FEMPek arbuiatu eta gaitzetsi egiten ditu Valladolideko alkatearen adierazpenak
FEMPen Batzorde Exekutiboak aho batez arbuiatu eta gaitzetsi ditu Valladolideko alkateak, Javier León de la Rivak, Leire Pajín Osasun, Berdintasun eta Gizarte Politikako ministroari buruz egindako adierazpenak.
FEMPen Batzorde Exekutiboko kideek talde sozialistak aurkeztutako testu bat eztabaidatu dute. Testu horretan, arbuiatu eta gaitzetsi egiten dira alkatearen adierazpenak eta, era berean, FEMPek eta Espainiako tokiko gobernuek gizonen eta emakumeen artean benetako berdintasuna lortzeko lan egiten jarraituko dutela azaldu da, gizarte bidezkoago eta gizatiarragoa eraikitzeko. Talde sozialistak berak eskatuta ez da testuaren gaineko bozketarik egin.
Aldez aurretik, Valladolideko alkateak bere adierazpenak onartezinak eta bidegabeak izan zirela adierazi du, eta barkamena eskatu du argi eta garbi eta irmo.
Testuak Batzorde Exekutiboko kideen iritzia islatzen du, eta bertan adierazten denez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna administrazio publiko guztien helburua da eta berdintasun horrek gizarte bidezkoago eta gizatiarragoa eraikitzeko balioko du. Bide luzea egin da orain arte, eta gero eta gehiago hartzen dugu aintzat emakumeen zeregina gizartearen esparru guztietan.
Eta Valladolideko alkateak, Francisco Javier León de la Rivak, egindako adierazpen guztiz gaitzesgarri horiek zikindu egiten dute lan hori.
Adierazpen horiek ez dute lekurik gizarte demokratiko batean. Gaitasunaren arabera baloratu behar dira pertsonak, ez itxura fisikoaren, sexuaren edo maila sozialaren arabera, gizakiaren berezko eskubidea baita hori. FEMPek gogorarazi nahi du, Berdintasunaren aldeko Europako Gutuna sinatu zuenean, besteak beste, honako hau bermatzeko konpromisoa hartu zuela: udalek, diputazioek, uharteetako kabildoek eta kontseiluek egindako komunikazioetan, publikoetan zein barrukoetan, ahozko zein idatzizkoetan, herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeak direnez, baztertu egingo zirela sexu bateko pertsonak beste sexuko pertsonen gainetik edo azpitik daudelako ideiaren gainean oinarritutako adierazpenak.