FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Palmako alkate Aina Calvo CMREko presidentekide hautatu dute


Palma Mallorcako alkate Aina Calvo Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CMRE) presidentekide hautatu dute erakunde horren Batzorde Zuzendariak pasa den hilaren 7an Luxenburgon egin zuen bileran. Bilera horretan bertan hautatu zuten, bestalde, presidente berria, Stuttgarteko alkate Wolfgang Shuster hain zuzen ere.


 
Aina Calvo Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioaren Batzorde Exekutiboko kide da eta Federazioaren ordezkari izan zen Luxenburgoko bileran. Calvok Almereko alkate eta Holandako Udalerrien Elkarteko presidente Anne Marie Jorritsmarekin partekatuko du kargua.
CMRE Europako tokiko eta eskualdeko gobernuen elkarte nazionalek osatzen dute eta bere helburua, lurraldeko botereetatik abiatuta, Europako integrazio prozesua, tokiko eta eskualdeko agintarien arteko lankidetza eta, esparru demokratiko baten barruan, tokiko eta eskualdeko autonomia babestea da.
Gainera, udalerriak ordezkatzen ditu Europako Batasunaren eta Europako Batzordearen instantzien aurrean, haien kontsulta organo izaera baitu. FEMP Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren parte da eratu zenetik.
CMREren Batzorde Zuzendaria hainbat gai ari da eztabaidatzen Luxenburgon; besteak beste, 2011rako lehentasunezko lan ildoak. Lan ildo horiek berrikuntzaren sustapenari, iraunkortasunari, Europa kohesionatuari eta Europaren barruan tokiko eta eskualdeetako demokrazia indartzeari buruzkoak dira. Helburu horien harira, hain zuzen, CMRE 2020 Etorkizuneko Estrategiarantz izeneko dokumentua prestatzen ari dira Europako tokiko zein eskualdeko botereen erakunde horren ordezkariak.

Aina Calvok adierazi du etapa berri honetan Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak tokiko zein eskualdeko gobernuen rola aitortzen saiatu behar duela berriz, baita haien parte-hartzea ere Europako politiketan, Lisboako Itunak eta 2020ko Europako Estrategiak jasotzen duten bezalaxe. Alkatearen hitzetan, «Europako eta munduko instantziek aitortuko duten tokiko autonomia sendoaren aldeko apustua egin behar dugu eta CMREk printzipio horri eutsi behar dio, demokraziaren eta tokiko gobernantzaren alde».

Espainiako ordezkaritzak eta Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko presidente berriak proposatuta, erakunde honen Batzorde Politikoaren hurrengo bilera Palman izango da, 2011ko ekainean.