FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek Airearen Kalitatearen Planak prestatzen parte hartuko du


FEMPek Airearen Kalitatearen Planak prestatzen eta garatzen aktiboki parte hartuko du Espainiako Gobernuarekin eta autonomia-erkidegoekin, nork bere eskumenetan, erakundeen arteko lankidetza eta kolaborazioa oinarri hartuta.Horixe da FEMPeko presidenteak, Pedro Castrok, azaldutako konpromisoetako bat, Rosa Aguilar Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko ministroarekin bilera egin ostean.


 
 
Neurria Ministro Kontseiluak urtarrilaren 28an onartutako airearen kalitateari buruzko Errege Dekretuan sartuta dago. Errege Dekretu horrek, besteak beste, ehun mila biztanletik gorako hirietan airearen kalitatearen inguruko planak eginarazten ditu, betiere autonomia erkidegoko eta Estatuko plana kontuan hartuta.

Bileran Ministerioaren eta FEMPen aldebiko lankidetza-esparruei loturiko zenbait gai ere jorratu dira; hala nola, Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sarearen jarduera eta Biodiversidad sarearena. Bestalde, edozer gauza garraiatzeko orduan eta mugitzeko orduan herritarrak ohitura sostengarriak hartu beharraz ohartarazteko kolaborazio-bide berriak ireki dira, hirietako airearen kalitatea hobetze aldera.

Halaber, FEMPen presidenteak Ingurumen ministroari jakinarazi dio zer neurri ari diren hartzen tokiko gobernuak iraunkortasunaren esparruan; konparazio batera, garraio kolektiboa sustatzea ibilgailu pribatuen ordez, mugikortasun jasangarriko planak bultzatzea, zirkulazioa baretzeko neurriak edota udal instalazio eta zerbitzuetan eraginkortasun energetikoa sustatzea.

Halaber, erakunde ofizialen instalazioak eta egoitza administratiboak hirietatik aldentzea ere aipatu du, zenbait hiriren erdialdeetako kongestioa arintzeko.Era berean, munduko zenbait hiritan zirkulazioa murrizteko zer neurri hartu dituzten aipatu du.
Pedro Castrok gure hirietan errealitate bilakatzen ari diren beste jarduera batzuk ere nabarmendu ditu, hots, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak, hiri-garapen berrietako garraio kolektiboaren integrazioa, ibilgailu elektrikoak sustatzea edo garapen jasangarriko irizpideak dituzten planifikazio-tresnak.
Lankidetza-protokoloa
Ingurumen ministroak eta Getafeko alkateak adierazi dute martxoan ingurumen-politikari buruzko lankidetza-protokolo bat sinatuko dutela Ministerioak eta FEMPek, bertan, bi alderdiak «etengabe eta beti» lankidetzan aritzeko jarraibideak ezarriko dituztela.

Gainera, iragarri zuten Gobernuaren eta FEMPen artean beste lankidetza-esparru bat ere sortuko dutela landa-inguruko udalerrietan enplegua sortzeko, batez ere gazteentzat.
Bileraren ostean egindako hitzaldian, era berean, gehien kutsatzen duten ibilgailuek zerga gehiago ordaintzeko aukeraz jardun zuen. Hala, adierazi zuen Gobernuak ez duela zerga gehiago kobratu nahi airearen kalitate txarraren truke, «erantzuna eta konponbidea ez baitira zergak».
Rosa Aguilarrek udalen eta autonomia-erkidegoen eskumenei dien errespetua adierazi zuen. Horrez gain, FEMPek bere kideei kutsadura atmosferikoari aurre egiteko proposatzen dizkien neurrien dekalogoa goraipatu zuen.
FEMPen presidentea pozik agertu zen federazioak Ingurumen Kalitatearen Legea garatzeko Estatuko planetan parte har dezakeelako, eta nabarmendu zuen Ingurumen Ministerioarekin sinatuko den protokolo berriak «udalek plan horietan duten partaidetza instituzionalizatzeko» balioko duela.