Europako alkateek CO2 isurketak % 20 gutxitzeko hitzarmena izenpetu dute
Europako 500 alkate baino gehiagok konpromisoa hartu dute Bruselan, hemendik eta 2020. urtera bitartean, beraien hirietan isurketak % 20 baino gehiago gutxitzeko. Konpromiso hori Europako Batzordearen lehendakariaren, José Manuel Barrosoren, eta Espainiako Gobernuko presidentearen, José Luis Rodríguez Zapateroren, aurrean hartu dute. FEMPko ordezkari gisa Abel Caballero, Vigoko alkate eta Klimaren aldeko Espainiako Hirien lehendakaria, egon zen.
Europako Parlamentuan egin da Alkateen Itun hori eta udal agintariek bertan hartu dute energia aurrezteko, energia berriztagarriak bultzatzeko eta herritarren artean informazio-kanpainak antolatzeko konpromisoa. Itun hori sinatuta, behartuta daude gaur eguneko CO2 isurketak aztertu eta kuantifikatzera, eta publikoki azaldu beharko dituzte finkatutako helburua lortzeko eta martxan jarritako ekintzak ebaluatzeko aplikatuko dituzten neurriak.
Alkateen Ituna urteroko biltzar bat da, Europako Batzordeak 2009an hasitakoa. Aurten, 500 alkatek baino gehiagok bat egin ondoren, 1.600 dira guztira; 36 herrialdetatik datoz eta 120 milioi herritar ordezkatzen dituzte.