FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Eraberritzeak sustatzeko plataforma osatu dute, FEMP tartean dela


Estatuko gobernuak, autonomia-erkidegoek, FEMPek, sindikatuek, patronalaren elkarteek, elkargo profesionalek, finantza-erakundeek, CERMIk eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen ordezkariek, beste batzuekin batera, RHÉ+ Plataforma Soziala osatzen dute; berriki eratu da, eta etxebizitzak eraberritzea erraztu eta sustatzea du helburu.


 
 
Eraikin eta etxebizitzak eraberritu, irisgarritasuna areagotu eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko plataforma (Plataforma RHÉ+) dagoeneko eraikita dauden eraikin eta etxebizitzak eraberritu, eta horien irisgarritasuna areagotu eta eraginkortasun energetikoa sustatzearekin zerikusia duten sektore eta administrazio guztiak bildu nahi dituen foroa da.
Etxebizitza ministroak, Beatriz Corredor andreak, azaldutakoaren arabera, gizarteari ikusarazi behar zaio denon konpromisoa dela eraberritzearen alde egitea, etorkizun iraunkorragoa “hirigintza-eredu jakin bati loturik baitago, dagoeneko eratuta dauden hiri-zatiak berregokitzeko aukera emango duen hirigintza-ereduari, etxebizitzak, eraikinak eta auzoak birmoldatzearen bidez; horrela, gutxiago kutsatzen duten etxebizitzak eta energetikoki eraginkorragoak lortuko dira, zalantzarik gabe erosoagoak izateaz gainera.”
Corredor andreak esan zuen kontua ez dela soilik eraikinen iraunkortasun energetikoa sustatzea, iraunkortasun ekonomikoa ere lortu behar da. Gogorarazi zuen “hirigintzaren arloko berregokitze eta eraberritzeak jarduera ekonomiko ikaragarria dakarrela, eta ondorioz, lanpostuak sortzea ere bai”. Esan zuenez, inbertitutako ehun milioiko, 50 lanpostu baino gehiago sortzen dira, eta hori dela eta, “aukera ekonomiko ikaragarri hori baliatu beharra daukagu”, kontuan izanda Espainian eraikitako eraikinen erdiek 30 urte baino gehiago dituztela.
Ministroak eraberritzeetarako bulegoak izan zituen mintzagai; dagoeneko sortu dituzte hainbat hiritan, eta administrazio guztien elkarlanari esker finantzatutakoak diren arren, arlo pribatuak osagarri gisa jardun dezake. “Bulegook garrantzi handiko eginkizuna daukate, teknikari, enpresa eta herritarrak elkartzen baitira bertan, eta horrek zuzeneko laguntza pertsonalizatu eta gaitua emateko aukera eskaintzen du”.
Bukatzeko, “erakundeen arteko erabateko lehialtasuna” aipatu zuen, autonomia-erkidegoekin eta udalekin koordinatuta ari zirela esateaz gainera, ezinbestekoa baita hori lortu nahi diren helburuak lortzeko.
Plataforma RHÈ+-ren konpromisoak
Eraberritzeko programetan zehaztuta dauden dirulaguntzak obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabete igaro baino lehen ordaintzea.
RHÈ+ homologazioa duten enpresen borondatezko erregistroak sortzea, eraberritzeko obrak egiteko.
Obra txikiak egiteko lizentziak emateko epea gehienez ere hilabetekoa izatea sustatzea; lizentziak bide telematikoak erabiliz azkarrago eman ahal izatea bideratuko da.
Gaiari buruzko web orri bat sortzea.
Langileei, agenteei, teknikariei eta enpresei eraberritzea posible egiten duten teknologia berriei buruz emandako prestakuntza areagotzea.
Eraberritzeko bulego teknikoak sortzea arkitekto, aparejadore eta arkitekto teknikoen elkargoetan, eta elkargo horiek eta udalek egoki iritzitako gune eta auzoetan, eraikinen egoera eta biztanleen bizitza-kalitatea hobetzeko.
 
Plataformako kideak
 
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioa (IDAE), Osasun eta Gizarte Politiken Ministerioa (CEAPAT), autonomia-erkidegoak eta hiri autonomoak, FEMP, CCOO eta UGT sindikatuak, CEOE eta CEPYME patronalak, Profesional eta Langile Autonomoen Batasuna (UPTA), arkitekto, aparejadore eta arkitekto teknikoen elkargoak, Eraikuntzaren Konfederazio Nazionala, MCA-UGT eta FECOMA-CCOO Federazioak, Eraikuntzaren Fundazio Laborala, Eraikuntzako Produktuen Fabrikatzaileen Elkarteen Konfederazioa, ICO, Bankaren Espainiako Elkartea eta Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioa, Erabiltzaile eta Kontsumitzaileen Elkarteen Federazioa, Finken Administratzaileen Elkargoa, Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoa, CERMI eta Gazteriaren Kontseilua.