FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Espainiako hiriek mundu iraunkorrago baten alde hartutako konpromisoa berretsi du Abel Caballerok CONAMA10 biltzarrean


FEMPeko Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sareko presidentea den Abel Caballero jaunak berretsi egin du udalek administrazio guztiekin, sektore pribatuarekin eta, oro har, gizarte guztiarekin lanean jarraitzeko duten asmoa, krisiak hiri bizigarriagoak eta mundu iraunkorragoa lortzeko oztopo izateari utz diezaion. Horixe adierazi du Vigoko alkateak Madrilen izaten ari den Ingurumenari buruzko Biltzar Nazionalean, CONAMA10en


Abel Caballerok lankidetzan aritzeko proposamena luzatu dio CONAMA10 biltzarraren inaugurazio ekitaldian ondoan izan duen Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako ministroari, Rosa Aguilar andreari, sareko elkarlanak lankidetzari dagokionez mundu osoan eredugarria izaten jarrai dezan.
 
Alkateak FEMPeko Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sarearen izenean jardun zuen kongresu honetan. Hala, topaketetako «Orain inoiz baino gehiago» leloa hartuta, adierazi zuen aztertu beharra dagoela lortutako aurrerapenak, zer egiten ari garen eta nora jo nahi dugun.
 
Halaber, esan zuen iraunkortasuna eta klima aldaketa ez dela politikarien, enpresen eta administrazioen arazoa bakarrik. Bere esanetan, guztion arazoa da, eta gizarte osoak inplikatu behar du hura konpontzen.  Adierazi zuenez, udal esperientziek erakusten dute badela oraindik ere ingurumenaren alorrean hartzen diren erabaki politikoen inguruan nolabaiteko mesfidantza kutsu bat.
 
Caballerok onartu du Espainiako alkateek jakin badakitela asko dagoela egiteko, baina aurrerapen handiak egin dituztela hirigintza eredu berrietan eta garraio publikoaren politiketan.
 
Vigoko alkatearen esanetan, ibilgailu elektrikoak garrantzi handia har dezake hirietan garraiobide bezala, eta hiriak sortzeko orduan ardatz izatera iritsi daiteke.
 
Horregatik guztiagatik, bere ustez, hain zuzen ere krisialdi garai hauxe da aurrerapen ekonomiko eta sozialak egiteko abagunea, ekoizpen ereduak aldatzekoa, eta bizitza zein garapena beste modu batean ulertzekoa.
  
Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sareko presidenteak beste honako hauek izan ditu ondoan CANAMA10 biltzarrari hasiera emateko ekitaldian: Rosa Aguilar, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako ministroa; Ana Isabel Mariño, Madrilgo Erkidegoko Ingurumeneko sailburua; Ana Botella, Madrilgo Udaleko bigarren alkateordea; Jorge Samek, Itaipú Binacional-eko zuzendari nagusi brasildarra; eta Gonzalo Echagüe, CONAMA Fundazioko presidentea.
 
Ekonomia berdea
 
Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako ministroak, Rosa Aguilarrek, enplegua sortzeko, klima aldaketaren aurka egiteko eta baliabideak zentzuz erabiltzeko apustua egin zuen, garapen iraunkorra lortzeko bidean.  Hitzaldian, halaber, globalizazio bidezkoa, integratzailea eta iraunkorraren aldeko erantzuna eman beharra dagoela adierazi zuen, eta horretarako ekologian oinarritutako ekonomiaren alde egin behar dela eta enplegu berdea sustatu behar dela.
 
Era berean, ministroak esan zuenez, klima aldaketaren arazoak agerian uzten du garapen iraunkorra lortzeko eredu berri bat premiazkoa dela, etorkizunean baldintza eta aukera hobeak izan ditzagun.  Horretarako, Rosa Aguilarrek iraunkortasun ereduari atxikirik politika aktiboak garatzeko konpromisoa adierazi zuen, batetik klima aldaketaren aurka egiteko, eta, bestetik, bereizkeriaren eta txirotasunaren aurka egiteko.  Puntu horri dagokionez, erakundeen eta kolektiboen parte-hartzearekin duen konpromisoa adierazi zuen. Ildo horretatik, ingurumenaren arloan bidea elkarrekin egiteko proposamena egin die.
  
Rosa Aguilarren hitzetan, etorkizun berriztagarria, garbia eta eraginkorra nahi badugu, 2012rako jarritako nazioarteko helburuak bete behar ditugu, Kyotoko protokoloari jarraituz. Aguilarren arabera, halaber, helburuak betetzeko oinarriak zehaztu behar dira, baliabideak neurriz erabiltzearen garrantzia nabarmendu behar da eta Cancungo Biltzarrean aurrerapenak lortzeko lan egin behar da.  
Azkenik, klima aldaketaren ondorioetako bat ekarri zuen gogora:

biodibertsitatearen galera, hain zuzen ere. Beharrezkoa da, beraz, jarduteko oinarri nazionalak eta internazioanalak ezartzea.  Horrekin loturik, gogorarazi du Espainiak, EBko lehendakaritzan jardun duen bitartean, Nagoyako Biltzarreko negoziazioak bultzatu dituela. Biltzar horretan 193 herrialdek 2011-2020 aldirako plan estrategikoa zehaztu zuten, biodibertsitatea zaintzeko eta modu iraunkorrean erabiltzeko politika globala definitzen duena.