FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Toki-mailako hezkuntza-kudeaketa hobetzeko hitzarmena


Hezkuntza Ministerioak eta FEMPek lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute; horren bidez Toki Administrazioen hezkuntza-kudeaketa indartzea eta hobetzea dute helburu. Hitzarmena sinatzean, FEMPeko presidenteak, Pedro Castrok, Ministerioari parke teknologikoak ikerketa-zentro aurreratu bihurtzeko proiektu ereduak martxan jartzeko proposatu dio


Hezkuntza ministroak, Ángel Gabilondok, eta FEMPeko presidenteak, Pedro Castrok, izenpetutako hitzarmenaren helburua hezkuntza-jarduera tokiko bizitzan integratzea da, udalek arlo horretan burutzen duten lana aintzatetsiz. Halaber, prestakuntza-jarduerak eta kontsultarako eskuliburuen eta azterlanen argitalpena azpimarratzen ditu, udalerriko politikarien eta teknikarien lana erraztera bideratutakoak.
 
FEMPek eta Ministerioak hezkuntza-politikei buruzko ikerketak eta azterlanak burutzea dute aurreikusita. Horiek adierazleak eta gomendioak egitea ahalbidetzen dute toki-mailan ekimenak sustatzeko orduan udalerriko arduradunek erabil ditzaten. Prestakuntza eta erabakiak hartzen laguntzen eta errazten duten esperientzien trukea ere sustatuko da, jardunaldiak, topaketak, mintegiak edo prestakuntza-ikastaroak antolatuz.
 
Zehazki, eta urte honi dagokionez, Udal Musika Eskolen funtzionatzeko gida bat egitea eta haur-eskolak eraikitzeko eta ekipatzeko eskuliburu bat banatzea aurreikusi da, baita hezkuntzako zinegotziaren gidaliburua eguneratzea ere, 2011n berrargitaratzeko.
 
2010ean ere hainbat jardunaldi egingo dira, FEMPek zein Ministerioak antolatutakoak, helduen hezkuntzari, haur-eskola eta udalerriari, gurasoen eskolari eta eskolako bizikidetzari buruzkoak.
 
FEMPeko presidenteak, Pedro Castrok, hitzarmena baloratu du edukiagatik zein udalek hezkuntzaren arloan betetzen duten egitekoa, askotan legezko eskakizunetatik haraindi, aintzatesten duelako.
 
FEMPeko presidenteak adierazi zuen Espainia bezalako herrialde batean hezkuntza krisialditik irteteko tresnarik onena dela. Hezkuntzan bikaintasuna lortzen ahalegintzea epe luzera saihets ezin daitezkeen onurak ekartzen dituen egitekoa da, etorkizunean lehiakortasuna handitu nahi izanez gero.
 
Pedro Castrok udalek hainbat ekimen abian jarri dituztela azpimarratu zuen, gaur egun erabat finkatuta daudenak eta herritarren artean kontuan hartzen dituztenak, esate baterako, haur-eskolak, udal musika eta dantza eskolak, liburutegiak, trebakuntza pertsonalerako programak, helduen hezkuntza, zerbitzu psikopedagogikoak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola-kirolak eta beste batzuk.
 
Halaber, gogorarazi zuen Hezkuntzaren Lege Organikoak hezkuntza-sistema hobetzeko administrazio guztien lankidetzaren beharra ezartzen duela eta, zehazki, hezkuntza-administrazioen eta tokiko korporazioen artekoa hezkuntza-politika planifikatu eta osatzeko orduan. “Hitzarmen hau hezkuntzara bideraturikoa izango da eta baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko balioko du”, esan zuen.
 
Halaber, Ministerioari eskatu zion orain hainbat hiritan dauden zentro teknologikoak balio erantsia gehitzen duten ikerketa- eta garapen-jarduera bihurtzeko plan ereduak martxan jartzeko.
 
Bestalde, Gabilondo ministroak 8.115 udalerriek hezkuntzan burutzen duten zeregin garrantzitsua aintzatetsi zuen eta gogorarazi zuen, berez, udalek E Planaren babespean burutu dituzten obra gehienak hezkuntzarekin loturiko azpiegituretarako izan direla.