FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Udal-zerbitzuak merkataritzako sozietate publikoen bidez kudeatzeko gida


Merkataritzako udal-sozietatearen kudeaketa eta aurrekontu-egonkortasuna ez dira prozesu indibidualak; oso lotuta daude, eta beharrezkoa da koordinazio eta komunikazio eraginkorra izatea korporazioko arduradunen eta sozietatearen administratzaileen artean. Izan ere, elkar-ulertze horren araberakoa izango da, neurri handi batean, zorpetze-maila eta egonkortasunaren helburu hori betetzea.Egiteko hori errazte aldera, Gida bat aurkeztu da gaur Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioan (FEMP), batik bat udaletako idazkari zein kontu-hartzaileei eta enpresa publikoetako zuzendariei zuzendua.


 
Gida azken bi urteotan Finantzazio eta Zorpetzeari buruzko Lan-taldeak egindako analisi- eta gogoeta-prozesuaren ondorio da. Sustatzaile Publikoen Elkarteko (AVS), FEMPeko eta Toki-administrazioko Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Kontseiluko (COSITAL) ordezkariek osatzen dute lan-taldea.
Helburua da merkataritzako sozietate publikoen bidez zerbitzuak eta azpiegiturak kudeatzen diharduten eragileei laguntza ematea eta horien erreferentzia izatea. Horretarako, sozietate horiek egindako operazioek erakundeetan zein jatorriko administrazioetan zer-nolako ondorioak eragiten dituzten zehazteko beharrezkoa den oinarrizko informazioa ematen du, funtsezko gai hauei lotua: zorpetzea, finantzazio-ahalmena eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudia betetzea.
Aurkezpen ekitaldian AVSko presidente Francesc Villanuevak, COSITALeko presidente Eulalio Ávilak eta FEMPeko idazkari nagusi Isaura Lealek hitz egin zuten.
Isaura Lealek adierazi zuen gida honek marko bat sortzen duela merkataritza-sozietateek finantza publikoen iraunkortasuna hobetzen lagun dezaten, bi helbururen bidez:  gastua murriztuz eta eraginkorragoak izanez.Toki-administrazioak eraginkorragoak izango dira –hala esan zuen– gardenagoak izatea, arrazionalizazio handiagoz lan egitea eta sektore publikoetako egitura guztien modernizazio-prozesuak sustatzen jarraitzea lortzen badute.
COSITALeko presidenteak, Eulalio Ávilak, gida plangintza ekonomikorako bitartekoa dela adierazi zuen, eta baieztatu zuen merkataritzako udal-sozietateek beraien egitekoa egokitu beharra daukatela, enpresa publikoa beharrezkoa baita jarduera ekonomikoaren bultzatzaile-lanetan aritzeko eta zerbitzuak zuzenean emateko.
 
Bestalde, AVSko presidenteak, Francesc Villanuevak, azaldu zuen gida hau egiteko abiapuntua bere elkarteak –Espainiako 165 enpresa publiko biltzen ditu, etxebizitza eta lurzoruari lotutakoak– udal-zerbitzuen kudeaketaren inguruan jasotzen zituen zalantzak agiri batean biltzeko beharra izan dela.Horrez gain, adierazi zuen gida zerbitzu-enpresen eta udaletako idazkari eta kontu-hartzaileen 'vademecum' bihurtzea espero zuela.
 
Eremua eta irismena.
Agirian, lehenik eta behin, merkataritzako sozietateekiko dugun iritzia hobetu beharra dagoela azaltzen da, eta, horretarako, eraginkortasun-printzipioa eta legezkotasun-printzipioa bateragarri egin, eta araudia errespetatu behar dira, batez ere langileak kontratatzeko edo hautatzeko orduan. Horrez gain, “erabakigarritzat” jotzen da aurrekontu-egonkortasunaren araudia betetzeko tartean diren eragile guztien sentsibilizazioa, elkarren berri izatea, eta bakoitzari zein erantzukizun eta eskumen dagozkion jakitea.
Ikuspegi funtzionaletik begiratuta, Gidak honako arlo hauek ditu ardatz: zorpetzea, finantza-ahalmena, eta merkataritzako sozietateek eta titulartasun publikoko beste erakundeek aurrekontu-zorpetzeari buruzko araudia betetzea, dagozkien eginkizunak betetzeko orduan. Baina beste arlo batzuetako gaiak ere lantzen ditu, arlo juridikoari edo fiskalari dagozkionak, adibidez.
 
Era berean, modu sistematikoan egituratzen du zerbitzu, ekipamendu eta azpiegitura publikoak kudeatuko dituen erakunde bat hautatu, diseinatu eta martxan jartzeko Administrazioak normalean erabiltzen duen prozesua. Gidan lantzen diren gairik gehienak bete-betean aplikatzekoak dira, ez merkataritzako sozietateetan bakarrik, baita ordenamendu juridikoan jasotako beste kudeaketa-moduetan ere (esaterako, enpresa-erakunde publikoetan edo erakunde autonomoetan).
 
Adibidez, kapituluetako batean sakon aztertzen dira aurrekontu-egonkortasunarekin lotutako gai guztiak. Horretarako, aurrekontu-egonkortasunaren araudia, prozedura eta definizioa bera aztertzen ditu, eta bereziki azpimarratzen du “% 50-aren araua”.Halaber, beste atal bat sozietate publikoen bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa aztertzeko da osorik, giltzarri baita kudeaketa-modu honen eraginkortasuna bermatzeko, eta, batez ere, aurrekontu-egonkortasunaren obligazioak betetzen direla aztertu eta egiaztatzeko.