FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Bitarteko toki-gobernuak, oinarrizko zerbitzuak berdintasunez eskuratzeko berme-emaile


Udalerri txiki askotan, probintzietako diputazioek, kabildoek eta uharteetako batzordeek bermatzen dute herritarrak bertan geratzea, eta oinarrizko erreminta dira bitarteko gutxi dituzten tokiko administrazioak modernitzatzeko.


 
 
 
Hala adierazi du FEMPeko idazkari nagusiak, Isaura Lealek, Demokrazia eta Tokiko Gobernua fundazioak antolatuta Bitarteko toki-gobernuen liburu berdea aurkezteko egindako hitzaldian.

Liburu Berdea gaur goizean aurkeztu dute Madrilgo Amerika Etxean, ekitaldi publiko batean, eta bitarteko toki-gobernuek (probintzietako diputazioek, kabildoek eta uharteetako kontseiluek, batez ere) Espainiako instituzioetan dituzten funtzioei, eskumenei eta zerbitzuei buruzko analisia, hausnarketak eta gomendioak egiten ditu.Dokumentua Demokrazia eta Tokiko Gobernua fundazioak prestatu du eta, bertan, Espainiako zenbait unibertsitatetako eta probintzia- eta uharte-korporazioetako adituek lan egin dute.
Fundazioko eta Bartzelonako Diputazioko Presidente Antoni Fogué-k adierazi duen moduan, liburua Espainiako bitarteko toki-gobernuak egiten ari diren lanari buruzko autokritika lasaia da. Liburuak Europar Batasuneko beste herrialde batzuen erreferentzia oso kontuan hartzen du, eta etorkizunean tokiko gobernuek instituzio-sarean egin dezaketen eta egin behar duten lanari buruz hausnartzen du, betiere errealitatera egokituta, argitasunez definituta eta behar bezala finantzatuta.
Antonio Foguék eta Valladolideko Diputazioko presidente Ramiro Ruiz Medranok diputazioen autonomia defenditu zuten, Konstituzioaren 137. artikuluan jasota dagoen moduan. Era berean, adierazi zuten baliabide publikoak eraginkortasunez erabiltzen dituztela erakundeok, eta udal txikiei herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko laguntza eta aholkularitza teknikoa ematen dietela.
Bukatzeko, adierazi zuen komenigarria litzatekeela maila anitzeko instituzio-hitzarmen bat planteatzea, administrazioko maila guztien artean lankidetza-mekanismoak hobetzeko eta zabaltzeko, eta ez tokiko gobernuen artean bakarrik.
Subsidiariotasun-printzipioaren bermatzaileak
FEMPeko idazkari nagusiak baieztatu zuen bitarteko toki-gobernuek lurralde guztietan subsidiariotasun-printzipioa eta funtsezko zerbitzuen eskuragarritasuneko berdintasun-printzipioa aplikatzea bermatzen dutela, baliabide materialak eta langileak ekartzen dituztela, enplegua sortzen eta mantentzen laguntzen dutela eta landa-eremuetako biztanleria murriztea eragozten dutela.Azken batean, pertsonen bizi-baldintzak hobetzea ahalbidetzen dutela adierazi zuen, nonahi bizi direla ere; horretarako, udalerri txikiei emandako laguntza eta sareko lana baliatuta.
Bere hitzaldian, Isaula Lealek gogorarazi zuen probintzietako diputazioek, kabildoek eta uharteetako kontseiluek lan garrantzitsua egin dutela, probintzia bakoitzean udal-eskumenak behar bezala erabiltzea bermatu dutelako, lankidetzaren, hitzarmenen eta laguntza teknikoaren bidez; guztia ere beharrezko zeharkakotasun, gardentasun eta partaidetza kontuan hartuta.
Erakundeok oinarrizko zerbitzuei eusteko egin duten lanari esker, adindunak beren jatorrizko lurraldean geratzea lortu da eta, era berean, gazteenentzako enplegu- eta etxebizitza-aukera berriak sortzen lan handia egin dute. Hala, herrietako biztanleak zahartzeko arazoari nolabait ere aurre egin diote.
FEMPeko idazkari nagusiak bitarteko toki-gobernuen lanaren zenbait adibide eman zituen; hala nola, probintzietako errepideak, suteak itzaltzeko zerbitzuak eta salbamendu-zerbitzuak mantentzea; teknologia berriak zabaltzea; probintzien dinamizazio turistikoa; hiri-hondakinak jasotzea; berdintasun-politikak; droga-mendetasunetarako eta adindunei eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonei arreta emateko probintzietako zerbitzuak; edota landa-eremuetan Mendetasunaren Legea sustatzea.
Idazkariaren hitzetan, zerbitzu horiek guztiak eta beste asko aldundiek, kabildoek eta uharteetako kontseiluek ematen dituzte; guztia ere enplegua sortzeko eta baliabide eskuragarriak eraginkortasunez erabiltzeko ikuspegiarekin, eskala-ekonomiak erabilita.
Isaura Lealek, egiten duten lanaren adibide berezi gisa, FEMP eta IMSERSOren lankidetzari esker taxututako urrutiko laguntza-sarea aipatu zuen. Era berean, E plana eta, geroago, Tokiko Enplegurako eta Jasangarritasunerako Estatuko Funtsa aplikatzeak ekarri zuen erronka historikoan jasotako «laguntza itzela» ere nabarmendu zuen.«Inork ez du zalantzarik. Plan horiek arrakastaz abian jartzea ezinezkoa izango zen horren denbora-tarte laburrean, aldundiek eskakizunak prestatzeko eta kudeatzeko laguntza eta kooperazio juridiko-teknikoa eman izan ez balute, baita proiektuak taxutzeko ere.»
Azkenik, Udal Lankidetzako zuzendari nagusi Llanos Castellanosek adierazi zuen Tokiko Gobernuaren lege-proiektuak, batetik, eskumen gehiago esleituko dizkiela bitarteko toki-gobernuei, eta, bestetik, bermeak emango dizkietela herritar guztiei zerbitzu publikoak berdintasun-baldintzetan eskaintzeko. Guztia ere presentzia publiko handiagoa ematen dieten eta probintzietako gobernuen oposizioaren kontrol politiko handiagoa bermatzen duten mekanismoekin.