FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Asturiaseko printze-printzesak Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiriak sariak eman dituzte


Asturiaseko printze-printzesak, Manuel Chaves Espainiako hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroa eta Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntzako ministroa, 30 udalerrik lortu dituzten Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiriak sariak emateko ekitaldiaren buru izan dira.


 
 
On Felipek ekitaldi horretan adierazi duenaren arabera, krisiak erakutsi digu berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresek zailtasun ekonomikoko uneak hobeto gaindi ditzaketela.  Esan duenez, «hiri bakar batek ere ezin du ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasuna lortu, zientzia, garapena eta berrikuntza uztartu gabe».  Era berean, I+Garen aldeko apustuak hiriei egiten dien beste ekarpen garrantzitsu batzuk kultur oparotasuna eta nazioarteko prestigioa direla nabarmendu du.
Gainera, krisi ekonomikoak ekoizpen eredua aldatzea ekarri duela nabarmendu du; berrikuntzan oinarritutako eta jakintzaren ekonomia finkatzeko gai den eredurako aldaketa ekarri ere. Eredu horrek aberastasunaren eta lanaren sorkuntza bultzatu behar ditu, haren esanetan.
Printzearen ustez, zientziaren hirien lana aitortzeak «gogorarazten digu Espainiako azken hamarkadetako sormena termino zientifikotan azaleratu dela herrialde osoan».  Dena den, zehaztu duenez, «Espainiak bi arloetan hazten jarraitu behar du, jakinda ikerketa zientifiko eta teknikoak eragin aktiboa daukala ekoizpen prozesuetan, merkatuetan eta hiri-nukleoetako eguneroko bizitzan.».
Bestetik, Zientzia eta Berrikuntza ministroak irabazleei zorionak eman dizkie, «I+Garen aldeko apustua egiteagatik, aldaketaren eta aurrerapenaren aldeko jarrerarekin».  Ildo horretan, saritutako 30 hiriek «etorkizunaren aldeko apustua» egiten jakin dutela nabarmendu du, eta alkateei «hirien eta herritarren beharrei aurrea» hartzeko erabakia eskertu die.  «Sarituen lanak erakusten du berrikuntza jarraitu beharreko bidea dela eta denek jarrai dezaketela», esanez bukatu du hitzaldia.
Hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politikako ministro Manuel Chavesek Gobernuak sektore horretan egindako lana nabarmendu du. Izan ere, tokiko politikaren bitartez «ekonomia lehiakortasuna indartu du».  Hiria herritarrek partekatzen duten espazio publiko nagusia eta globaltasunarekin zein jendearen behar errealekin ongien lotuta dagoena dela baieztatu du.  Era berean, Espainiako udalek 2009 eta 2010eko Tokiko Inbertsiorako Estatu Funtsen proiektuak proposatzeko eta gauzatzeko izan duten ahalmena defendatu du. Ekimen horiek azkar eta ongi gauzatu dituzte eta, beraz, baliabide publikoen kudeaketa egokiaren eredu dira, eraginkortasuna eta gardentasuna bateratu baitituzte.  Era berean, 2010eko Tokiko Enplegu eta Iraunkortasunerako Estatu Funtsean berrikuntzara bideratutako 916 milioi euroak «trukean gizarte garapena» ematen ari direla defendatu du.

Herri sarituak datozen hiru urteetan “Impulso” sarearen parte izango dira eta I+G+B politiken esparruan abantailak izango dituzte. Hiru mailatan banatuta daude sarituak:  20.000 biztanletik beherakoak, 20.000 eta 100.000 biztanle artekoak eta 100.000 biztanletik gorakoak. Maila bakoitzeko hamar herri saritu dituzte.

Zientziaren eta Berrikuntzaren hiria saria udalek I+G+Baren alorrean egin duten ahalegin handiaren eta horrekiko hartu duten konpromisoaren aitortza da, baita tokian tokiko mailatik ekoizpen eredua aldatzeko egin duten ekarpenarena ere.
Talde bakoitzeko alkate batek parte hartu du, gainerako sarituen izenean. Denek beren helburua lortzeko egin duten ahalegina nabarmendu dute, hala nola berrikuntzak garapen ekonomikoan daukan garrantzia.  

Boiroko alkate Xosé Deirak udal txikienen izenean eskerrak eman ditu sariagatik eta enplegu sorkuntza bultzatu eta lan baldintzak hobetuko dituzten berrikuntza proiektuak bultzatzea administrazioen lana dela esan du.  

Bestetik, Cácereseko alkate Carmen Herasek, 20.001 eta 100.000 biztanle artean dituzten herrien izenean, esan du Espainiako ekonomiak iraunkortasunaren, enplegu sorkuntzaren eta biztanleen bizi-kalitatearen ikuspegietatik planteatzen dituen erronkei erantzunak bilatzea hiriei dagokiela eta erantzun horiek berrikuntzaren eta ikerketa zientifikoaren bidez bakarrik aurki daitezkeela. Horregatik, hiri garapenak alderdi horietara zuzenduta egon behar duela gaineratu du.


Azkenik, Valentziako alkate Rita Barberák Gobernuaren ekimena eskertu duen arren, inplikazio handiagoa eskatu dio, administrazio publiko guztien arteko funtzionamendua hobetzeko.  

Ekitaldian, Salamancako Palaciosrubios herriarekin zuzeneko konexioa egin dute. Saritu duten herri txikiena da (490 biztanle) eta biztanleek Internetez baliatzeko daukaten gaitasuna «herritarren bizimodua aldatzen ari da; orain arte, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zuzenean lotuta baitzegoen».
Sari hori hiru urterako da, baina berritu daiteke, hiriek tarte horretan egiten dituzten ekintzen arabera.  Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Sareko (INNPULSO sarea) kide izango direnez, epe horretan, I+G+B politiken esparruan abantaila sorta izango dute.  Ekimen horrek tokian tokiko mailan jardunez Espainiako zientzia eta berrikuntza indartzeko eta sustatzeko aukera paregabea eskaintzen die.
Lehenengo aldi honetan, Tokiko Enplegu eta Iraunkortasunerako Estatu Funtsen kontura proiektu berritzaileak gauzatzeko konpromiso handiena erakutsi duten herriak saritu dituzte.  Hautagaien ebaluazioan Lurralde Politikako Ministerioak ere parte hartu du.
Lurralde Politikako Ministerioak kudeatzen duen funts horren kontura udalek I+G+B alorrean egin dituzten inbertsioak 916 milioi eurokoak izan dira eta horien bidez 7.650 proiektu baino gehiago finantzatu dituzte (proiektu guztien % 30,1).
Udalerri irabazleen zerrenda
Hiru mailetako bakoitzerako hamar udalerri aukeratu dituzte, biztanle kopuruaren arabera (20.000 baino gutxiago, 20.001 eta 100.000 biztanle artean eta 100.000tik gora).   
(Ikus dokumentu erantsia)

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)

Nota

(0.0Kb)