Udalerrietan teknologia parkeak bideratzeko hitzarmena
FEMP eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkarteak (APTE) lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Espainiako udalerrietan zientzia eta teknologia parkeak bideratzea sustatzeko.
Akordioa Pedro Castro jaunak, FEMP elkarteko lehendakariak, eta Felipe Romera jaunak, APTEko lehendakariak, sinatu dute, eta bertan jasotzen denez, zientziaren eta teknologiaren garapena sustatzeko jarduerak aurrera eraman ahal izateko, legedi eta araudietan esaten denaren inguruko informazioa elkartrukatzea eta lankidetzan aritzea aurreikusten da.
Pedro Castrok aipatu zuen hitzarmena sinatzeak ezagutza eta teknologia sustatzeko elkarlanean aritu nahi dela erakusten duela, ziur baitaude teknologia-parkeak “udaletako gobernuen ezinbesteko laguntzaile eta aliatuak direla garapen sozioekonomikoa dinamizatzeko”, hain zuzen ere unibertsitatearekin, ikerketa-guneekin eta enpresekin duten harremanagatik.
FEMP elkarteko lehendakariak azaldutakoaren arabera, kontua “trafikoa bideratzea” da, lankidetzan aritzea parke bakoitza kokatzeko lekurik egokiena zein den zehazteko, eta horrekin batera, lurralde bakoitzean sinergiak eragitea, horren bidez parkeen jardueraren eta inguruko enpresa-guneen arteko elkarreragina sortzeko.
Pedro Castrok esan zuen aipagai duguna FEMPek sinatutako hitzarmen garrantzitsuenetako bat dela, inbertsio ekonomikoekin, ikerketa eta garapenarekin, prestakuntzarekin eta lanpostuak sortzearekin duelako zerikusia.
Gakoa izango den ekintzetako bat legedi eta araudien arloan lankidetzan aritzea izango da, horri esker errazagoa izango baita zientzia eta teknologia-parkeak abiarazi eta garatzea; dena den, beste administrazio publiko batzuekin elkarlanean ere aritu beharko da, parkeok finkatzeko. Era berean, giro egokia sortzen lagundu beharko da, industria-sare “sendo eta berritzailea” eratzeko. Pedro Castrok esan zuenez, ahaleginak elkarrekin egin behar dira, lanpostuak eta aberastasuna sortu eta krisitik indartuta irteteko.
APTEko lehendakariak, bestalde, esan zuen teknologia-parkeak sortzeari dagokionez Espainia herrialde aktiboenetako bat dela; eman zituen datuen arabera, uneotan 46 dira lanean ari direnak, eta beste 40 prestatzeko bidean, 17 autonomia-erkidegoetako hainbat udalerritan kokatuak.