Krisiak krisi, hiriek ez diote uko egiten isurketa kutsagarriak murrizteko helburuari
Sareko lehendakariak, Vigoko alkate Abel Caballerok, uste du krisi ekonomikoa ez dela “klima aldaketaren aurkako borrokan tinko ez jarraitzeko aitzakia”, garapen eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko aukera baino. Ingurumen-iraunkortasunak, argudiatu zuen, beti izan ditu oinarritzat aurrezpena eta eraginkortasuna, eta “orain balio horiek onartzeko arrazoi bakarrak ez dira ingurumenekoak, aitzitik, arrazoi ekonomikoengatik ere lekua egin behar diegu gure erabakiak hartzeko prozesuetan”.
Abel Caballerok gehitu zuen horixe dela tokiko gobernuek jarraitu beharreko ildoa. Horregatik, bera buru duen sareak ahalegin handia egingo omen du; saiatuko da lehentasunez behar diren neurriak zehazten, hiri eta udalerrietan gauzatu daitezen, energia eraginkortasunez erabiltzeko eta baliabide naturalei ahalik eta etekin handiena ateratzeko aukera onak dituzten sektoreetan.
Ekintza horien adibide gisa, Vigoko alkateak mugikortasun iraunkorrerako planak aipatu zituen. Horrelako planak egiten dira hiriak hobeto moldatuta eta prestatuta egon daitezen hiritarrentzat, ibilgailu pribatuen erabilera zentzuzkoagoa eta garraio publiko eraginkorragoa tarteko. Aurrekoaren harira, apustu garbia egin zuen ibilgailu elektrikoen erabilera erraztu eta bultzatzearen alde eta “Autorik gabeko agenda” abian jarri eta hedatzearen alde. Hona zer lortu nahi den ekimen horren bidez: tokiko kargu publikoetan ari direnek egun batzuetan ibilgailu ofizialaren ordez garraio publikoa erabiltzea, edo bestelako garraiobideak, baina ez automozioko ibilgailurik.
Ildo berean, adierazi zuen Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sarea erreferentea izan dela Espainiako Gobernuarentzat eta hala izaten jarraitu behar duela klima aldaketaren inguruko gaietan beste herrialde batzuekin egiten dituen negoziazioetan, eta horregatik eurak saiatuko direla Mexikon egingo den klimaren hurrengo gailurrean egoten. Abel Caballerok gogora ekarri zuen Espainia dela Kopenhageko gailurrera udalekin batera joan zen herrialde bakarra.
Vigoko alkatearekin batera jardunaldien inaugurazioan izan ziren Sareko lehen lehendakariorde eta Santanderko alkate Íñigo de la Serna, Rivas-Vaciamadrideko alkate eta Sareko bigarren lehendakariorde José Masa, eta Blanca Rosa Gómez, Torrelavegako alkate eta Kantabriako Udalerrien Federazioko burua.
Santanderko alkatea egunetik egunera nabarmenagoa den klima aldaketaren aurrean zerbait egin beharraz aritu zen bere hitzaldian; eta horretarako bi proposamen egin zituen: lehenik, erremintak eta metodologiak bildu behar direla esan zuen, eta, batez ere, datu baseak eta azterlan zientifikoak, diagnostiko zuzena egin ondoren ekintza egokiak planifikatu ahal izateko, bere islarik argiena tokian tokiko gertaeretan dituen arazo global honen aurrean.
Íñigo de la Sernak lidergo politikoa eskatu zuen behar diren esku-hartzeak aurrera eramateko, eta, bide beretik, Sarearen eginkizuna azpimarratu zuen, tokiko gobernuen ahaleginak batzen dituen erakundearen eredua den aldetik. Klima aldaketari buruzko lan mahaietan diharduten administrazioak Zentrala eta Autonomikoa dira, eta funtsezkoa da udalak ere hortxe egotea, erabakimen handiagoa izatea eta hartu beharreko neurriak abian jartzen parte hartzea.
Proiektu teknikoak
Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sareak etorkizunerako lan plana onetsi zuen batzarrean. Beste jarduera batzuen artean, zenbait proiektu tekniko egingo ditu, tartean “Hirietako mugikortasun iraunkorrerako planen ezarpena” izenburuko txostena, horrelako ekimenak Sareko udalerrietan zenbat garatu diren jakiteko, edo enpresa munduari nola laguntzen zaion enpresetako mugikortasun planak egiten, edo zein den tokiko gobernuen eginkizuna ibilgailu elektrikoen sustapenean.
“Tokian tokiko karbono hustubideak” izeneko txostena ere egingo du, udalerrietan karbono atzipena areagotu eta hobetzeko ekintzetarako proposamenak aurkezte aldera; baita udal hondakindegietako isurketak murrizteko aukerari buruzko azterketa bat ere, eta beste proiektu bat, udalen eraikin eta instalazioetan energia-eraginkortasuna ahalik gehien hobetzeko eta energia aurrezpena sustatzen duten jarduketak lehenesteko.
Urte amaiera arte, gainera, Sareak sentikortze eta zabalkunde jarduerak egingo ditu eta haren ordezkariak buru-belarri arituko dira tokiko iraunkortasunari buruzko nazio mailako foro garrantzitsuenetan. Halaber, Sareak hirietako iraunkortasunaren gaineko jarduketak egingo ditu Ingurumen Ministerioarekin batera, biek sinatu duten lankidetzarako esparru-hitzarmenean ezarri bezala.
Klima aldaketari eta osasunari buruzko jardunaldiak
“Klima aldaketa eta osasuna tokiko ikuspegitik” izenburuko jardunaldiak egin dira Sarearen Batzarraren barruan, FEMPek, Santanderko Udalak eta Ingurumen Ministerioak antolatuta. Helburu nagusia da klima aldaketak gizakien osasunari nola eragiten dion ebaluatzea eta klima aldaketak herritarrengan dituen ondorioak leuntzeko udalek zer egin dezaketen aztertzea.
Hona hemen eztabaidagai nagusietako bat: zerbait egin behar da krisi ekonomikoak udalerrietan bizi kalitatearen galerarik ekar ez dezan eta herritarrek euren ongizatearen alderdi nagusietako batean, osasunean alegia, ondoriorik suma ez dezaten. Jardunaldien aurkezpenean Abel Caballerok esan zuenez, klima aldaketak udalerrietan dituen ondorioak ez dira gutxitzen ekonomiaren atzeraldietan, aitzitik, nabarmenago agertzen dira, batik bat biztanle talde ahulenetan (umeak, zaharrak edo mendekotasuna duten pertsonak)