FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Espainiako udalerrien webguneen irisgarritasuna 6,5 puntukoa da batez beste


Espainiako udalerrietako webguneen irisgarritasuna 6,5 puntukoa da batez beste. Hala adierazi du ONCE erakundeak, udal webguneen Irisgarritasunaren Behatokiak emandako datuetan oinarrituta. Ikerketa horretan, irisgarritasun fisikoari buruz egiten ari diren ikerketan bezala, Espainiako 70 udalerri ikuskatu dituzte, guztira biztanleen % 30 ordezkatzen dituztenak, eta 750 inkesta egin eta 270 adierazle aztertu dituzte


Puntuaziorik altuena jaso duten udalerriak honako hauek dira: Zaragoza (9,03 puntu), Iruñea (8,94 puntu), Madril (8,56 puntu) eta Guadalajara (8,42 puntu).  Beste udal txikiago batzuek, Eibarrek esate baterako, batez bestekoak baino puntu gehiago jaso dituzte.
 
Udalen Irisgarritasunaren Behatokia ONCE erakundearen ekimena da, eta udalerrietako eta hirietako irisgarritasun maila aztertzea du helburu.  Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeak (CERMI), FEMPek eta IMSERSOk hartu dute parte ikerketan, besteak beste hirigintza, eraikin publikoak, garraioa, komunikazioa, teknologia eta herritarrentzako udal zerbitzuen prozesuak aztertzeko.
 
Ikerketaren emaitzak aurkezteko ekitaldian, Lurralde Politikarako Ministerioko Tokiko Kooperazioko zuzendari nagusiak, María de los Llanos Castellanos andreak, adierazi zuen Espainian ahalegin handia egin dutela azkenaldian legegintzaren arloan irisgarritasunari dagokionez, eta goraipatu egin zuen desgaitasuna dutenen erakundeek oztopoen inguruan kontzientziatzeko egiten duten lana.  Gobernuak udalentzako duen diru funtsari dagokionez, adierazi zuen 120 milioi euro bideratu dituztela irisgarritasun fisikoa hobetzeko eta 500 milioi euro irisgarritasun teknologikoa hobetzeko.
 
Esfortzua ez da legegintzaren arloan bakarrik egin.  Ikerketak erakusten duenaren arabera, udalek ere ahalegin handia egin dute, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko webguneen irisgarritasunari dagokionez.  ONCE Fundazioko Irisgarritasuneko zuzendari Jesús Hernández jaunak adierazi zuenez, multimedia edukietan, Flash aplikazioetan eta PDF artxiboetan daude arazo nagusiak.
 
Ekitaldian, beste hauek ere hartu zuten parte: IMSERSOko zuzendari nagusi Purificación Causapié andreak, ONCE Fundazioko presidenteorde Alberto Durán jaunak, eta FEMPeko idazkari nagusi Isaura Leal andreak. Azken horrek goretsi egin zuen Behatokiak egiten duen lana, bere neurketak eta behaketak oso lagungarriak direlako tokiko irisgarritasuna hobetzen laguntzeko eta udal jardunbide egokiak sustatzen dituelako.