Udalei argindarraren merkatu librera jotzeko emandako epea urtebete luzatuko da
2011ko urtarrilaren 1etik aurrera erregimen bereziko instalazioen eskuratze sariak eta tarifa zein primak arautzen dituen abenduaren 28ko ITC/3353/2010 Aginduan agertzen den bigarren xedapen iragankorrean zera jaso da, hitzez hitz:
«2010eko abenduaren 31n azken aukerako merkaturatzaile batek hornitzen dituen eta 2011ko urtarrilaren 1ean merkatu libreko hornikuntza kontraturik ez daukaten tentsio altura konektatutako kontsumitzaileek azken aukerako merkaturatzaile berak hornitzen jarraitzeko aukera izango dute 2011ko abenduaren 31 arte, betiere, apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuko 3.3 artikuluan ezarritako salbuespenaren barruan ez badaude.
Bezero horiek azken aukerako merkaturatzaileei epe horretan kontsumitutako argindarragatik ordaindu beharko dioten prezioa azken aukerako tarifaren fakturazioari dagokiona izango da, orduaren araberako diskriminazio eredua aplikatu gabe, eta zenbatekoari % 20 erantsita».
Gogoratuko dugunez, joan den uztailean, udalak eta 10 kilowattetik gorako potentzia kontratatuta daukaten beste bezero batzuk merkatu librera jotzera eta kontratuak berritzeko lehiaketa publikoak deitzera behartzen dituen dekretua indarrean jarri zen. FEMPek ohartarazia zuen udal askok baldintza berri horietan ezin zutela argindar hornidura kontratatu, merkaturatzaileen eskaintza faltagatik eta, kasu batzuetan, merkaturatzaileek enkantean lehiatzeko exijitzen dituzten aginduzko baldintzengatik.
Egoera horren aurrean, FEMPek, bere garaian, enpresa hornitzaileekin eta Industria Ministerioarekin bilera bat eskatu zuen, udalerrien eta enpresen beharrak barnean hartuko zituen irtenbide bat bilatzeko.