizatzeko, FEMPk gai bakarreko batzorde eragile bat egingo du, eta Etxebizitza ministroa, Beatriz Corredor, parte hartzera gonbidatuta egongo da.
 
Redtrabaj@ terminalak udaletan
 
Batzorde Eragileak, bestalde, Redtrabaj@ autoinformazioko terminalak guztira 50.000 biztanletik gorako biztanleria duten 50 udalerritan instalatzeko hautaketa-irizpideei buruzko proposamena onartu du. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SPEE) bultzatzen duen web atari horrek zerbitzu-multzo bat eskaintzen die herritar eta enpresei, enpleguaren sorkuntza eta bilaketa arintzeko eta errazteko asmoz, beste zerbitzu batzuez gain, hala nola informazioa eta administrazio-izapideetarako sarbidea.
 
Terminalak instalatzeko, interesa duten udalek FEMPren eta SPEEren arteko lankidetza-akordiora atxikitzeko protokoloak izenpetu beharko dituzte, eta horretaz gain, baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola enplegua kudeatzeko egitura batzuk edukitzea, espazio egoki, seguru eta irisgarri bat prestatzea, eta ADSL motako linea bat aktibatzea, gutxienez 1Mbps-ko edukiera izango duena, datuak konektatzeko eta transmititzeko.
 
Ekonomia Iraunkorraren Legea
 
Bestalde, Ekonomia Iraunkorraren Legearen proiektuaren inguruan, katastro-balioen jakinarazpenaren beste arauketa bat proposatzen du, herritarrei aukera emateko katastro-jakinarazpen horiek bitarteko telematikoen bidez jasotzeko, eta horren ondorioz, beste helburu hauek lortzeko: kostuen murrizketa eta hobekuntzak katastro-datuen aldaketei buruzko prozeduren izapidetzean.

Era berean, eragiketa komertzialetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen 3/2004 Legearen proposamenari dagokionez, FEMPk bere posturari eusten dio: artikulu bat ezabatzeko eskatzen du, artikulu horretan tokiko administrazioan faktura-erregistro bat sortzea ageri baita, eta eskatzen du, betiere, erregistro hori ez dadila indarrean sartu 2013a arte.
 
Hitzarmenak
 
Batzorde Eragileak ontzat eman du 6 akordio berriren edukia, haien artean, Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioarekin izenpetuko diren biena; haietako bat klima-aldaketari buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak egiteko, eta bestea, berriz, bioaniztasunaren zainketaren arloan jarduteko. Bi hitzarmenok hartzailetzat izango dituzte, hurrenez hurren, Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sarea eta Tokiko Gobernuen Sarea + Bioaniztasuna 2010.
 
Berdintasun Ministerioarekin beste hitzarmen bat izenpetzea ere aurreikusita dago, eta horrek aukera emango du FEMPra dirulaguntza bat bideratzeko, tokiko erakundeak pertsonek hainbat arrazoirengatik (generoa, arraza, desgaitasuna, adina, erlijioa edo sexu-orientazioa) jasaten duten bereizkeriaren aurkako politikak gauzatzeko tresna eta irizpideez hornitzeko.
 
FEMPk, gainera, Immigrazioko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan jardungo du aurten izango diren sasoiko migrazio-fluxuen koordinazioko eta gizarte eta lan arloko integrazioko ekintzetan. Besteak beste, honako hauek jasotzen dituzte ekintza horiek: migrazio-fluxu horiek eragindako tokiko korporazioetarako eta sindikatu-antolakundeetarako aholkularitza, laguntza eta jarduteko irizpideak, hala nola biktima diren emakumeentzako udal-ostatuen inbentarioa prestatzea.
 
Babes zibilaren arloan, ANEPPCErekin lankidetzan, larrialdietako espezialisten elkartearekin, jardungo du, prebentzioko eta autobabeseko lanetan herritarrek duten parte-hartzea bultzatzeko asmoz. Gainera, Mercasarekin, elikagai-hornidurako merkatu nagusien enpresarekin, udal-eremuko merkataritza sustatuko du, bereziki txikizkako merkatuetan hainbat jarduera eginez, kontsumoko ohitura onak sustatuz eta txikizkako merkatuak hiri-ingurunean integratzea bultzatuz.
 
Wifia udalerrietan
 
FEMPren Batzorde Eragilea CMTren zirkular baten aurreproiektuaz informatua izan da. Zirkular horretan ezartzen dira, hain zuzen ere, zein baldintzatan eskaini ahal izango dituzten administrazio publikoek komunikazio elektronikoen zerbitzuak, eta, besteak beste, aurreikusten da udalek Wifi zerbitzu doakoak eskaini ahal izango dituztela, baldin eta estaldurak bizitegiak salbuesten baditu eta gehienezko abiadura 256 Kbps-koa bada.
 
Testuan jasotzen denez, udalek Interneterako sarbide-zerbitzua eskain dezakete, mugagabea eta doakoa, beren web orrialdeetara mugatua, eta Interneterako sarbideko zerbitzu orokorra liburutegietan eta irakaskuntzako edo heziketa-kulturako jardueretako zentroetan.
 
María Antonia Pérez, Bioaniztasun Sarearen lehendakari berria
 
Guadalajarako Diputazioko lehendakaria, María Antonia Pérez León, FEMPko Tokiko Gobernuen Sarea + Bioaniztasuna 2010 lehendakari izateko proposatu dute. Postuan ordezkatuko du Jaengo Diputazioko lehendakaria, Felipe López, huraxe izan baita sare horren buru 2007an eratu zenetik, eta orain bi karguok utziko ditu, Andaluziako Juntaren gobernu-ordezkariaren zereginak betetzeko Jaengo probintzian.
Sarearen lehendakari berria antolakunde handi baten buru izango da, hiru urte eskasean 214 toki-erakundek osatzen dutena, udalen eta probintziako diputazioen artean, eta 21 milioi biztanletik gorako guztizko biztanleria hartzen duena. Izendapena Sarearen hurrengo urteko batzarrean egingo da ofizial, eta batzar hori ekinean izango da.
 

28/04/2010

> Ir a la videoteca_x