FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek eta Gobernuak udalerrietan energia aurrezteko neurriak aztertu dituzte


Industria, Turismo eta Merkataritza ministroa, Miguel Sebastián, eta FEMPeko lehendakaria, Pedro Castro, Ministerioaren egoitzan bildu dira gaur arratsaldean, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko udalek zein neurri har ditzaketen aztertze aldera. Aztertutako neurri horien artean daude kale, errepide eta instalazioetako argi publikoak aldatzea, energia % 42 aurreztea lortzeko, eta administrazioek dituzten ibilgailuen erabilera erdira jaistea.


 
 
 
Bi ordu eta erdiko bileraren ondoren, Castrok epe laburrean gauzatuko diren bi “inpaktu-neurriak” azaldu ditu, Efe agentziak jakinarazi duenez.
 
Lehendabizikoa, kontsumo txikiko argiak instalatzea errepideetan, kaleetan eta instalazio publikoetan (kiroldegi zein bestelakoetan), energiaren kontsumoa % 42 murritz dadin lortzeko.
 
Industria Ministerioak emango ditu argiak, IDAEren bidez eta aurrekontu-baliabideen arabera, eta udaletako mantentze-lanetako taldeak arduratuko dira argiak instalatzeaz.
 
FEMPeko lehendakariak ez du esan aldaketak zenbateko kostua izango duen, baina gogorarazi du E Planari esker udal askok dagoeneko argi publikoak ordeztu, eta kontsumo txikiko bonbillak jarrita dituztela.
 
Bigarren “inpaktu-neurriak”, berriz, laster martxan jartzekoa hau ere, hiru administrazioek –zentralak, autonomikoak eta tokikoak– dituzten ibilgailuen erabilera erdira murriztea da.
 
Bileran, auto pribatua gutxiago erabiltzeko eta garraio publikoa sustatzeko hainbat aukera aztertu dira, baina Pedro Castrok baztertu egin ditu debeku-neurriak.

Debekuaren ordez, herritarren kontzientzia piztu eta garraiobideak koordinatzearen alde apustu egin nahi du FEMPek, gidariak hiri handietan ibilgailu pribatuarekin sar ez daitezen konbentzitzeko.

Castrok azpimarratu duenez, FEMP ez dago autoaren erabilerari tasak jartzearen alde ere; aitzitik, garraio publikoaren prezioak merkatu behar direla uste du, gehiago erabiltzen den heinean.

Eraikin publikoetan sentsoreak jartzea, argia lanean ari diren bulegoetan bakarrik piztu dadin, eta berogailua eta aire girotua gutxiago erabiltzea. Horra FEMPek energia aurrezteko egindako beste proposamen batzuk.