Gobernuaren aurreikuspenen arabera, tokiko erakundeek aurrekontu oreka 2014an lortuko dute
2012rako helburuko defizit publikoa % 4,4koa izango da, % 3ra murriztuko da 2013an eta BPGren % 2,1ekoa izatera iritsiko da 2014an, beti ere, Europako Batasunaren Egonkortasun eta Hazkunderako Itunak baimentzen duen tartearen barruan. 2011rako aurreikuspenaren arabera, sektore publikoaren baterako defizita BPGaren % 6ra jaitsiko da, 2010ren amaierako % 9,2ren aldean.
Administrazioa mailaz maila aztertuta, Estatuko administrazio nagusiak, 2012an, aurtengo amaierarako aurreikusita dagoen % 4,8ko saldo negatibotik % 3,2ra iragan beharko du. 2013rako aurreikusita dagoenaren arabera, defizita % 2,1ekoa izango da eta 2014an, aldiz, % 1,5ekoa.
Autonomia erkidegoentzako bide-orriaren arabera, aurtengo desoreka negatiboa % 1,3koa izango da -2009ko autonomien finantzaketa sistemaren likidazio negatiboa egin eta gero, bestela, % 3,3koa litzatekeelako- eta 2012an ehuneko berari eutsiko zaio. Aldiz, 2013an % 1,1ekoa izango da eta % 1koa, azkenik, 2014an.
Tokiko erakundeei dagokienez, aurten % 0,3ko defizita aurreikusita dago (% 0,8koa, 2009ko likidazio negatiboa aintzat hartuz gero) eta maila berean eutsiko dio 2012. Aldiz, % 0,2koa izango da 2013an eta, azkenik, 2014an, aurrekontu orekara helduko da. Azkenik, Gizarte Segurantzari dagokionez, estimazioaren arabera, urtea % 0,4ko superabitarekin itxiko du, eta horrela jarraituko du 2012-2014 hirurtekoan ere.
Estatuaren gastu ez finantzarioaren muga
2012-2014 aldirako aurrekontu orekaren helburuarekin batera, 2012 urterako gastu ez finantzarioaren muga Parlamentura bidali da. Gastu-muga zehazteko, Estatuak datorren urtean izango dituen sarrera ez finantzarioei autonomia erkidegoei eta tokiko erakundeei lagatako zergen zenbatekoa (127.852 milioi euro) kendu behar zaie eta kontuan hartu behar dira Estatuko administrazio nagusiaren helburuko defizita (BPGren % 3,2) eta 2012 ekitaldirako aurreikusitako estatu mailako kontabilitate doikuntzak (8.875 milioi euro).
Aldagai horiek batuta eta, zenbaki horiek konparatu ahal izateko, eskualdeko administrazioen finantzaketa sistemen gastua kenduta, 2012rako Estatuaren gastu ez finantzarioaren muga 117.353 milioi eurokoa da, 2011n baino % 3,8 gutxiago. 2012ri begira, gastu-aurrekontuetatik 38.282 milioi euro bideratuko dira autonomia erkidegoetara eta tokiko erakundeetara.